Category: Politika

Barcenas, Armstrong eta hedabideak

lance2

Hanka sartze bitxia egin du gaur lainformacion.com atariak: une batez nahastu ditu azaleko albiste nagusian gaurko “eskandaluak”: atari horretako azalean atera dituzte Luis Barcenas Espainiako PP alderdiko diruzainaren ustelkeria kasuaren gaineko testuak eta, horiek janzteko jarri dute Lance Armstrong AEBetako txirrindulariaren argazkia. Nahita ere, ezin egin gaurkotasun handiagoko collage-rik!

Armstrong-en adierazpenen ondorioak jarraitu ditut Sustatu.com-en,  @joxearanzabal eta @XabierUsabiaga -ren arteko eztabaidan. Eta, hor ere, agertu da intereseko gaia: hedabideek duten jarrera –eta erantzukizuna–- ustelkeria eta halako gehiegikerien aurrean. Joxe Aranzabalek dio, askoren konplizitatearekin, gure txirrindularitzan ere egon dela euskal-omertá moduko bat. Xabier Usabiagak, bestalde, uste du arazoa “orduko giroa” ere bazela, eta aurrera begiratu behar dela.

Eta, bitartean, politikan zein kirolean, hedabide gehienak urteetan isil isilik, ikerketa kazetaritza egin barik edo egiteko inongo asmo edo baliabide barik. Kazetariak aurkezpenetara joan eta joan, prentsa-kabineteetatik jasotako oharrak argitaratu eta argitaratu. Eta, tristeena, gaiari heltzeko, El Mundo edo Oprah Winfre-en show-ari itxaronda!

Ea noiz animatzen den Oprah Winfre eramaten Luis Barcenas bere telebista saiora. Guk behintzat horrela, denekin ostiaka hasi artean, izango dugu aitzakia hitz egiteko euskal alderdi politikoen finantziazioaren omertá-ri buruz.

Alderdi “berria”

Eusko Ekintzaren aurkezpena

Ez txarrera hartu, baina, Eusko Ekintzaren aurkezpenak alderdi jaioberri batena baino, ematen zuen 100. urteurrena ospatzera datorren erakunde baten agerraldia! Denak zeukan hain antzinako eta ikusiegi dagoenen itxura: izenak berak, mahaikideen jarrerak, logoak, mahai-oihal gorriak…

Ez dakit, munduan -eta gurean- gauzak dauden bezala, ohikoak diren moduko beste alderdi politiko bat sortzea den egin daitekeen gauzarik eraginkorrena eta berritzaileena, baina, tira, hori bakoitzak ikusi behar du.

Eusko Ekintzak jorratu nahi dituen kontuak ez dute -zoritxarrez- erraz baliorik galduko, eta seguruenik, hemendik 100 urtera ere, horien alde borrokatu beharrean egongo gara dira. Baina, kopon, horiek ez dira itxurak, XXI. mendean, jendaurrean lehenengoz agertzeko!