Quantcast

Abe 13

Erresistentziaz harago, alternatibak eraikiz

 

Artikulu gau Gai Monografikoak 52-n argitaratu da: langile klasea eta alternatiben sarea

monografikoa

Zailtasun ekonomikoak aitzakia hartuta batzuetan, ekoizpen arazoak beste batzuetan, edota inongo arrazoirik eman gabe, hainbat lantoki itxi dizkigute urteotan. Lanik gabe utzi gaituzte, errutinarik gabe, ezintasun eta ezinegonean murgilduta. Edo, sinpleki, lantokiak ixtearekin meha-txatu gaituzte. Mehatxatzen gaituzte uneoro. Izan ere, beldurra da kapitalaren tresna eraginkorrenetako bat. Beldurrez nahi gaituzte, edozein lan baldintza onartzeko prest. Lan jardun amaigabeak. Soldata miserableak. Pertsona moduan anulatzea. Gutxiestea. Borrokak eta antolakun-tzak salbatu eta salbatzen gaitu ba-tzuetan. Baina ez beti.

Eta zer egin dezakegu langileok zapaltzen gaituen sistemaren aurrean? Zer egin dezakegu lantokien itxieren aurrean? Erantzun sinple bezain konplexua: antolatu. Gure bizitza proiektua lan mundura ere eraman. Eta fabrikak okupatu. Kapitalak abandonatu edo/eta krudelki erabilitako tresnak gure eskura jarri. Geure eskuekin ekoitzitakoa geure egin. Kapitala bizitzaren menpe jarri.

Aro garaikidean kokatuz gero, berriz, Argentinan 2001eko krisiak bultzatutako okupazioak dira ikur nagusi. Naomi Klein-ek “La Toma” dokumentalean ondo azaltzen duen gisara, enpresaren jabeek lantokia abandonatu ondoren, lantokia okupatzea zen langileek zuten alternatiba bakarra. Izan ere, langabeziagatik prestaziorik jaso gabe, eta beste lanposturen bat lortzeko zailtasunekin, bizitza duina ametsa bakarrik zen. Krisi garaiak ziren ordukoak, eta egungo krisi garaian etorri dira beste hainbat adibide, Grezian zein Italian, kasu.

Enpresen okupazioa langileen mugimenduaren eta autogestioaren garaipenetako bat da. Erresistentziaz harago joatea da, alternatibak eraikitzea. Kapitalaren arauak hautsi, eta langile mugimendu autonomo eta autogestionatu bat sortzea da.

Ezin ukatu enpresa okupatzetik martxan jartzera arteko bidea luzea eta gogorra dela. Kapitalismoaren tresna guztiak martxan jartzen dira (legalak, politikoak, polizialak, komunikabideak…), langileen autogestio eta autonomia zapuzteko ahaleginetan. Kontrolik gabeko erakunde eta eragile sozioekonomiko autonomorik ez du nahi kapitalak (ondo dakigu hori ELA sindikatuan). Horregatik, enpresak okupatu, berreskuratu eta kooperatiba martxan jartzeak erantzukizun eta ahalegin handia eskatzen du; erresistentziatik harago, eraikitzea, sortzea, ere baitelako.

Enpresak errekuperatzeak, bereziki langileen ahalduntzea exijitzen du. Ez soilik enpresa bat kudeatzeko, baita proiektuaren integraltasuna lantzeko ere. Nola egikaritu demokrazia ekonomikoa? Nola lor dezakegu erakundeak (sarri kooperatiba forma hartzen duenak) modu demokratikoan funtzionatzea? Nola bermatuko dugu merkatu kapitalistaren inertzietan ez jaustea? Are gehiago, zer demontre ekoitziko dugu, kapitalismoak ezarritako parametroei aurre egiteko? Galderak asko dira, etengabe buruan izan beharrekoak. Izan ere, eraldaketa sozialaren bila langile mugimendutik jaiotako proiektu kooperatiboek erraz gal dezakete iparra. Adibide franko baditugu inguruan.

Bide horretan, ezinbestekoa dugu jada josten hasi diren (eta garen) sareak indar-tzea. Langile mugimenduak ezin dio izkin egin ekonomia sozial eta alternatiboa bultzatzen duten eragileei, eta ekonomia sozialak ezin du langile klase antolatuari eskutik heldu gabe bidea egin. Langile klasetik langile klasearentzat behar du izan Ekonomia Sozialak.

Gure ardura ere bada erresisten-tziatik harago joan eta alternatibak eraikitzea. Itxi(ko) dizkiguten lantokiak berreskuratuz, gure proiektu propioa martxan jarriz, edota gure bizitzako beste esparrutan eraldaketa bultzatuz. “Bizitza da handiena” mezua ardatz hartu, eta etorkizuna eta oraina geurea dela jabetzea. Eraikitzea. Egikaritzea.

Aza 18

Ekonomia soziala bai, baina zertarako?

Greziako Thessaloniki hiriaren kanpoaldean dago VIO.ME lantokia. 2011. urtean jabeek abandonatu egin zuten fabrika, irabazi gehiago izateko nahiagatik. Bertako langile askorentzat pentsaezina zen beste lanpostu bat topatzea, eta soluzioa bakarra zen: fabrika okupatzea. Beraiena egin, beren kabuz ekoitzi, familiak salbatu, duintasuna salbatu. 2013tik, xaboi naturalak ekoizten dituen kooperatiba da VIO.ME.

Lantokian bertan ospatu zen “Langileon Ekonomia” topaketa urrian, bereziki Europako esperientzien topaleku izan zena. Ez ziren aurkeztutako guztiak esperientzia arrakastatsuak izan, ez. Hau ez da Disney pelikula bat. Bizitza erreala da. Kapitalismoa da. Baina etorkizuna irudikatu eta eraikitzeko aberasgarriak izan zitzaizkigun guztiak.

Autoeraketari buruz hitz egin zen. Kasu askotan, kapitalaren esanetara dauden epaile, gobernu eta poliziek zapuztu nahi izan duten autoeraketaz.
Kooperatibei buruz ere hitz egin zen. Baina inork ez zuen esan “kooperatibak enpresa hobeak dira” modukorik. Ez. Aldiz, behin eta berriz errepikatu zen kooperatiben azken helburua sistema kapitalista iraultzea dela. Ez gauzak hobeto egitea, baizik eta iraultzea, sistema kapitalista garaitzea.

ESS kongresuan ere halakoak entzun genituen, Bilbon. Are gehiago, hizlari batek galdetu zigun ea zeinentzako ari garen ekonomia soziala sortzen. Produktu “etikoak” kontsumi ditzakeen klase ertainarentzat soilik ari ote gara?

Ira 16

Errepidean barna

Sekula ez zait gustatu Formula 1-a. Erruberak eta gasolina gastatzeko modu absurdua iruditzen zait, tinpanoak hautsi eta ingurugiroa kutsatzeko afizio bitxia.
Errepidean emozioa sentitzeko ez da beharrezkoa Formula 1-a. Nahikoa da N-1 eta GI-632 errepideak zeharkatzea. Zuloak. Zikinkeria. Errepide bazterreko belarrak. Putzuak. Eta guztia Gipuzkoako Foru Aldundiaren erabakiz. Ahaldun Nagusiaren eta Bide Azpiegituretako Diputatuaren erabakiz. Izan ere, beraien erantzukizuna da herritarron bide segurtasuna bermatzea. Herritarrona, eta errepidean lanean ari direnena. Beraien bizitza arriskuan jarriz gure segurtasunaz arduratzen direnena.

Abuztuan beste istripu bat izan zuen langileetako batek. Zerbitzu minimoak baino gehiago betetzen ari zen langileetako batek. Zerbitzu minimoak diot, 6 hilabetez greban direlako errepideen mantentze lanetako langileak.
Eta 6 hilabeteko greba ez da 6 hilabetez oporretan egotea. 6 hilabeteko greba oso gogorra da. 6 hilabeteko greban nekea sentitzen da, etsipena. Eta amorrua. Amorrua, Aldundiaren “Pertsonen Gipuzkoan” grebalariez paso egiten delako. Amorrua, komunikabideek greba etengabe ezkutatzen dutelako. Amorrua, grebalarien ordezkapen ilegalak baimentzen direlako.

Niri ez zait gustatzen Formula 1-a. Baina are gutxiago gustatzen zaizkit beraien erantzukizunez ihes egiten duten agintari eta politikariak. #errepideakgreban, #prekarietateariSTOP.

maiatza 27

4 paretetatik harago

Inork ez ninduen zoriondu. Gutxi batzuek ulertu zuten. Horrela hasi nuen ELAko ibilbidea. Eta hala pasa ditut lehen hilabeteak: ingurukoei ulertarazten zergatik utzi nuen kooperatiben mundua, eta nola egin nuen salto sindikalgintzara.

Sindikatu eta kooperatiben arteko lotura estua azaltzen orduak pasa ditut. Prekarietatea egon badagoela esaten. Oso egoera latzak badaudela baita Debagoienean ere. Eta sindikatuak horren kontra borrokatzen duela. Neure soldataren %90a afiliatuen poltsikotatik datorrela, langile prekario eta pobreen poltsikotatik. Hain zuzen ere, prekario horiek dira kooperatiba batzuen jarrera salatzera etorri zaizkigunak. Hitzarmen estatala aplikatu nahi dietela beldurrez esaten digutenak. Orduko 5 euro kobratuko dituztenak.

Mariak beste kooperatiba handi bati buruz itzelak esaten dizkit. Berak telemarketineko azpikontrata batean egiten du lan, baldintza miserableetan. Ahalegin handia eginez, kooperatiba hori defendatzen saiatzen naiz. Baita estatalizazioaren aldeko dagoen kooperatiba ere, ez zirela ondorioez ohartuko arrazoituz. Baina berdin dio. Bihotza erdibituta daukat.

Eredu kooperatiboan sinesten dut. Benetako alternatiba dela uste dut. Baina kooperatibak ezin dira edonola bultzatu. Ez da onargarria bazkideen soldatak bermatzeko esplotazioa erabiltzea. Eraldaketa 4 paretetatik harago doalako. Langile klase osoaren ongizatea delako helburua, ez gutxi batzuena.

Ots 02

Debagoienaz eta teknologiaz

Bakalhau-Blogsoviet biltzarra egin genuen orain dela aste batzuk, Zarauzko Putzuzulo elkartean. Beti bezala, lagunen konpainiaz gozatu (Unai, Gorka, Beñat, Imanol, Artsuaga eta abar luze bat) eta eraldaketa sozialaren bidean dauzkagun erronka eta egitasmoak elkarbanatu genituen. Zibergara-Mokolokom-eko lagunak ere bertan izan ziren, Mikel eta Damian, Bergaran martxan jarri dituzten egitasmoen berri emateko.

Inbidiaz entzun nien zertan ari diren. Sarri aldarrikatzen dugu teknologiak gizartean duen garrantzia, eta Blogsovieten gisara, Bergaran lortu dute jendartea batzea. Eta niri Debagoienako subjektua etorri zitzaidan burura. Bailarak indarrak batzeko duen gaitasunaz.

Arrasate Press eta Arrasate Telebistatik Goiena-ra egin genuen salto, baina egia da bailara egituratzeko tresna bakarrarekin ez dugula nahiko. Tobera ere hor dugu, Bagararen eskutik. Gure Esku Dagon ere bailara mailako sinergiek duten efektu biderkatzailea argi gelditu da. Zeinek daki, beharbada euskalgintzak ere planteatuko du etorkizunean batzea.

Teknologiara itzulita, iruditzen zait bultzatu beharko genukeela Debagoiena mailako egituratzea. Indarrak biderkatzea lortuko genuke. Bagararen eskutik edota nodoak sarekatuz (MU ere hor daukagu!) teknologiari astindu bat emango genioke, Debagoienako subjektua ere, bide batez, indartuz.

Older posts «

loading