Super Bowl-a

Egun, futbolak eta pop izarrek biltzen dute jende gehien ordainpeko ikuskizunetan. Normalean, bakoitza bere aldetik joan ohi da, kirola alde batetik eta musika bestetik. Baina badago hitzordu bat industria biak modu harrigarrian uztartzen dituena: Ipar Amerikako Super Bowl-a. Bertan, batzen dituzte futbola –futbol amerikarra, kasu honetan– eta munduko musikari dirdiratsuen kontzertuak. Aurten, Houston-eko NGR Stadium-ean jokatu da partida, eta Lady Gaga izan da protagonista.

Super Bowl-eko Halftime Show-a edo Atsedenaldiko Ikuskizunak irauten du 15 minututxo, eta segurutik tarte hori izango da egun dagoen zuzeneko ikuskizun garestiena eta, aldi berean errentagarriena. Bertan parte hartu duten artisten zerrenda itzela da: Michael Jackson, Beyonce, Rolling Stones, Madonna, Cold Play, Bruno Mars, Red Hot Chili Peppers, Katy Perry… denak, antza, zentimorik ere kobratu barik. Izan ere, behin Super Bowl-ean egonda, nahi duzun tokian eta nahi duzun prezioan jo omen dezakezu.

Halftime Show-ean dena da oso iparramerikarra (gora urdina eta gorria!), demasa eta neurri gabea: artisten aukeraketatik hasita, eszenografia erraldoia, ehunka lagunen koreografia, su festa ikusgarria, argiztapena, soinua, dron mordoa airean, puntako zuzeneko erretransmisioa… eta, esandakoa, hori guztia hasi eta bukatu ordu eta laurdenean. Aurtengo ikuskizunean 10 milioi dolar inbertitu dute –ekonomiari begira eta ikusita egunak ehunka eta ehunka milioiko irabaziak sortu dituela, ezin jarri “gastatu” dutela, ezta?–.

Estadioan bildu ziren 80.000 lagunetik gora. Batez beste, sarrerak balio zuen 6.000 dolar. Bakarrik AEBetan, 112 miloi lagunek ikusi zuten ikuskizuna (kirola+musika+publizitatea) zuzenean telebistatik. Eta, dagoeneko, milioiak eta milioiak gara show-a Internetetik ikusi dugunok. Esaterako, nik ikusitako bideoak zituen 5,5 milioi bisita Halftime Show-a bukatu eta 24 ordu eskasera; orain, 15 egun geroago, bildu ditu ia 26 milioi bisitari.

Telebistatik botatako emanaldia ikustekoa da: gezurra ematen du zuzeneko bat ikusten ari zarenik. Ematen du bideoa dela grabatutako kontzertu bat post-produkzio handiarekin. Eta, ez, zuzeneko emanaldia da. Harrigarria.

A! Lady Gagaren aurretik eta ondoren, New England Patriots (?) eta Atlanta Falcons (?) taldekoak ibili ziren baloi obalatua harrapatu nahian.

(Puntua paperezko aldizkarirako idatzitako artikuluaren moldaketa. 2017-02-24)

Post a comment

You may use the following HTML:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>