Tagged: devo

Erositako lehenengo diskoa

Devo-ren diskoarekin

Hil honetan egiten du 33 urte erosi nuela nire lehenengo diskoa. Devo new age musika talde estatubatuarrak kaleratutako bigarren LPa izan zen: Duty now for de future. Supermodernoa zen (eta da)  diskoa hura, ederra!

Diskoan azalean bertan dago idatzita erosketaren eguna: 1979ko abenduaren 26a. Izan ere, Gabon egun haietan erosi genuen etxeko lehenengo disko-jogailua. Balio izan zuen 38.000 pezeta (228 euro). Gogoratzen dut Donostiara joan ginela, anai-arrebok, txangoan, trastu hura erostera. Gipuzkoa plazako denda ezagun batean erosi genuen.

Gogoan dut, gainera, disko-jogailua erosteagatik oparitu zizkigutela 3 disko. Hirurak ikaragarriak:  Bob Dylan-en Slow train coming  (1979) diskoa, Neil Young-en Comes a times (1979) eta Patti Smith-en Horses LPa.

Devo taldearena izan zen erosi nuen lehen diskoa, baina, azkena erosi nuenetik ere denbora asko pasatu da, 6 urte, gutxienez. Izan ere, aspaldi, musika entzuten dut Radio 3-en edo Interneten bidez.