Ekonomia soziala bai, baina zertarako?

Greziako Thessaloniki hiriaren kanpoaldean dago VIO.ME lantokia. 2011. urtean jabeek abandonatu egin zuten fabrika, irabazi gehiago izateko nahiagatik. Bertako langile askorentzat pentsaezina zen beste lanpostu bat topatzea, eta soluzioa bakarra zen: fabrika okupatzea. Beraiena egin, beren kabuz ekoitzi, familiak salbatu, duintasuna salbatu. 2013tik, xaboi naturalak ekoizten dituen kooperatiba da VIO.ME.

Lantokian bertan ospatu zen “Langileon Ekonomia” topaketa urrian, bereziki Europako esperientzien topaleku izan zena. Ez ziren aurkeztutako guztiak esperientzia arrakastatsuak izan, ez. Hau ez da Disney pelikula bat. Bizitza erreala da. Kapitalismoa da. Baina etorkizuna irudikatu eta eraikitzeko aberasgarriak izan zitzaizkigun guztiak.

Autoeraketari buruz hitz egin zen. Kasu askotan, kapitalaren esanetara dauden epaile, gobernu eta poliziek zapuztu nahi izan duten autoeraketaz.
Kooperatibei buruz ere hitz egin zen. Baina inork ez zuen esan “kooperatibak enpresa hobeak dira” modukorik. Ez. Aldiz, behin eta berriz errepikatu zen kooperatiben azken helburua sistema kapitalista iraultzea dela. Ez gauzak hobeto egitea, baizik eta iraultzea, sistema kapitalista garaitzea.

ESS kongresuan ere halakoak entzun genituen, Bilbon. Are gehiago, hizlari batek galdetu zigun ea zeinentzako ari garen ekonomia soziala sortzen. Produktu “etikoak” kontsumi ditzakeen klase ertainarentzat soilik ari ote gara?

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude