Category: Musika

Super Bowl-a

Egun, futbolak eta pop izarrek biltzen dute jende gehien ordainpeko ikuskizunetan. Normalean, bakoitza bere aldetik joan ohi da, kirola alde batetik eta musika bestetik. Baina badago hitzordu bat industria biak modu harrigarrian uztartzen dituena: Ipar Amerikako Super Bowl-a. Bertan, batzen dituzte futbola –futbol amerikarra, kasu honetan– eta munduko musikari dirdiratsuen kontzertuak. Aurten, Houston-eko NGR Stadium-ean jokatu da partida, eta Lady Gaga izan da protagonista.

Super Bowl-eko Halftime Show-a edo Atsedenaldiko Ikuskizunak irauten du 15 minututxo, eta segurutik tarte hori izango da egun dagoen zuzeneko ikuskizun garestiena eta, aldi berean errentagarriena. Bertan parte hartu duten artisten zerrenda itzela da: Michael Jackson, Beyonce, Rolling Stones, Madonna, Cold Play, Bruno Mars, Red Hot Chili Peppers, Katy Perry… denak, antza, zentimorik ere kobratu barik. Izan ere, behin Super Bowl-ean egonda, nahi duzun tokian eta nahi duzun prezioan jo omen dezakezu.

Halftime Show-ean dena da oso iparramerikarra (gora urdina eta gorria!), demasa eta neurri gabea: artisten aukeraketatik hasita, eszenografia erraldoia, ehunka lagunen koreografia, su festa ikusgarria, argiztapena, soinua, dron mordoa airean, puntako zuzeneko erretransmisioa… eta, esandakoa, hori guztia hasi eta bukatu ordu eta laurdenean. Aurtengo ikuskizunean 10 milioi dolar inbertitu dute –ekonomiari begira eta ikusita egunak ehunka eta ehunka milioiko irabaziak sortu dituela, ezin jarri “gastatu” dutela, ezta?–.

Estadioan bildu ziren 80.000 lagunetik gora. Batez beste, sarrerak balio zuen 6.000 dolar. Bakarrik AEBetan, 112 miloi lagunek ikusi zuten ikuskizuna (kirola+musika+publizitatea) zuzenean telebistatik. Eta, dagoeneko, milioiak eta milioiak gara show-a Internetetik ikusi dugunok. Esaterako, nik ikusitako bideoak zituen 5,5 milioi bisita Halftime Show-a bukatu eta 24 ordu eskasera; orain, 15 egun geroago, bildu ditu ia 26 milioi bisitari.

Telebistatik botatako emanaldia ikustekoa da: gezurra ematen du zuzeneko bat ikusten ari zarenik. Ematen du bideoa dela grabatutako kontzertu bat post-produkzio handiarekin. Eta, ez, zuzeneko emanaldia da. Harrigarria.

A! Lady Gagaren aurretik eta ondoren, New England Patriots (?) eta Atlanta Falcons (?) taldekoak ibili ziren baloi obalatua harrapatu nahian.

(Puntua paperezko aldizkarirako idatzitako artikuluaren moldaketa. 2017-02-24)

Jul Bolinagaren omenez, apunte azkarrak

Atzo, azaroak 15, Arrasaten denok pasatuta geratu ginen entzun genuenean Jul Bolinaga derrepentean hil zela, Bergarako gaztetxean, Txapa Irratiaren 30. urteurrena ospatzeko kontzertuan jotzen ari zela.

Bere gordintasunean, oso koherente eta aproposa iruditu zait heriotza: hil da lagun artean, musika egiten eta herri ekimenak bultzatutako ekitaldi bat babesten. Chapeau, Jul.

Sekulako hutsunea utziko du RIP taldearen gitarrista izandakoak. Izan ere, oso gizon maitatua eta errespetatua zen lagun eta ezagunen artean. Ez zen oso pertsona mediatikoa. Horregatik, kostatu egiten da bere irudiak eta berari buruzko informazioa aurkitzea sarean (alde horretatik, Txerra, bere anaia eta RIP taldeko bateria-jotzailea, askoz gehiago agertu izan da hedabideetan, bereziki, Arabako ezker abertzalearen eta LGBT kolektiboen eskubideak defendatzen).

Azpiko hau izan daiteke Jul posatzen ageri den azkenengo argazkia (RIP lagunak Facebook orritik hartuta dago). Arrasaten eginda dago, Arbolapetan, pasa den hilabetean. Irudian ikus daitezke punk sasoiko lagunak, aldian behin Arrasaten egiten duten bazkariaren egunean. Esan beharra dago, punk mugimenduaren garaian egindako harreman estua gaur arte gorde izan dutela batzuek eta besteek.

jul

Izan ere, Jul historiara pasatu da RIP punk taldearen sortzailetarikoa eta gitarra-jotzailea izan zelako. Iker Barandiaran eta Iban Toledok Goienan egindako RIP: punkaren 25 urteko historia bizia dokumentalean ikus daiteke Jul, sasoi hartako –eta goiko argazkiko– protagonista askoren artean, urte gogor bezain eder haiei gainbegiratua egiten.

Captura de pantalla 2014-11-15 a la(s) 23.58.46

Baina, musika zale eta musikari amorratua izanik, ez zen punk musikaren erritmoen bueltan betiko izoztu: azken urteotan, gitarraren distortsioa alde batera utzi, eta banjoa jotzen ari zen arrasateko The Potes banda parranda zalearekin. Taldekideek emandako elkarrizketa batean zioten moduan, gainera, “The Potes sortzearen errua Julena eta bere banjoarena da”.

33-ThePotes_content

Hemen duzue ikusgai The Poteseko taldekideek iaz Juli eskainitako zorion oparia:

Besarkada handi-handi bat Txusi, bere bikote banaezinari, Txerrari eta familia guztiari.

RIP

 

Erositako lehenengo diskoa

Devo-ren diskoarekin

Hil honetan egiten du 33 urte erosi nuela nire lehenengo diskoa. Devo new age musika talde estatubatuarrak kaleratutako bigarren LPa izan zen: Duty now for de future. Supermodernoa zen (eta da)  diskoa hura, ederra!

Diskoan azalean bertan dago idatzita erosketaren eguna: 1979ko abenduaren 26a. Izan ere, Gabon egun haietan erosi genuen etxeko lehenengo disko-jogailua. Balio izan zuen 38.000 pezeta (228 euro). Gogoratzen dut Donostiara joan ginela, anai-arrebok, txangoan, trastu hura erostera. Gipuzkoa plazako denda ezagun batean erosi genuen.

Gogoan dut, gainera, disko-jogailua erosteagatik oparitu zizkigutela 3 disko. Hirurak ikaragarriak:  Bob Dylan-en Slow train coming  (1979) diskoa, Neil Young-en Comes a times (1979) eta Patti Smith-en Horses LPa.

Devo taldearena izan zen erosi nuen lehen diskoa, baina, azkena erosi nuenetik ere denbora asko pasatu da, 6 urte, gutxienez. Izan ere, aspaldi, musika entzuten dut Radio 3-en edo Interneten bidez.