Tagged: 2012

Erositako lehenengo diskoa

Devo-ren diskoarekin

Hil honetan egiten du 33 urte erosi nuela nire lehenengo diskoa. Devo new age musika talde estatubatuarrak kaleratutako bigarren LPa izan zen: Duty now for de future. Supermodernoa zen (eta da)  diskoa hura, ederra!

Diskoan azalean bertan dago idatzita erosketaren eguna: 1979ko abenduaren 26a. Izan ere, Gabon egun haietan erosi genuen etxeko lehenengo disko-jogailua. Balio izan zuen 38.000 pezeta (228 euro). Gogoratzen dut Donostiara joan ginela, anai-arrebok, txangoan, trastu hura erostera. Gipuzkoa plazako denda ezagun batean erosi genuen.

Gogoan dut, gainera, disko-jogailua erosteagatik oparitu zizkigutela 3 disko. Hirurak ikaragarriak:  Bob Dylan-en Slow train coming  (1979) diskoa, Neil Young-en Comes a times (1979) eta Patti Smith-en Horses LPa.

Devo taldearena izan zen erosi nuen lehen diskoa, baina, azkena erosi nuenetik ere denbora asko pasatu da, 6 urte, gutxienez. Izan ere, aspaldi, musika entzuten dut Radio 3-en edo Interneten bidez.

Goiena Komunikazio Taldeko zuzendari berria, Iban ala Joxe?

2012ko urriaren 8an egindako bileran, Goiena Komunikazio Taldeko Errektore Kontseiluak erabaki zuen Iban Arantzabal izendatzea taldeko zuzendari nagusi.

Izendapena publiko egin orduko, beste Aranzabal batek, Joxe Aranzabalek, hain zuzen ere, bere blogean mezua idatzi zuen horren berri ematen: “Iban Arantzabal, Goienako zuzendari”.

Argazkian ikus daitekeen moduan, gaurko paperezko Berria-n bi lagun horien izena nahastu eta albistearen izenburuan jarri dute Ibanen ordez, Joxe aukeratu dutela komunikazio taldeko zuzendari. (Barruko testuan eta sareko bertsioan, zuzenduta dago)

Iban eta Joxe ezagutzen dugunoi, bitxia eta, aldi berean, ulergarria iruditu zaigu nahasmena: biak dira debagoiendarrak, biek dute abizen berdina (“t” baten gorabeheran), biak dira euskalgintzan oso ezagunak, biek dute eskarmentu handia komunikazioan eta herri-komunikabideetan; gainetik, euren artean lagun handiak dira. Normala nahastea!

Hala ba, bioi zorionak: bati izendapenagatik eta besteari, zuzendari ez izendatuta, izango duen bakeagatik!