Wikipedia 15 urte… zutunik

Urteurrena

Urtarrilean, 15 urte bete ditu Wikipedia onlineko entziklopedia irekiak. Urteak sasoitsu bete ere: 250 hizkuntz desberdinetan idatzita dagoen entziklopediak jasotzen du, hilero, 500 milioi erabiltzaile bakarren bisita; gainera, itzela da pilatu duten artikulu kopuru: 38 milioi sarreretik gora.

Euskarazko Wikipediak ingelesezkoak baina urte batzuk geroago ekin zion bideari. Jaiotze data ofiziala 2001eko abenduaren 6a bada ere, ganorazko artikuluak bi urte geroago hasi ziren sareratzen, hain zuzen ere, 2003ko azaroaren 7tik aurrera. Gaur egun, 230.000 artikulu inguru ditu euskarazkoak. (Hemen, Wikipedia guztien zerrenda, artikulu kopuruaren arabera sailkatuta)

230.00 artikulu asko dira, baina ez nahikoak. Galder Gonzalez (@theklaneh) euskarazko Wikipediako bultzatzailetarikoak dion moduan, “artikulu geografiko asko ditugu, baita animalia ezberdinen artikuluak. Erroboten laguntzarekin Frantziar estatuko udalerri (ia) guztiak sortu genituen. Berdina eginez ornodunen katalogo osoa dugu bertan. Baina oso flojo gaude bestelako gaietan: anatomia, kimika… baita historian ere. Entziklopedia oso bat izan nahi badugu, horra hor erronka handia”. 

Wikipedian bizi izandako pasadizoa

2013an tokatu zitzaidan lan-bidaia egitea San Frantziskora, Amerikako Estatu Batuetara (handik bueltan idatzitako kronikatxoa). Bidaiaren egutegian bazegoen hitzordu interesgarri bat: Wikimedia Fundazioa bisitatzea (Wikimedia da, besteak beste, Wikipedia entziklopedia kudeatzen duen fundazioa). Bertako langileek ederki azaldu zizkiguten hango kontuak: zer nolako arazo legalak izaten zituzten zenbait testu eta irudiekin, beste enpresa teknologikoek egiten zioten jarraipen estua bertako langileak tentatzeko lan-eskaintza hobeekin, boluntario eta ordainpeko langileen artean batzuetan sortzen ziren gatazkak… Baina, oso bestelako kontu batek eman zidan atentzioa Wikipediako egoitza nagusi hartan: bertako langile askok eta askok zutik egiten zuten lan, ez jarrita! Horretarako, erabili beharrean ohiko mahaiak, erabiltzen zituzten erretzaileentzat taberna kanpoetan jarri ohi dituzten mahai altu horietako moduko altzariak.

pie-15748

Ordura arte, inoiz ikusi barik nuen bulego batean halako lan egiteko modurik; harrezkero ere ez zait antzekorik tokatu parean. Wikipediari berari esker jakin dut, ingelesez, standing desk esaten zaiela postu horiei.

Mila esker Wikipedia, eta mila esker editore guztioi!

(Puntua paperezko aldizkarirako idatzitako artikuluaren moldaketa. 2016-02-05)

Oharra: Argazkia Internetetik hartuta dago. Ez da bisita hartan egindakoa.

Post a comment

You may use the following HTML:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>