Category: Umorea

Goioen arteko elkarrizketa

Jainkoaren zigorra ematen du. Aurreko batean, irifarre artean aipatu nuen Iban Arantzabal eta Joxe Aranzabal nahastu zituztela Berria-ko albiste batean. Bada, zelakoa den bizitza, gaur ni neu nago halako saltsa batean sartuta!

Goio Arana Arrieta2

Iban Arantzabalek berak deitu dit esanez, barrezka ibili direla DVn irakurri dutenean, albistearen testuan, ni izango nintzela bakarrizketa bateko protagonista.

Egitan, ikuskizun horren aktorea izango da izenburuan, handi, agertzen den Goio Arrieta, eta ez barruan jartzen duen Goio Arana. Baina, beno, Iban Arantzabal-Joxe Aranzabal izen-abizenekin gertatu zen moduan, oraingoan ere kazetariak nahastu egin ditu bi Goio, aurreko kasuan bezala gainera, debagoiendarrak biak ere.

Egia esateko, oso ulergarria da gertatutakoa, Eskoriatzarra eta biok izateaz gain izen (arraro) bera, abizena ere partekatzen dugu: bera da Goio Arrieta da; ni, Goio Arana Arrieta.

Bidean

 The Way  filma ikusi berri dut. Hasieratik esatera noa filma nahiko eskasa iruditu zaidala: paisaia ederren argazki bilduma aspergarri samar bat, topikoz josita eta turismoa erakartzeko asmoarekin eginda. Baina, beno, beste alde batetik, gozatu ere egin dut 2010. urteko filma horrekin.

Filmak kontatzen duen istorioaren laburpena honako hauxe da: Tom Every (Martin Sheen) AEBetako oftalmologo bat da. Halako batean, jaso du telefono dei bat esanez bere 40 urteko semea hil egin dela mendi istripu batean, Pirinioetan, Done Jakue bidea egitera hastera zihoala. Tom Everyk erabaki du Europara etortzea semearen gorpuaren bila (filmean, Martin Sheen-ari semearen papera egiten du Emilio Estevezek, hain zuzen ere, filmaren zuzendaria eta, por tzierto, Sheen-en seme biologikoa). Azkenean, ezustean, aitak erabakitzen du bere semearen errautsak motxilan sartuta, Santiagorako oinezko abenturan abiatzea… eta, hor, hasten da filma, Euskal Herrian.

Izan ere, iritsi Donibane Garazira, Nafarroa Beherara, iristen da Martin Sheen trenean. Bagoitik jaitsi orduko, polizia bat hurbilduko zaio jendarmariara joaten laguntzeko. Eta, hor hartu nuen lehenengo sorpresa. Begira, Polizia-buruak zelako txukun apainduta duen bulegoa:

Bulegoa
Baina, maparena bakarrik ez (segurutik, komisaldegia lokalizatuko zuten Donibaneko Herriko Etxean, ala?). Oinez Gaztelara iritsi aurretik, protagonistak zeharkatzen du Euskal Herri osoa: osoa. Izan ere, The Way filmean, dena da Euskal Herria: Iparraldea, Nafarroa… Alegia, aditu errusiarren informe horrek diona, baina, urteak lehenago esanda.

Badaude filmean bestelako bitxikeriak. Esaterako, Done Jakue bidea azaltzerakoan, mapak agertzen dira pantailan behin eta berriro. Eta halako batean, ikusten da Los Arcos eta Puente la Reina (Gares) herrien artean badagoela herri bat… Estrella izenekoa! Imajinatzen dut, Estrella barik, Estella (Lizarra) esan nahiko zutela.

Estrella
Hizkuntzaren tratamendua ere halakoa da: nahasten dute modu zoro samarrean gaztelania, frantsesa eta espainiera. Filmean makina bat hizkuntza entzuten da, baina, oker ez banabil, ez da hitz erditxo ere esaten euskaraz. Behin mapa dotore horrekin hasi eta gero, pena.

Nahi izanez gero, badago The Way Interneten ikusteko aukera.

Eguneraketa: jakin berri dut Amatiñok jorratu zuela lehenago gaia bere blogean, antzeko hari-muturretik tiraka: Euskal historiografiaren heldutasunik eza ote?