Tagged: marketin

Kokoteraino ‘Big data’-rekin

Sekulako ahalegina egiten ari dira era guztietako erakundeak eta enpresak kontsumitzaileen gaineko informazioa eta datu zehatzak biltzeko. Izan ere, gure egunerokotasunean sortzen ditugun datu pilo horiek kontuan hartuta eraikitzen ari dira, neurri handi batean, egungo merkatua eta gizarte antolaketa bera.

Nahita edo nahi barik, uneoro, inoizko datu mordoa ematen dizkiegu erakunde horiei guztiei. Geokokapena dela, txartelarekin ordaintzen ditugun erosketak direla, telefonoa eta Internet erabiltzen ditugula edo betetzen/erantzuten ditugun galdetegiak direla, kontua da, datu lagatze jarioak ez duela etenik.

Big data eta marketina amesgaizto bilakatu dira dagoeneko. Horren bi adibidetxo azken egunetakoak. Lehena: Facebook-ek iragarri berri du, “bere zerbitzua eta eskaintza hobetzeko asmoarekin”, eta erabiltzaileak kontrakoa esan ezean, WhatsApp-eko profiletik hartu eta erabiliko dituela zenbait datu, tartean, erabiltzailearen telefono zenbakia. Alegia, aplikazio bateko erabiltzaile zara eta, konturatu orduko, beste bigarren batek ere balitzen ditu zuk lehenari emandako datuak.

Bigarrena: aurreko astean, Orange-ra deitu nuen ADSL eskaintza baten berri jasotzeko. Ezertan hasi aurretik, saltzaileak galdetu zizkidan izen-abizenak, etxeko helbidea, telefono zenbakia eta… nire NAren zenbakia! Bere esanetan, sistemak derrigorrez eskatzen zizkion horiek guztiak eskaintza egin ahal izateko. Ez nion NAn zenbakia eman. Lasaitzeko eskatuz eta tramite hutsa zela erakusteko, berea jarri omen zuen salmentarekin aurrera egiteko. Modu batera edo bestera, eta ADSL zerbitzu hura kontratatu ez nuen arren, bi egun geroago Orangek igorritako esku-orri publizitarioa nuen nire postontzian.

Ez dut zehatz-mehatz gogoratzen zenbat urte dela hasi ziren saltoki gune handiko kobratzaileak kode postala eskatzen kontua ordaintzerakoan. Oso amorragarria egin izan zait beti galdera dontzu hori: “Kode postala, mesedez?” Baina gerora etorri dena ikusita, dagoeneko ia sinpatikoa eta dena egiten zait galderoi. Hasteko, sikiera, gizaki batek aurrez aurre botatzen duelako, eta, bestetik, naif samarra bada ere, norberaren esku dagoelako egia esan ala sortzaile planean jartzea. “Nire kode postala? 11270”.

(Puntua paperezko aldizkarirako idatzitako artikuluaren moldaketa. 2016-09-08)