Gertutasunaren tristurak

Ohitura dut begiratzeko Goienak Interneten argitaratzen dituen eskelak. Konturatu naiz gainera, azken urteotan, lehen baino kasu handiagoa egiten diodala informazio mota horri. Beste ale batetik, onartu behar dut Jaiotzak atalari ez diodala hainbesteko harretarik jartzen: aitortzeko gogor samarra da, baina, normalean, oso zaharrak ez badira behintzat, ezagunagoak egiten zaizkik hildakoen zerrendan agertzen direnak, jaioberrien atalean azaltzen diren guraso gazteak baino. Adinaren kontuak.

Oraingo astean, ostera, sekulako zirrara jaso dut aipatutako bi atal horien errepasoa egiterakoan: astebeteko aldearekin, debagoiendar bera agertu da bietan.

Horrela izan da: zazpi egunen bueltan, birritan ikusi dugu Jorge Salazar oñatiarra Goiena.net-en. Lehenengo aldia izan zen pasa den astean, orduan, ibarreko bikote gehienek egiten duen moduan, Arantzazu Igarzabalek eta Jorgek Salazarrek aurkeztu egin zuten herriaren aurrean Irati, euren alaba jaioberria. Bigarren aldian, ostera, Jorgeren eskelan izan da: hilaren 24an hil zen gazte oñatiarra Bilbon izandako moto istripu batean.

jaiotza-hildakoa-biak

Edozein aldetik begiratuta ere, kointzidentzia gogorra eta tristea.

Berehala etorri zait burura, era horretako bat-etortze gogorrak, gertuko prentsan gertatu ohi direla bakarrik: Goienarena moduko prentsa mota hori non ume jaioberri bat albiste (pozgarria) den, eta, neurri berdinean, herritar baten heriotza berri (tristea) bilakatzen den. Nekez gerta daiteke antzekorik hedabide handi batean, ez behintzat, hildakoa edo jaioberria pertsonaia ezaguna ez bada.

Ez naiz izan inguruan kointzidentzia horrekin konturatu den bakarra, eta denok ere hitz bera aipatu dugu: pena, pena handia. Aurrez aurre ezagutzen ez duzuna, baina, une batez, gertuko hedabideei esker, hurbil sentitzen duzun bizilagun batengatik sentitzen duzun tristura.

Post a comment

You may use the following HTML:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>