Category: Prentsa

Sare sozialen prezioa

Sare sozialek dena aldatu dute, Internet bera ere hankaz gora jarri arte. Egun, gero eta gehiagotan erabiltzen ditugu tresna horiek orain gutxira arte ohiko webgune bitartez egin izan ditugun gauzak egiteko: informazioa sortu eta partekatzeko, albisteak irakurtzeko, bideoak ikusteko, musika entzuteko… Baina, aldaketa handia eragin badute Interneten bertan, zer esanik ez bestelako komunikabideetan, esaterako, paperezko hedabideetan.

Adibide bat. MONDRAGON UNIBERTSITATEko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean, orain gutxira arte, lan-eskaintzen berri emateko erabili izan ditugu ohiko bideak: ordainpeko iragarkiak argitaratu paperezko egunkarietan, gure kasuan, herrialde eta Euskal Herri mailako egunkarietan. Prozesu luze samarra da halakoen kontratazioa: testua ongi idatzi (akatsek ez dute konponketa errazik paperezkoetan!), iragarkia maketatzera bidali, moduluen kontratazioa egin… Hori guztia, iragarkia argitaratzeko egun eta hedabide zehatz batean. Jakina, zenbat eta hartzaile gehiago edo profil desberdinekoak nahi, orduan eta hedabide gehiagotan jarri behar iragarkia.

Eta hori guztia ez da merkea. Bide tradizional hori erabili izan genuen azken aldian, milaka euroko kontua ordaindu egin behar izan genuen. Eta, txarrena, eskatutako ordaindu arren, eguneko egunkarien salmenten beherakadarekin, emaitza ez dago bermatuta. Hala, azken aldi horretan, 30 bat curriculum jaso genituen 15 eguneko epean.

Aspalditxo baina, fakultateak sortzen dituen lan-eskaintzen zabalpena egiteko erabiltzen ditugu gure webgunea eta sare sozialetan ditugun kontuak, bereziki, Facebook eta Twitter.

Adibide bat. Pasa den astean, fakultateko webgunean albiste bat argitaratu genuen: ireki egin dugula lan-poltsa administrazio eta zerbitzuetan lan egiteko. Ba, Facebooken jarritako artikulu horren oharra ia 2.000 lagunek irakurri dute eta 50tik gorako elkarbanatze eta atsegite lortu ditu. Twitterren ere egin du bidea lan eskaintzari buruzko txioak: 200 lagunek egin dute klik botatako txioan eta hainbat aldiz izan da bertxiotuta. Horren guztiaren emaitza izan da 10 egun eskasean, 260 curriculumetik gora jaso ditugu e-mailean. Prezioa: 0 euro.

Halako eta antzeko kontuetarako sekulako abantaila ekarri dituzte sare sozialek. Behin emaitzak ikusita, zein erakunde egongo da prest dirutza ordaintzeko era honetako zerbitzuak kontratatzeko? Ikusi besterik ez dago nola mehetu edo erabat desagertu diren egunkariek larunbatetan argitaratu ohi dituzten/zituzten larrosa kolorezko lan-eskaintzen gehigarri berezi horiek.

(Puntua paperezko aldizkarirako idatzitako artikuluaren moldaketa. 2016-05-20)

Salamancako “El Adelanto” egunkaria itxi egin dutela (!?)

Oraintxe bertan irakurri dut El Adelanto egunkaria itxi dutela. Segurutik gehienoi ez zaizue ezaguna egingo egunkari hori, Salamancako argitaratzen zelako. Baina, hiri horretan ibilitako estudiante tunante guztioi, aldiz, oso ezaguna egingo zaie.

Egunkari kutre samarra zen El Adelanto, bai itxura aldetik eta baita eduki aldetik ere. Eta, antzinakoa ere bai: 1883. urtean kaleratu zen lehenengoz, beraz, beroi zen Espainia aldeko egunkaririk zaharrenetariko bat. Bazuen hirian bertan lehiakide gogor bat: Tribuna de Salamanca egunkaria, hura ere gaur egun desagertuta (2011ko apirilean kaleratu zuen azken zenbakia), baina, duda barik, El Adelanto zen Tribuna baino autentikoagoa. Gaur egungo panorama ikusita, kosta egiten da sinestea, baina, lehenago, gauzarik ohikoena zen hiri txikienetan ere, tokiko egunkari bat baino gehiago egotea!

Esatera nentorrena: oso tristea eta etzerakoia zen El Adelanto. Baina, bere txar guztiekin, beroi izan zen, gazteleraz idatzitako egunkari guzti-guztien artean, niri azala eskaintzera animatu zen egunkari bakarra. Beno, ez neuri bakarrik, baina, neuri ere bai.

ElAdelanto

Irudian ikus dezakezu 1985eko otsailaren 6ko El Adelanto-ren azala. Sinetsi: ezkerreko zirkulukoan dagoena, ni neu naiz, eta eskubi aldeko zirkulukoa, aldiz, gure txakurra: Kali.

Manifestazio baten harira agertu ginen pisukide guztiok azalean. Izan ere, hiriko plaza nagusian bildu ginen talde handi bat (ehun bat lagun dio testuak. Atzerakoiak ez ezik, gezurtero galantak ziren!) Juzbado herrian egitekoak ziren indarretxe nuklearrentzat erregaia ekoizteko planta baten kontra. Eta, han agertu ginen denok, txakur eta guzti.

Azpiko irudian ikus daiteke El Adelanto-k kaleratutako azken zenbakiaren azala. Goian bego.

6a00e552985c0d88330192aa420799970d-320wi