Category: Kultura

Nire lehenengo azpitituluak

Aspaldi erabiltzen dut www.azpitituluak.com webgunea filmen euskarazko azpitituluak deskargatzeko. Oso erosoa egiten zait webgune hori. Batetik, neurri batean, filma aipagarrien aukeraketa eginda dago eta dagoeneko bildu dituzte sorta ederra (2013. urte bukaerarako, 500 filma eta telesail pilatzera iristea espero dute). Bestetik, euskarazko azpitituluak eskura jartzeaz gain, horiekin ondo sinkronizatzen diren filmen helbideak ere zintzilikatzen dituzte, horrekin asko errazten dute Torrent-en bilaketa. Eta, gainetik, jartzen dituzte filma bakoitzaren sinopsia eta fitxa teknikoa. Duten prezioan, gehiago eskatzerik badago?

Esperientzia polita izan da azpitituluak egitearena. Trebetasun teknikoaren aldetik, ez du sekretu handirik, beti ere, ni moduan, mugatzen bazara testuak ordezkatzera.

Hautxek dira bete beharreko urratsak:

  1. Film bat aukeratu eta hartu dakarren SRT formatudun oinarrizko hizkuntzan dauden azpitituluak (srt da azpitituluen ohiko formatua). Hasiberria naizelako, nik neuk ingeleranzko eta gaztelerazko bertsioak erabili ditut, baina, berez, bakarrarekin nahikoa da.

  2. Ireki dokumentu hori estilorik gabeko testu-prozesatzaile batekin. Nik TextEdit erabili du.

  3. Ordezkatu dauden jatorrizko esaldiak euskarazko testu berriekin (azpiko argazkian ikusten da “lehen eta orain” hori).

  4. Konprimitu dokumentua ZIP era RAR formatuan.

  5. Bildu filmaren gaineko informazio apur bat: sinopsia, fitxa teknikoa eta, gehitu esteka osagarri batzuk, esaterako, Wikipedia eta IMDb filmen datu-basea.
  6. Kargatu Azpitituluak.com-en. Listo!

Captura de pantalla 2013-04-24 a las 09.51.10

Nik oraindik ez dakit halakorik egiten, baina, suposatzen dut ez dela oso-oso zaila izango sinkronismoa aldatzea, alegia, aldatzea azpitituluak pantailan agertuko diren denbora-tartea eta horien abiadura.

Esan bezala, teknika aldetik ez da batere zaila, baina, hori bai, pazientzia behar da. Berez, itzuli behar diren esaldiak oso laburrak dira, baina, demontre, harrigarria da ikustea edozein filmak dituen esaldi mordoa! Nik azpititulatu dudan filmak zituen 1.266 esalditxo itzuli beharrekoak.

Euskarara ekartzeko aukeratu dudan filma izan da Searching for Sugar Man. Oso dokumental ederra da, batez ere, kontatzen duen istorioa zoragarria delako: Sixto Rodriguez musikari jator eta autentikoaren gorabehera harrigarriak (ezin da asko kontatu filmaren gainean, izan ere, istorioaren gaineko ia edozein informazio izan daiteke spoiler-a edo larregi esatea). Onena da filma ikustea (euskarazko azpitituluekin, jakina ;- ).

Horixe ba, nahi izanez gero, hemen daude azpitituluak eta filmak jaisteko estekak: Searching for Sugar Man.

Hiru post-data:

1. Behin lehen filma eginda, konturatu naiz zelako lan eskerga egiten ari diren munduan barrena azpitituluak egiten ari diren horiek guztiak. Meritoa, galanta! Alde horretatik…

2. mila esker guztiei, eta, bereziki, www.azpitituluak.com-i, Luistxo Fernandez proiektuaren bultzatzaileari, eta, jakina, webgune horren bueltan dabilen guztiei.

3. Segurutik, akats ugari egin ditut itzulpenak egiterakoan, beraz, aurretik doa mikro-barkamen eskaera. Badakizue nola diren Interneteko gauza hauek: at your own risk.

Oroigarri berriak

Aurrekoan, zirrara eman zidan Arrasateko kaleetan ikusitako eskela batek. 35 urteko gazte arrasatear batena zen: Iker Lasaga Llamas “Titino”. Bistaz bakarrik ezagutzen nuen mutila, baina, pena handia hartu nuen hain gazte hil zela jakinda.

Geroago, halakoetan ohikoa izaten den legez, hildakoaren eskela argitaratu zen  Goienako paperezko edizioan eta Interneten….

Iker lasaga eskela
Iker lasaga eskela

Gaur goizean, aldiz, Arrasateko ospitale inguruan, beste oroigarri eder hau ikusi dut:

grafiti

Ohituta gaude hildakoen oroigarriak ikusten hormako eskeletan, egunkarietan, edo, azkenaldian, Interneten. Beste batzuetan, ostera, eta, batez ere, hildakoak istripuz hil izan direnean, ikusi ohi ditugu oroipengarriak eta lore sortak bide bazterretan edo mendi txokoetan. Baina, hildakoaren lagun batek egindako grafitirik? Tinino-ri eskainitakoa, parean tokatu zaidan lehenengoa izan da. Orain arte ikusi izan ditudan era horretako margolanak zuten kutsu politiko nabarmena, esaterako, etakideei, presoei edo poliziak hildakoei eskainitakoak.

Grafiti ederra eta ondo eginda iruditu zait Titino-na (Esan ezizenarekin sinatzen duen grafitilari arrasatearrak sekulako lanak egiten ditu!). Gainera, oso ideia polita iruditu zait: heriotza gertatu eta berehala, omenaldia egin. Hor egongo da, denbora batez, denon bistan, gainean beste zer edo zer margotu arte… Etorri eta joan.

Nago, In loving memory jarri barik, Maitasunez jarrita ere ederki geratuko zela margolana, baina, jakina, hori egileak ikusi behar du.

Bidean

 The Way  filma ikusi berri dut. Hasieratik esatera noa filma nahiko eskasa iruditu zaidala: paisaia ederren argazki bilduma aspergarri samar bat, topikoz josita eta turismoa erakartzeko asmoarekin eginda. Baina, beno, beste alde batetik, gozatu ere egin dut 2010. urteko filma horrekin.

Filmak kontatzen duen istorioaren laburpena honako hauxe da: Tom Every (Martin Sheen) AEBetako oftalmologo bat da. Halako batean, jaso du telefono dei bat esanez bere 40 urteko semea hil egin dela mendi istripu batean, Pirinioetan, Done Jakue bidea egitera hastera zihoala. Tom Everyk erabaki du Europara etortzea semearen gorpuaren bila (filmean, Martin Sheen-ari semearen papera egiten du Emilio Estevezek, hain zuzen ere, filmaren zuzendaria eta, por tzierto, Sheen-en seme biologikoa). Azkenean, ezustean, aitak erabakitzen du bere semearen errautsak motxilan sartuta, Santiagorako oinezko abenturan abiatzea… eta, hor, hasten da filma, Euskal Herrian.

Izan ere, iritsi Donibane Garazira, Nafarroa Beherara, iristen da Martin Sheen trenean. Bagoitik jaitsi orduko, polizia bat hurbilduko zaio jendarmariara joaten laguntzeko. Eta, hor hartu nuen lehenengo sorpresa. Begira, Polizia-buruak zelako txukun apainduta duen bulegoa:

Bulegoa
Baina, maparena bakarrik ez (segurutik, komisaldegia lokalizatuko zuten Donibaneko Herriko Etxean, ala?). Oinez Gaztelara iritsi aurretik, protagonistak zeharkatzen du Euskal Herri osoa: osoa. Izan ere, The Way filmean, dena da Euskal Herria: Iparraldea, Nafarroa… Alegia, aditu errusiarren informe horrek diona, baina, urteak lehenago esanda.

Badaude filmean bestelako bitxikeriak. Esaterako, Done Jakue bidea azaltzerakoan, mapak agertzen dira pantailan behin eta berriro. Eta halako batean, ikusten da Los Arcos eta Puente la Reina (Gares) herrien artean badagoela herri bat… Estrella izenekoa! Imajinatzen dut, Estrella barik, Estella (Lizarra) esan nahiko zutela.

Estrella
Hizkuntzaren tratamendua ere halakoa da: nahasten dute modu zoro samarrean gaztelania, frantsesa eta espainiera. Filmean makina bat hizkuntza entzuten da, baina, oker ez banabil, ez da hitz erditxo ere esaten euskaraz. Behin mapa dotore horrekin hasi eta gero, pena.

Nahi izanez gero, badago The Way Interneten ikusteko aukera.

Eguneraketa: jakin berri dut Amatiñok jorratu zuela lehenago gaia bere blogean, antzeko hari-muturretik tiraka: Euskal historiografiaren heldutasunik eza ote?

Montoia, Kantuaren kantoian

Lau urte daramate antolatzen Durangoko Plateruenean Kantuaren kantoia elkarrizketa musikatuak.

Formatu txikiko ikuskizuna da. Bertan, nahasten dituzte musikari ezagunei egindako elkarrizketa sakonak eta musika joaldiak. Atzo, aukera egon zen bertatik bertara ezagutzeko Xabier Montoiaren mundu “miresgarria”.

Modu akustikoan jotako kantuen artean (Ibon Rodriguez musikariaren laguntzarekin), sekulako perlak bota zituen Montoiak: nola eta zergatik hasi zen euskaraz abesten, zergatik dagoen aspertuta M-ak-en gainean hitz egiten, zer egingo lukeen literatura sariekin (eta zer sari horietan irabazitako sosekin!), nola sortzen dituen kantuak, nolatan egon zen bi urte batere musikarik entzun gabe,  zergatik txandakatzen duen musika eta literatura, nola iritsi den gaur egun egiten duen musika estilora…

Oso formatu interesgarria da: elkarrizketa pertsonal-profesionala (Jonan Hernandezek bikain gidatuta), zuzeneko musika eta entzuleen parte hartze zuzenarekin (besoa altxatu, eta galdera edo komentarioa botata). Hori guztia, giro lasai eta intimoan. Oso gomendagarria.

Urtero, lau musikari egon ohi dira Durangoko elkarrizketa musikatu horietan. Aurten, Ruper, Josu Zabala, Xabier Montoia eta Toño Muroren txanda izan da. Aurreko ediziotan egon izan dira, esaterako, Anari, Urdangarin, Ines Osinaga, Txuma Murugarren eta Petti.

Ekitaldiak azaroko ostegunetan izaten ari dira, 20:00etan, eta debaldekoak dira.