Category: Twitter

Aspaldiko txio arriskutsu horiek

(Puntua paperezko aldizkarirako idatzitako artikuluaren moldaketa. 2015-07-22)

Azkenaldian, zenbaitzuk erabiltzen ari dira Twitteren argitaratutakoak egilea kritikatzeko, erasotzeko eta, oro har, kalte eragiteko. Jardun horretan ari diren “zaintzaileak” txiolariaren timelinea goitik behera arakatu –horrek daukan lanarekin!–  eta txio konprometituak, alegia, erabilgarriak hartzen dituzte. Geroago, tuit jakin horiek bolo-bolo zabaltzen dituzte, kasu gehienetan, gainera “ohiko” hedabideak erabilita, hau da, telebista, irratia eta paperezko prentsa. Jakina, bost axola zaie halakoei, txio horien guztien testuingurua edo egilearen benetako asmoa.

Aipatutako moduko azkenaldiko hiru kasu datozkit gogora. Lehena, Madrilgo udaleko zinegotziarena da. Guillermo Zapata (@gzapatamadrid) Podemos alderdiko zinegotziaren 2011ko txio batzuk berrartu zituzten asmo garbi batekin: politikari gazteari zilegitasuna kentzea. Hala, kontzentrazio-esparruetan hildako judutarren gaineko txiste beltz ezagun haiekin sekulako txilinbuelta egin, eta erabili zituzten argudiatzeko Zapata antisemita amorratua zela eta nazi petoa. Gainera, udaleko Kultura zinegotzia izendatu aurretik ere, bere dimisioa eskatzeko erabili zituzten txio horiek.

Bigarren kasuan, gertuago gertatu da, Iruñean. Erasotua, Ainhoa Aznares (@ainhoaaznarEZ) Nafarroako Parlamentuko presidente izendatu berria izan da, kasu honetan ere, Podemoseko militantea. Han eta hemen kritikatutako txioan ageri da Aznares bera, iazko Sanferminetan, taberna batean garagardoa edaten txorrotik bertatik. Kritiken ildoa ere argia zen: horrelako baldarkeria (?) egiteko gauza denak ez du parlamentuko presidentea izatearen nahiko ohorerik.

Hirugarren adibidea berriagoa da, Julio Rey (@Julio_Rey10) futbolariarena. Kontua da, Vilagarcía de Arousako (Pontevedra) futbolari gaztea kontratatzekotan zebilela Coruñako Depor futbol taldean. Baina, halako batean, 2012an botatako txio dontsu hura berreskuratu dute: “Puta Depor. Puta Riazor”. Eta, akabo fitxaketa. Alferrik izan dira gaztearen barkamen eskaera eta azalpenak: “17 urte nituen, eta ez nuen ulertzen halakoen ondorioak”.

Zer dago horien txio horien guztien erabileraren atzean? Hasteko, “zaindari” horien hipokrisia galanta eta, gainera, Internet eta sare sozialak deslegitimatzeko gogo handia. Eta, nola ez, sare sozialen erabilera eta argitaratutakoen ondorioen gaineko hausnarketa egin beharra.

Adituek gomendatzen dute, nola ez, tentuz eta ganoraz erabiltzea Twitter; eta, badaezpada, hilero-edo gainbegiratzea botatako txioak, betiere, aurreikusteko, testuingurutik ateraz gero, zein izan daitekeen aurrerago txio horien guztien irakurketa gaiztoa.

Oharra: txiolaria bazara eta artikulu irakurrita apur bat estutu bazara, lasai, badaude makina bat doako tresna txio “arriskutsuak” ezabatzeko. Esaterako, Delete Multiple Tweets, Tweet Delete edo Twit Wipe. Asko larritu bazara, ordea, tresna dramatiko hau ere erabili dezakezu zure timeline-a erabat garbitzeko: Delete All My Tweets.

Berendiak zure txioa gogokotzat hartu du

Ikusgarri da zelako bizia diren Twitter eta horrelako tresnak. Nola ematen diegun zentzu eta erabilera berriak herreminta ez hain berriei.

Egin dudan azken aurkikuntza izan da “Gogokoa” aukeraren erabilera berria. Ez hainbestera arte, gogokotzat markatzen nituen geroago irakurtzea nahi nituen txioak edo, beste barik, betiko gordetzea nahi nituenak. Alegia, “Gogokoak” erabili izan ditut oso modu praktikoan: biltegi arrunt moduan.

Baina, aspalditxo, denok ere, beste modu batean hasi gara gogoko horiek erabiltzen: txioaren egileari keinu egiteko. Berak jakin dezan gustuko dugula bota duena. Nolabait, erabiltzen dugu esateko berarekin gaudela. Halakoetan, askotan, ez dugu txio hori birtuiteatzen –edo bai–, baina, egileari esaten diogu modu intimoago batean: “irakurri dut zure txioa, eta zurekin bat nator :-)”. Edo, behintzat, horrela bizi dut nik, postan mezua jasotzen dudanean esanez, bateren batek nire txio bat gustuko duela. Eta, nik ere, gogoko ditut gogoko horiek.

Captura de pantalla 2013-06-07 a las 22.00.09

Bitxia zeren, dagoneko, gehienetan gauza gara desberdintzeko noiz jarraitzaile batek sakatzen duen “Gogokoa”, beste barik, zeure mezua artxibatzeko, eta noiz, aldiz, zapaltzen duen zeuri keinu egiteko! Eta bitxia da, baita ere, ikustea nola hedatzen diren ohitura berri horiek inork inori ezer esan barik, inon irakurri barik eta inoiz inorekin horrelakorik komentatu barik. Izan ere, noiz jarri gara denok ere ados “Gogokoak” horrela erabiltzeko? Noiz konturatu gara erabilera hori egiterik ere bageneukala?

Twitterren ez dabilenentzako oharra: txio bat “Gogoko” moduan markatzen duzun bakoitzean, bidaltzaileak mezu bat jasotzen du bere postan hori egin duzula ohartaraziz.