Category: Sailkatugabeak

Azpitituluak puntu kom

Filmak bertsio originalean ikustea gustuko dugunontzat, baliabide interesgarri bat dago sarean: azpitituluak.com webgunea. Oso ezaguna ez den txoko horretan biltzen dira dagoeneko 500 575 film baino gehiagoren euskarazko azpitituluak.

Baina, 500 575 film kopuru polita bada ere, webgune horrek duen abantaila nagusiena da bertan biltzen den filmen kalitate handia: oso film gomendagarriak daude euskarara ekarrita. Denetik dago bilduman: klasikoak, film berri berriak, beldurrezkoak, akziozkoak, komediak, animazioak, dokumentalak, LGTB ikutukoak… denetik.

Azpitituluak.com-en bueltan dozena bat lagun-edo ari dira lanean, tartean, noizbehinka, ni neu ere bai. Eta, talde horren erdian proiektuaren alma mater-a: Luistxo Fernandez eibartarra. Berari esker dago webgunea indarrean, eta bere ekimen pertsonalari esker bildu da bildu den taldea eta katalogo polita. Luistxok egin duen lan handiak izan du aurten merezitako onarpena: 2016an, Argia Saria eman diote azpitituluak.com-i.

Oso erraza da Azpitituluak.com-en dauden azpidatziak erabiltzea. Hasteko, aukeratu behar da gustuko film bat begiratuta webguneko kartelen bilduman edo katalogo alfabetikoan; ondoren, deskargatu filmaren sipnopsiaren azpian ageri diren euskarazko azpidatziak; geroago, hortxe bertan, deskargatu Internetetik Azpitituluak.com-en ematen diren ondo sinkronizatzen diren filmaren bertsioak (edozein Torrent programa erabil daiteke filma deskargatzeko). Bukatzeko, ireki filma VLC Video Player doako aplikazio ezagunarekin eta aktibatu bertan euskarazko azpitituluak. Listo.

Teknikoki ez da batere zaila filmak azpidaztea, izan ere, testu-prozesatzaile arruntak erabiltzen dira itzulpenak egiteko (Word baino sinpleagoak diren horiek guztiak: TextEdit, Oharren block-a…). Hori bai, behar da borondate apur bat eta 10 bat ordu lana hasi eta bukatzeko (nik behintzat, 10 ortu inguru behar izaten ditut gustuko filma bat itzultzeko, testua orrazteko eta baieztatzeko irudiak eta testua ondo ezkontzen direla…). Azpidazle bakoitzak erabakitzen du zein hizkuntza hartuko duen oinarritzat. Normalean, eta hizkuntza ezagutuz gero, filma eginda dagoen hizkuntza erabiltzen da, baina hori ez da beti horrela, eta har daiteke erdibideko beste edozein hizkuntza, esaterako, gaztelera.

Jakina, borondatezko lana denez, ez dago konpromiso handirik, eta testuak itzultzerakoan hanka-sartze bat edo beste eginez gero, ba, ez da larria. Denoi gustatzen zaigu azpititulu onak erabiltzea baina, tira, ez gara erretxin jarriko akatsen bat aurkituz gero borondate onenarekin beste batek egin duen lanean, ezta?

Begiratu oraintxe bertan Interneten: azpitituluak.com.

(Puntua paperezko aldizkarirako idatzitako artikuluaren moldaketa. 2016-11-09)

Kokoteraino ‘Big data’-rekin

Sekulako ahalegina egiten ari dira era guztietako erakundeak eta enpresak kontsumitzaileen gaineko informazioa eta datu zehatzak biltzeko. Izan ere, gure egunerokotasunean sortzen ditugun datu pilo horiek kontuan hartuta eraikitzen ari dira, neurri handi batean, egungo merkatua eta gizarte antolaketa bera.

Nahita edo nahi barik, uneoro, inoizko datu mordoa ematen dizkiegu erakunde horiei guztiei. Geokokapena dela, txartelarekin ordaintzen ditugun erosketak direla, telefonoa eta Internet erabiltzen ditugula edo betetzen/erantzuten ditugun galdetegiak direla, kontua da, datu lagatze jarioak ez duela etenik.

Big data eta marketina amesgaizto bilakatu dira dagoeneko. Horren bi adibidetxo azken egunetakoak. Lehena: Facebook-ek iragarri berri du, “bere zerbitzua eta eskaintza hobetzeko asmoarekin”, eta erabiltzaileak kontrakoa esan ezean, WhatsApp-eko profiletik hartu eta erabiliko dituela zenbait datu, tartean, erabiltzailearen telefono zenbakia. Alegia, aplikazio bateko erabiltzaile zara eta, konturatu orduko, beste bigarren batek ere balitzen ditu zuk lehenari emandako datuak.

Bigarrena: aurreko astean, Orange-ra deitu nuen ADSL eskaintza baten berri jasotzeko. Ezertan hasi aurretik, saltzaileak galdetu zizkidan izen-abizenak, etxeko helbidea, telefono zenbakia eta… nire NAren zenbakia! Bere esanetan, sistemak derrigorrez eskatzen zizkion horiek guztiak eskaintza egin ahal izateko. Ez nion NAn zenbakia eman. Lasaitzeko eskatuz eta tramite hutsa zela erakusteko, berea jarri omen zuen salmentarekin aurrera egiteko. Modu batera edo bestera, eta ADSL zerbitzu hura kontratatu ez nuen arren, bi egun geroago Orangek igorritako esku-orri publizitarioa nuen nire postontzian.

Ez dut zehatz-mehatz gogoratzen zenbat urte dela hasi ziren saltoki gune handiko kobratzaileak kode postala eskatzen kontua ordaintzerakoan. Oso amorragarria egin izan zait beti galdera dontzu hori: “Kode postala, mesedez?” Baina gerora etorri dena ikusita, dagoeneko ia sinpatikoa eta dena egiten zait galderoi. Hasteko, sikiera, gizaki batek aurrez aurre botatzen duelako, eta, bestetik, naif samarra bada ere, norberaren esku dagoelako egia esan ala sortzaile planean jartzea. “Nire kode postala? 11270”.

(Puntua paperezko aldizkarirako idatzitako artikuluaren moldaketa. 2016-09-08)

Txio piloa desagertu dira nire Twitter kontutik

Sekulako sorpresa hartu dut Twitterreko nire profila ikusi dudanean: nik botatako ehunka txio desagertu dira denbora lerrotik! Eta hori guztia nik ezer ikutu barik.

Ez daukat esaterik zenbat izango ziren urte hauetan guztietan bota ditudan txioak baina, milaka batzuk bai. 3.000 mila, 4.000 mila bat? Ez dakit, baina, 570 txio baino gehiago seguru baietz!

Captura de pantalla 2016-05-25 a las 15.41.52 copia

Nire denbora lerroan geratu den txio zaharrena da 2015eko maiatzaren 24ko bat. Ez dut inguruan antzeko kasurik entzun, baina, begiratuta Interneten ikusi dut Twitterrek izan omen dituela txio desagertze masibo batzuk lehenago. Esaterako, 2014. urtean galdu omen zituen milioika txio, tartean Ellen DeGeneresek botatako selfie famoso hura.

Ez dut uste nire arazoak halako kontuekin lotura duenik; izan ere, ez dut entzun inguruan inori desagartu zaionik txiorik azkenaldian…

Mezu bat bidali diet Twitterrekoei gertatutakoa azalduz, horretarako duten txokora. Baina, hara, berehala jaso dut euren robotaren erantzuna, eskerrak emanez eta ohartaraziz ez dituzte mezuak banan-banan erantzuten, hori ba, hobetzeko balioko zaiela ekarpena.

Captura de pantalla 2016-05-25 a las 12.19.15

Total. Desagertu direla nire txio gehien-gehienak eta ez dakidala zergatik izan den.

 

Aspaldiko txio arriskutsu horiek

(Puntua paperezko aldizkarirako idatzitako artikuluaren moldaketa. 2015-07-22)

Azkenaldian, zenbaitzuk erabiltzen ari dira Twitteren argitaratutakoak egilea kritikatzeko, erasotzeko eta, oro har, kalte eragiteko. Jardun horretan ari diren “zaintzaileak” txiolariaren timelinea goitik behera arakatu –horrek daukan lanarekin!–  eta txio konprometituak, alegia, erabilgarriak hartzen dituzte. Geroago, tuit jakin horiek bolo-bolo zabaltzen dituzte, kasu gehienetan, gainera “ohiko” hedabideak erabilita, hau da, telebista, irratia eta paperezko prentsa. Jakina, bost axola zaie halakoei, txio horien guztien testuingurua edo egilearen benetako asmoa.

Aipatutako moduko azkenaldiko hiru kasu datozkit gogora. Lehena, Madrilgo udaleko zinegotziarena da. Guillermo Zapata (@gzapatamadrid) Podemos alderdiko zinegotziaren 2011ko txio batzuk berrartu zituzten asmo garbi batekin: politikari gazteari zilegitasuna kentzea. Hala, kontzentrazio-esparruetan hildako judutarren gaineko txiste beltz ezagun haiekin sekulako txilinbuelta egin, eta erabili zituzten argudiatzeko Zapata antisemita amorratua zela eta nazi petoa. Gainera, udaleko Kultura zinegotzia izendatu aurretik ere, bere dimisioa eskatzeko erabili zituzten txio horiek.

Bigarren kasuan, gertuago gertatu da, Iruñean. Erasotua, Ainhoa Aznares (@ainhoaaznarEZ) Nafarroako Parlamentuko presidente izendatu berria izan da, kasu honetan ere, Podemoseko militantea. Han eta hemen kritikatutako txioan ageri da Aznares bera, iazko Sanferminetan, taberna batean garagardoa edaten txorrotik bertatik. Kritiken ildoa ere argia zen: horrelako baldarkeria (?) egiteko gauza denak ez du parlamentuko presidentea izatearen nahiko ohorerik.

Hirugarren adibidea berriagoa da, Julio Rey (@Julio_Rey10) futbolariarena. Kontua da, Vilagarcía de Arousako (Pontevedra) futbolari gaztea kontratatzekotan zebilela Coruñako Depor futbol taldean. Baina, halako batean, 2012an botatako txio dontsu hura berreskuratu dute: “Puta Depor. Puta Riazor”. Eta, akabo fitxaketa. Alferrik izan dira gaztearen barkamen eskaera eta azalpenak: “17 urte nituen, eta ez nuen ulertzen halakoen ondorioak”.

Zer dago horien txio horien guztien erabileraren atzean? Hasteko, “zaindari” horien hipokrisia galanta eta, gainera, Internet eta sare sozialak deslegitimatzeko gogo handia. Eta, nola ez, sare sozialen erabilera eta argitaratutakoen ondorioen gaineko hausnarketa egin beharra.

Adituek gomendatzen dute, nola ez, tentuz eta ganoraz erabiltzea Twitter; eta, badaezpada, hilero-edo gainbegiratzea botatako txioak, betiere, aurreikusteko, testuingurutik ateraz gero, zein izan daitekeen aurrerago txio horien guztien irakurketa gaiztoa.

Oharra: txiolaria bazara eta artikulu irakurrita apur bat estutu bazara, lasai, badaude makina bat doako tresna txio “arriskutsuak” ezabatzeko. Esaterako, Delete Multiple Tweets, Tweet Delete edo Twit Wipe. Asko larritu bazara, ordea, tresna dramatiko hau ere erabili dezakezu zure timeline-a erabat garbitzeko: Delete All My Tweets.