Category: MU

Bederatzitik, bostetan

(Goienako Zabalik atalerako idatzitako iritzi artikulua: 2005-05-31)

Pasa den astean inauguratu zen, modu ofizialean, MUko Aretxabaletako campus berria, bertan eskaintzen dira dagoeneko Ikus-entzunezko Komunikazio gradua eta zenbait graduondo. Aretxabaletakoarekin bi dira Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak dituen campusak, Eskoriatzakoa eta Aretxabaletakoa.

Ez dut ezagutzen antzeko kasurik: bederatzi herritako eskualde batean, bost herrik daukate unibertsitate mailako ikasketa eskaintza. Gurean, Oñatin Enpresagintza dago; Arrasaten, ingeniaritzak; Eskoriatzan, hezkuntza; Aretxabaletan, komunikazioa eta, Bergaran, UNEDeko urrutiko ikasketak. Bada marka! Izan ere, ohikoena –eta errentagarriena– izaten da unibertsitateak lekutzea hiriburuetan, erakarpen handia duten gune handietan, eta ez geureak moduko herri txikietan.

Unibertsitatea egon badago, baina igartzen da gero giro berezirik gure herrietan? Badago gurean gune unibertsitarioetan egon ohi den giro gazte eta alai hori? Ba, esango nuke ezetz. Jakina, ikasleen presentzia nabarituko dute dendariek, tabernariek eta etxe alokatzaileek, baina besteok larregirik ez. Hala ere, ez diogu horren erru osoa kanpoko ikasleei botako, ezta?

Batetik, orokorrean, parte hartzea denetan jaitsi da nabarmen.

Bestetik, gero eta ikasle gehiago dabil, tupperware-a aldean hartuta, etxera joan-etorrian autobusean edo autoan.

Azkenik, debagoiendarrok gauza askotan izango gara aitzindari, baina onartu beharrean gaude ez garela bereziki nabarmendu sormenaren, aisialdiaren eta gozamenaren sustapenean. Akaso, lortu dugu nazioartean txokotxoa egitea, baina ez, behintzat, egin dugulako munduko eskualderik erakargarri eta interesgarriena.

Fakultatean erdaraz

MUko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean euskaraz bizi gara. Jakina, gazteleraz eta ingelesez ere ematen dira eskolak, baina, hizkuntza ardatza euskara da. Euskaraz egiten dira bilerak eta tramite administratibo eta akademiko guztiak, eta euskara hutsezkoa da ikasle-irakasle harremana. Baina, hala ere, gero eta gaztelera gehiago entzuten da bazterretan…

Gazteleraz, batez ere, ikasleak jarduten dira. Ezaguna kontua, ezta? Nola lortu, berez, euskaldunak diren gazteak euskaraz aritzea bota barik alferrikako errietak eta sermoiak? Ez da gai erraza.

Irakasleok ez ezik, ikasle batzuk badaude kontu horrekin arduratuta. Horregatik, Ikus-entzunezko Komunikazioko 2. graduko ikasleek gai hori hartu dute aitzakia Arte materian egin behar duten instalazioan jorratzeko. Horretarako, ezabatu egin dituzte euskararen aztarna guztiak Aretxabaletako campusean (atzo inauguratu zena, euskara hutsez egindako ekitaldian). Gainera, asmoa omen dute irakasleoi eskatzeko, 24 orduz, ikasleeekin gazteleraz aritzeko eta eskolak ere gazteleraz emateko…

kartela gazteleraz

Hausnarketa bultzatzeko besterik ez bada ere, “barrutik” hartutako lidergo eta ekintza hauek interesgarriak direla uste dut.

Aretxabaletako Mondragon Unibertsitatearen etxe berria

Mondragon Unibertsitatearen Aretxabaletako campusa inauguratu genuen atzo. Dagoeneko, beraz, modu ofizialean, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak bi campus ditu, Eskoriatzakoa eta Aretxabaletakoa. Hala ere, eraikin berrian, irailetik daude lanean Ikus-entzunezko Komunikazioko gradokoak eta zenbait graduondotako ikasleak.

Ekitaldia ondo joan zen: arin eta erritmo politean, eta, gainera, zorrotz bete ziren aldez aurretik pentsatutako hitzorduak. Denetarikoa gonbidatuak izan genituen: hedabideetakoak, hezkuntzakoak, erakunde desberdinetakoak, kooperatiba mundukoak, ordezkari politikoak… Hizlarien mahaia ere, ordezkapen zabal horren isla izan zen:

hitzaldian

  • Nekane Arratibel HUHEZIko dekanoa.
  • Josu Zabala MUko errektorea.
  • Iñigo Louvelli Aretxabaletako Udaleko Hezkuntza zinegotzia.
  • Martin Garitano Gipuzkoako Diputatu nagusia.
  • Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburua.

Atzokoa, etxeko taldean antolatutako ekitaldia izan zen. Gure alde izan ditugu, batetik, lan handia izan bada ere, ondo konpondu garela gure artean eta gustura ibili gara antolakuntzan (irudian, gonbidatuen zerrendari azken begiratua egiten ibili ginenok). Bestetik, nahikoa asti izan dugula dena ondo-ondo lotzeko. Izan ere, ekitaldiaren data ordezkari politikoen agendaren menpe egon da, eta inaugurazio eguna, behin baino gehiagotan atzeratu behar izan dugu.

Ekitaldi xumea izan zen: zinta mozketa, ordezkarien hitzalditxoak, eraikinari bisita gidatua eta, bukatzeko, luntxa. Bisitaldia, hiru gunetan antolatu geneukan: biblioteka, ikasgela eta Goikolab ideia-laborategia. Bereziki polita izan zen, azken hamarkadetan hezkuntzak izan duen garapena azaltzeko, Hezkuntza eta Ikus-entzunezko komunikazioko graduko ikasleek bigarren gunean egindako antzerkitxoa . Performace horretan, bitxia zen ikustea agintari guztiak formal-formal eserita ikasleen tokietan…

eskola ematen

Pozik geratu gara eta, entzundakoagatik, gonbidatuak ere gustura ibili ziren. Eta, gainera, Joxe Aranzabalek Faroan idatzitako mezua irakurri eta gero, ba, zer esan!

Hemen geratu dira jasota ekitaldiaren argazkiak eta bideoak: