Sare sozialen prezioa

Sare sozialek dena aldatu dute, Internet bera ere hankaz gora jarri arte. Egun, gero eta gehiagotan erabiltzen ditugu tresna horiek orain gutxira arte ohiko webgune bitartez egin izan ditugun gauzak egiteko: informazioa sortu eta partekatzeko, albisteak irakurtzeko, bideoak ikusteko, musika entzuteko… Baina, aldaketa handia eragin badute Interneten bertan, zer esanik ez bestelako komunikabideetan, esaterako, paperezko hedabideetan.

Adibide bat. MONDRAGON UNIBERTSITATEko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean, orain gutxira arte, lan-eskaintzen berri emateko erabili izan ditugu ohiko bideak: ordainpeko iragarkiak argitaratu paperezko egunkarietan, gure kasuan, herrialde eta Euskal Herri mailako egunkarietan. Prozesu luze samarra da halakoen kontratazioa: testua ongi idatzi (akatsek ez dute konponketa errazik paperezkoetan!), iragarkia maketatzera bidali, moduluen kontratazioa egin… Hori guztia, iragarkia argitaratzeko egun eta hedabide zehatz batean. Jakina, zenbat eta hartzaile gehiago edo profil desberdinekoak nahi, orduan eta hedabide gehiagotan jarri behar iragarkia.

Eta hori guztia ez da merkea. Bide tradizional hori erabili izan genuen azken aldian, milaka euroko kontua ordaindu egin behar izan genuen. Eta, txarrena, eskatutako ordaindu arren, eguneko egunkarien salmenten beherakadarekin, emaitza ez dago bermatuta. Hala, azken aldi horretan, 30 bat curriculum jaso genituen 15 eguneko epean.

Aspalditxo baina, fakultateak sortzen dituen lan-eskaintzen zabalpena egiteko erabiltzen ditugu gure webgunea eta sare sozialetan ditugun kontuak, bereziki, Facebook eta Twitter.

Adibide bat. Pasa den astean, fakultateko webgunean albiste bat argitaratu genuen: ireki egin dugula lan-poltsa administrazio eta zerbitzuetan lan egiteko. Ba, Facebooken jarritako artikulu horren oharra ia 2.000 lagunek irakurri dute eta 50tik gorako elkarbanatze eta atsegite lortu ditu. Twitterren ere egin du bidea lan eskaintzari buruzko txioak: 200 lagunek egin dute klik botatako txioan eta hainbat aldiz izan da bertxiotuta. Horren guztiaren emaitza izan da 10 egun eskasean, 260 curriculumetik gora jaso ditugu e-mailean. Prezioa: 0 euro.

Halako eta antzeko kontuetarako sekulako abantaila ekarri dituzte sare sozialek. Behin emaitzak ikusita, zein erakunde egongo da prest dirutza ordaintzeko era honetako zerbitzuak kontratatzeko? Ikusi besterik ez dago nola mehetu edo erabat desagertu diren egunkariek larunbatetan argitaratu ohi dituzten/zituzten larrosa kolorezko lan-eskaintzen gehigarri berezi horiek.

(Puntua paperezko aldizkarirako idatzitako artikuluaren moldaketa. 2016-05-20)

2 comments

  1. Imanol

    Azken puntuaren ez nago batere ados. Merkeagoa dela ezin ukatu, baina kostua ezin da 0 eurotakoa izan. Kontuan hartzen ez den lan bat ago atzetik. Sare sozialak kudeatu eta jarraipen bat begin behar zaio.
    Testua idatzi, zuzentzaileak berrikusi eta zuzendu albistea ilustratzeko zein argazki egokiena aukeratu edo/eta atera eta unibertsitatearen sare sozialak kudeatu. Demagun pertsona bakar batek egiten duela prozesu guztia eta bere jarduneko ordu bat inbertitzen duela. Hortxe kostua.

  2. Goio Arana
    Goio Arana

    Imanol, ados. Ekoizpenaren gastuak egon badaude, jakina.

    Ni batez ere ari naiz hedapenak duen kostuari buruz. Eta, bereziki lotuta prezio horiek ordaindu eta gero lortu izan ditugun emaitza kaskarrekin.

    Gero, jakina, badira lan eskaintzen atari horiek guztiak (Infojob eta enparauak), baina guk horiek ez ditugu erabili izan.

    Segi ondo, Imanol!

Post a comment

You may use the following HTML:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>