Category: Internet

Super Bowl-a

Egun, futbolak eta pop izarrek biltzen dute jende gehien ordainpeko ikuskizunetan. Normalean, bakoitza bere aldetik joan ohi da, kirola alde batetik eta musika bestetik. Baina badago hitzordu bat industria biak modu harrigarrian uztartzen dituena: Ipar Amerikako Super Bowl-a. Bertan, batzen dituzte futbola –futbol amerikarra, kasu honetan– eta munduko musikari dirdiratsuen kontzertuak. Aurten, Houston-eko NGR Stadium-ean jokatu da partida, eta Lady Gaga izan da protagonista.

Super Bowl-eko Halftime Show-a edo Atsedenaldiko Ikuskizunak irauten du 15 minututxo, eta segurutik tarte hori izango da egun dagoen zuzeneko ikuskizun garestiena eta, aldi berean errentagarriena. Bertan parte hartu duten artisten zerrenda itzela da: Michael Jackson, Beyonce, Rolling Stones, Madonna, Cold Play, Bruno Mars, Red Hot Chili Peppers, Katy Perry… denak, antza, zentimorik ere kobratu barik. Izan ere, behin Super Bowl-ean egonda, nahi duzun tokian eta nahi duzun prezioan jo omen dezakezu.

Halftime Show-ean dena da oso iparramerikarra (gora urdina eta gorria!), demasa eta neurri gabea: artisten aukeraketatik hasita, eszenografia erraldoia, ehunka lagunen koreografia, su festa ikusgarria, argiztapena, soinua, dron mordoa airean, puntako zuzeneko erretransmisioa… eta, esandakoa, hori guztia hasi eta bukatu ordu eta laurdenean. Aurtengo ikuskizunean 10 milioi dolar inbertitu dute –ekonomiari begira eta ikusita egunak ehunka eta ehunka milioiko irabaziak sortu dituela, ezin jarri “gastatu” dutela, ezta?–.

Estadioan bildu ziren 80.000 lagunetik gora. Batez beste, sarrerak balio zuen 6.000 dolar. Bakarrik AEBetan, 112 miloi lagunek ikusi zuten ikuskizuna (kirola+musika+publizitatea) zuzenean telebistatik. Eta, dagoeneko, milioiak eta milioiak gara show-a Internetetik ikusi dugunok. Esaterako, nik ikusitako bideoak zituen 5,5 milioi bisita Halftime Show-a bukatu eta 24 ordu eskasera; orain, 15 egun geroago, bildu ditu ia 26 milioi bisitari.

Telebistatik botatako emanaldia ikustekoa da: gezurra ematen du zuzeneko bat ikusten ari zarenik. Ematen du bideoa dela grabatutako kontzertu bat post-produkzio handiarekin. Eta, ez, zuzeneko emanaldia da. Harrigarria.

A! Lady Gagaren aurretik eta ondoren, New England Patriots (?) eta Atlanta Falcons (?) taldekoak ibili ziren baloi obalatua harrapatu nahian.

(Puntua paperezko aldizkarirako idatzitako artikuluaren moldaketa. 2017-02-24)

Wikipedia 15 urte… zutunik

Urteurrena

Urtarrilean, 15 urte bete ditu Wikipedia onlineko entziklopedia irekiak. Urteak sasoitsu bete ere: 250 hizkuntz desberdinetan idatzita dagoen entziklopediak jasotzen du, hilero, 500 milioi erabiltzaile bakarren bisita; gainera, itzela da pilatu duten artikulu kopuru: 38 milioi sarreretik gora.

Euskarazko Wikipediak ingelesezkoak baina urte batzuk geroago ekin zion bideari. Jaiotze data ofiziala 2001eko abenduaren 6a bada ere, ganorazko artikuluak bi urte geroago hasi ziren sareratzen, hain zuzen ere, 2003ko azaroaren 7tik aurrera. Gaur egun, 230.000 artikulu inguru ditu euskarazkoak. (Hemen, Wikipedia guztien zerrenda, artikulu kopuruaren arabera sailkatuta)

230.00 artikulu asko dira, baina ez nahikoak. Galder Gonzalez (@theklaneh) euskarazko Wikipediako bultzatzailetarikoak dion moduan, “artikulu geografiko asko ditugu, baita animalia ezberdinen artikuluak. Erroboten laguntzarekin Frantziar estatuko udalerri (ia) guztiak sortu genituen. Berdina eginez ornodunen katalogo osoa dugu bertan. Baina oso flojo gaude bestelako gaietan: anatomia, kimika… baita historian ere. Entziklopedia oso bat izan nahi badugu, horra hor erronka handia”. 

Wikipedian bizi izandako pasadizoa

2013an tokatu zitzaidan lan-bidaia egitea San Frantziskora, Amerikako Estatu Batuetara (handik bueltan idatzitako kronikatxoa). Bidaiaren egutegian bazegoen hitzordu interesgarri bat: Wikimedia Fundazioa bisitatzea (Wikimedia da, besteak beste, Wikipedia entziklopedia kudeatzen duen fundazioa). Bertako langileek ederki azaldu zizkiguten hango kontuak: zer nolako arazo legalak izaten zituzten zenbait testu eta irudiekin, beste enpresa teknologikoek egiten zioten jarraipen estua bertako langileak tentatzeko lan-eskaintza hobeekin, boluntario eta ordainpeko langileen artean batzuetan sortzen ziren gatazkak… Baina, oso bestelako kontu batek eman zidan atentzioa Wikipediako egoitza nagusi hartan: bertako langile askok eta askok zutik egiten zuten lan, ez jarrita! Horretarako, erabili beharrean ohiko mahaiak, erabiltzen zituzten erretzaileentzat taberna kanpoetan jarri ohi dituzten mahai altu horietako moduko altzariak.

pie-15748

Ordura arte, inoiz ikusi barik nuen bulego batean halako lan egiteko modurik; harrezkero ere ez zait antzekorik tokatu parean. Wikipediari berari esker jakin dut, ingelesez, standing desk esaten zaiela postu horiei.

Mila esker Wikipedia, eta mila esker editore guztioi!

(Puntua paperezko aldizkarirako idatzitako artikuluaren moldaketa. 2016-02-05)

Oharra: Argazkia Internetetik hartuta dago. Ez da bisita hartan egindakoa.

Youtuberren kalentura

Aurreko egunean, Mondragon Unibertsitateko Atabala blogerako idatzitako artikulu batean nire sorpresa erakutsi nuen irakurri nuenean Ikus-entzunezko Komunikazioko 1. mailako ikasleek egindako inkesta baten erantzunak. Kontua da, urtero, gradura etorritako ikasle berriek galdetegitxo bat bete behar izaten dutela, besteak beste, guk ezagutzeko zeintzuk diren euren gustuko esparruak eta jakiteko zertan nahiko luketen lan egin etorkizunean. Orain arte, gustuko lanbideen zerrenda horretan ohikoena zen aurkitzea, batez ere, telebistarekin lotutako jarduerak: kameralaria, aurkezlea, produktorea, gidoilaria… horrelakoak. Baina aurten, bi ikaslek sorpresa eman digute: esan dute etorkizunean Youtuberrak izan nahi dutela. Izan ere, aspalditxo, sekulako kalentura dago Interneten youtuberrekin.

Youtuberrak dira gazte horiek (gehienak 30 urtetik beherakoak dira) era desberdineko edukiak sortzen dituztenak YouTuben; bertan kanalak sortu eta, kasu askotan, jarraitzaile piloa lortu: ehunka, milaka eta, zenbaitetan, milioika jarraitzaile lortu ere. Hala, neska-mutil talde horretako ospetsuenak bilakatu dira bideoak ekoizteko makinak eta lortu dute erakartzea punta-puntako artista ezagunak baino jarraitzaile askoz gehiago. Zer egiten? Bada, denetik: ikuskuzun erara aurkeztuta, era guztietako gomendioak ematen, bizipenak kontatzen modu informal eta umoretsuan –askotan, era histrioniko ere bai–, partekatzen istorio pertsonalak, komentatzen bideo-joko partidak, dirua jasota edo ez, deskribatzen produktu berrien ezaugarriak…

Dagoeneko, genero horrek finkatu du ikus-entzuneko lengoaia propioa: luzera ertaineko bideoak izan ohi dira, 10-15 minutukoak (alegia, txikitu dute Interneteko bideoak derrigorrez laburrak izan behar duten mitoa), etxeko gela batean egoten dira grabatuta, kamera bakarra erabilita. Edizio maila handiko bideoak egon badaude, baina, askok nahiko itxura apala dute. Gainera, aurkezleek joera jakin batzuk jarraitu ohi dituzte: aurpegiekin keinu ugari egin, besoak eta eskuak modu adierazgarrian mugitu, kamerara hurbildu eta urrundu… Eta beste ezaugarri garrantzitsu bat: youtuberrak oso harreman estua izaten dute jarraitzaileekin; horretarako, jakina, batez ere YouTube bera erabiltzen dute, baina, baita Twitter eta Facebook ere.

Nola ez, hain modan jarri diren pertsonaia horiek marketinaren jomuga bilakatu dira. Batetik, autentikotasuna eta hurbiltasuna transmititzeko gaitasun handia dutelako, bestetik, onerako eta txarrerako, sekulako preskripzio ahalmena dutelako, gainera, ikuslearen pertzepzioan eragiteko inoizko indarra erakusten dute euren jarraitzaile sutsu ohi diren 12-25 urte arteko gazteen artean. Horregatik, erreproduzio asko lortzen dituztenek YouTubeko publizitatetik irabazi dezaketenetik aparte, hor ibiltzen dira jo eta ke unboxing eta antzeko ekintza komertzialak egiten kameraren aurrean edo boloen eta ekitaldien jardueran sartuta. Gogoratu beharra dago antzeko prozesuak gertatu izan direla lehenago ere Interneten. Esate baterako, blogarien post ordaindutakoekin, edo geroago, Twitterren, pertsonaia famatuen txio pagatutakoekin. Azken horren adibide adierazgarria da Oprah Winfrey kazetari iparramerikarraren txio barregarri hura

Fenomenoaren dimentsioa ulertzeko adibide batzuk. Espainian, esaterako, Ruben Doglas El Rubius 25 urteko youtuber malagarrak ia 14,5 miloi (!) jarraitzaile bildu ditu, eta badira antzeko gehiago. Gurean ere badaude azpimarratzeko moduko youtuberrak: Borja Luzuriaga Luzu bilbotarra edo, maila apalago batean, Telmo Trenado zumaiarra eta Iban Garcia azpeitiarra azkoitiarra. Luzu-k, esate baterako, sei milioi (!) baino jarraitzaile gehiago lortu ditu Los Angelesetik kudeatzen dituen gaztelerazko hiru kanalak batuta. Telmo Trenado magoa eta Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko ikasleak 53.000 jarraitzaile ditu gazteleaz elikatzen duen magiari buruzko kanal espezializatuan. Iban Garcia 16 urteko gaztea, azkenik, oso ezaguna egin da euskal gaztetxoen artean. Azkoitiarrak 31.000 jarraitzaile ditu gaztelerazko kanalean eta 700 bat euskarazkoan. Jarraitzaile kopuru erraldoi horiek guztiak lortzen ohi dituzte neurri handi batean Latinoamerikan, izan ere, gaztelerazko kanalek eta Espainiako youtuberrek sekulako ospe ona dute gazteleraz hitz egiten den herrialdeetan. Tamalez, gaur gaurkoz, youtuberren munduan (ere) euskarak oso toki txikia du.

Diskurtso eta edukiari dagokionez, hor dabiltza bi munduak borroka desorekatuan: egon badaude bideo sinpatiko eta interesgarri asko, baina, zabor mordoa ere bai. Jarrialdi berean ikus daitezke, esate baterako, 800.000 jarraitzaile dituen JPelirrojo youtuber madrildarra, bere estilo histrioniko samarrean, kontatzen bi gizon nagusien amodio istorio bitxia/polita, YelloMellow emakume katalana (900.000 jarraitzaile) bere neska-lagunarekin dituen gorabeherak partekatzen edo azaltzen bere armairutik irteera (eza) edo Pikara magazineko Alicia Murillo (1.400 jarraitzaile) youtuber feministaren El conejo de Alicia kanal borroka-barregarria. Beste muturrean, hor daude edertasuna, moda eta enparauen gaia aintzat hartuta, emakumeen rol tipikoenak betikotzen dituzten milaka bideo (horietako gehienak, por tzierto, emakumezko youtuberrak egindakoak); edo, esaterako, AuronPlay (2,7 miloi jarraitzaile) eta Wismichu (3,3 milioi jarraitzaile) youtuber ezagunek ustezko txantxa telefoniko batean arduragabeki antzezten, berez, emakumeen kontrola eta tratu txar psikiko eta fisiko direnak

Fenomeno faszinagarria da youtuberrena. Joera  bat eskatzen dituena hurbilketa irekia eta neurri bereko ikuspegi kritikoa. Modu batera edo bestera, kontu honek hartu duen neurria ikusita alferrik da, besterik gabe, purrustaka hastea Aitona Zebolletaren estilora.

PD. Proposamen bat etxean edo inguruan gaztetxoak dituzuenontzat: galdetu zeintzuk diren euren gustuko youtuberrak. Akaso, bideoak ikusita, sorpresa bat edo beste hartuko duzue, edo, gutxienez, balioko dizue jakiteko zer dela eta, azkenaldian, neska-mutiko horrek ematen dituen hainbeste ordu ordenagailuaren aurrean. Nik 17 urteko ilobarekin egin dut froga: Wismichu aukeratu du :-(

(Post hau da moldaketa bat Puntua paperezko aldizkarian 2015eko azaroaren 6an argitaratutako artikulu batena).

Aspaldiko txio arriskutsu horiek

(Puntua paperezko aldizkarirako idatzitako artikuluaren moldaketa. 2015-07-22)

Azkenaldian, zenbaitzuk erabiltzen ari dira Twitteren argitaratutakoak egilea kritikatzeko, erasotzeko eta, oro har, kalte eragiteko. Jardun horretan ari diren “zaintzaileak” txiolariaren timelinea goitik behera arakatu –horrek daukan lanarekin!–  eta txio konprometituak, alegia, erabilgarriak hartzen dituzte. Geroago, tuit jakin horiek bolo-bolo zabaltzen dituzte, kasu gehienetan, gainera “ohiko” hedabideak erabilita, hau da, telebista, irratia eta paperezko prentsa. Jakina, bost axola zaie halakoei, txio horien guztien testuingurua edo egilearen benetako asmoa.

Aipatutako moduko azkenaldiko hiru kasu datozkit gogora. Lehena, Madrilgo udaleko zinegotziarena da. Guillermo Zapata (@gzapatamadrid) Podemos alderdiko zinegotziaren 2011ko txio batzuk berrartu zituzten asmo garbi batekin: politikari gazteari zilegitasuna kentzea. Hala, kontzentrazio-esparruetan hildako judutarren gaineko txiste beltz ezagun haiekin sekulako txilinbuelta egin, eta erabili zituzten argudiatzeko Zapata antisemita amorratua zela eta nazi petoa. Gainera, udaleko Kultura zinegotzia izendatu aurretik ere, bere dimisioa eskatzeko erabili zituzten txio horiek.

Bigarren kasuan, gertuago gertatu da, Iruñean. Erasotua, Ainhoa Aznares (@ainhoaaznarEZ) Nafarroako Parlamentuko presidente izendatu berria izan da, kasu honetan ere, Podemoseko militantea. Han eta hemen kritikatutako txioan ageri da Aznares bera, iazko Sanferminetan, taberna batean garagardoa edaten txorrotik bertatik. Kritiken ildoa ere argia zen: horrelako baldarkeria (?) egiteko gauza denak ez du parlamentuko presidentea izatearen nahiko ohorerik.

Hirugarren adibidea berriagoa da, Julio Rey (@Julio_Rey10) futbolariarena. Kontua da, Vilagarcía de Arousako (Pontevedra) futbolari gaztea kontratatzekotan zebilela Coruñako Depor futbol taldean. Baina, halako batean, 2012an botatako txio dontsu hura berreskuratu dute: “Puta Depor. Puta Riazor”. Eta, akabo fitxaketa. Alferrik izan dira gaztearen barkamen eskaera eta azalpenak: “17 urte nituen, eta ez nuen ulertzen halakoen ondorioak”.

Zer dago horien txio horien guztien erabileraren atzean? Hasteko, “zaindari” horien hipokrisia galanta eta, gainera, Internet eta sare sozialak deslegitimatzeko gogo handia. Eta, nola ez, sare sozialen erabilera eta argitaratutakoen ondorioen gaineko hausnarketa egin beharra.

Adituek gomendatzen dute, nola ez, tentuz eta ganoraz erabiltzea Twitter; eta, badaezpada, hilero-edo gainbegiratzea botatako txioak, betiere, aurreikusteko, testuingurutik ateraz gero, zein izan daitekeen aurrerago txio horien guztien irakurketa gaiztoa.

Oharra: txiolaria bazara eta artikulu irakurrita apur bat estutu bazara, lasai, badaude makina bat doako tresna txio “arriskutsuak” ezabatzeko. Esaterako, Delete Multiple Tweets, Tweet Delete edo Twit Wipe. Asko larritu bazara, ordea, tresna dramatiko hau ere erabili dezakezu zure timeline-a erabat garbitzeko: Delete All My Tweets.

Troll-ak elikatzen, kontakizun laburra

Orain 20-25 bat urte, Espainia aldean, “troll” esaten zitzaion nekazal giroko gizon zakar, katxarro eta, itxuraz batean heterosexualari, baina, laugarren sol y sombra edan eta gero (Euskal Herrian, lau patxaran kopakada izaten ziren), beste gizon batekin sexu harremanak izateko prest egoten zenari. Isileko baldintza bakarra zegoen landa inguruko harreman haietan: hurrengo egunean trollak ez zuen ezertxo ere gogoratuko.

Eta, geroago, izen bereko Interneteko nazkante horiek etorri ziren.

Etorkizuneko kazetaritzarekin bueltaka

(Puntua paperezko aldizkarirako idatzitako artikuluaren moldaketa. 2015-02-20)

Britainia Handiko BBC komunikazio korporazio publikoak ariketa interesgarria egin du: egungo egoeratik abiatuta, prospektiba egin eta irudikatu du nolakoa izango den 2020. hamarkadako kazetaritza. Emaitza interesgarriak jasotzen ditu lanak. Proposamen batzuk dagoeneko aurreikusten dira; beste batzuk, aldiz, zaila da sinesten bost urte barru gauzatzen hasiko direnik.

Batetik, eta teknologiari erreparatuta, BBCren lanaren arabera, gero eta gehiago erabiliko dira teknologia berriak (noiz arte jarraituko dugu “berriak” direla esaten?). Gero eta eskurago egongo dira tresna eta gailuak, bai erabiltzaile arruntentzat eta baita ere informazioa ekoizten dutenentzat. Gauzen internetak ere eragin handia izango du gure bizitzan eta komunikazioa kontsumitzerako orduan, eta, hala, laster, inguratzen gaituen gauza guztiekin komunikatu ahal izango gara, hozkailuarekin, sukaldearekin, kafeterarekin… Horrekin lotuta, gero eta handiagoa izango da big data edo datu masiboen erabileraren garrantzia: hori bai, gero eta datu eta informazio gehiago emango ditugu –eman beharko ditugu– gure ohiturei eta gure buruari buruz. Herrialde eta pertsonen aberats eta pobreen artean alde handiak egongo dira, baina BBCk kalkulatzen du, 2020an, gizaki bakoitzeko 10 dispositibo egongo direla konektatuta Internetera.

Telebista batez ere Internetetik ikusiko dugu. Aipagarria da albistegietako hartzaileak bizi izango duen zahartze prozesua: gazteek alboratu egingo dituzte ohiko formatuak. Etorkizuneko telebista saioak egungoak baino askoz parte hartzaileagoak izango dira. Gainera, orain arteko ikuslea bilakatuko da protagonista. Errealitatea eta fikzioa uztartuko dira, esaterako, ikuslea bilakatuko ahal izango da alegiazko auto gidari benetako auto lasterketa bateko zuzeneko emankizunean. Nobedade gutxiago pantailen masifikazioari dagokionez: pantailak nonahi aurkituko ditugu. Gainera, informazioa sakelako telefonotik jasoko dugu.

Kazetaritzaren esparruan, albiste on bat tokiko komunikabideentzat: garrantzi handia hartuko du tokiko informazioak. Bestalde, aurrera egingo badute, hedabideek gero eta parte hartzaileagoak izan beharko dira: kolaboratzaile bilakatuko da orain arte hartzaile izan dena. Alde horretatik, hedabide baten lehiakiderik handiena ez da beste hedabide bat izango, albistearen protagonista bera baizik (ordurako, informazio ekoizle bilakatutako protagonista). Egungo joeran sakonduta, 2020an robotek egingo dute egun kazetariek egin ohi dituzten lan asko eta asko: buletin pertsonalizatuak, datuen eta emaitzen kudeaketa, albisteen eta alerten bidalketa…  Kazetaritza formatuei dagokienez, tarteko neurrien kaltean, bi formatu nabarmenduko dira: albiste laburrak eta erreportaje luze eta sakonak.

BBCren arabera, hori guztia 20ko hamarkadan gertatuko omen da, Britainia Handian. Eta gurean? Nola irakurriko dugu bost urte barru hau moduko artikulu bat? Paperean inprimatutako Puntua-n?

Chumbo Google Earth-en

Entzun izan dut Google Earth erabilita, in fraganti harrapatu izan dituztela lapurrak denda eta etxeetan sartzen edo denon bistan geratu izan direla bikotekideen arteko infideltasunak, justo ekintzaren unean, bertan tokatu izan direlako Googleren kamerak.

 

Niri gertatu zaidana ez da hainbestekoa izan, baina, bai, ziragarria: gaur begiratu dut lehenengo aldiz Google Earth-en etxe aurreko bidearen irudiak eta hara non agertu den 2011ko maiatzean hildako gure txakurra, etxe aurrean, lasai-lasai, lotan.

 

chumbo1

 

Google Earth-en kreditoen arabera, irudiak hartu ziren 2009ko urrian. Batetik, sustoa hartu dut eta pena puntua eman dit txakurra ikusteak, baina, bestetik, Google Earth-en irudiek badute gauza polit bat: bete-betean harrapatu dute gure txakurra bere zaletasun handienetariko bat egiten: siesta suizidan. Bai, sekulako joera zuen txakurrak, ondoko bedarrean barik, bide bazterrean lo egiteko, beti ere, gure aginduei kasu egin barik eta, jakina, erreparatu barik arriskuei eta bide horretan dagoen autoen joan-etorri handiari.

 

Hau ote da argazki-makinarekin “arima harrapatzea”?

 

Chumbo3
chumbo2

Silicon Valley edo Interneteko aplikazioen sukarra

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak bidalita, Kaliforniara joateko aukera izan dut bertatik bertara ezagutzeko Silicon Valley-n dagoen ekintzailetasun teknologikoen oinarriak. Ikasketa bidaiaren antolatzaileak izan dira MUko Leinn graduko ikaslez osatutako Tazebaez taldekoak. Aste betean, makina bat ekintzaile eta enpresa ezagutzeko aukera izan ditugu. Batez ere, bisitatu ditugu startup-ak edo teknologia berriekin lotutako enpresak, baina, baita ere ekintzailetasun soziala bultzatea xede duten irabazteko asmorik gabeko erakundeak eta unibertsitateak.

Argazkiak.org | Coworking gunea San Frantziskon © cc-by-sa: goioarana

Agerikoa da, startup teknologikoak sustatzeko ekosistema aproposa eratu dutela Sillicon Valey-n. Ikusitakoaren arabera, hiru ezaugarritan, behintzat, badago oinarrituta ingurune hori: pertsonen talentuan, sortu duten sare osagarrian eta inbertsiogileen presentzian.

  • Talentua. Egun, munduko programatzaile prestatuenak eta ekintzaile sutsuenak doaz Kaliforniara lanera. Lehenak doaz lan espezializatu eta ondo ordainduen bila, bigarrenak, aldiz, finantziazio bila garatzeko sortu duten Internet aplikazioa edo Apps-a; eta, denak arrakasta eta aberastasunaren bila. Joandako ekintzaile askoren ametsa da aplikazio eraginkor bat sortu eta beroi saldu enpresa handi bati (alde horretatik, oraintsu argitaratu den Nick d’Aloisio gaztearen eta Summly aplikazioren kasua izango litzateke Kaliforniara joandako askoren ametsa). Gaitasun handiko gizataldea bildu da Silicon Valley inguruan, baina, han dagoen lehiakortasuna ere itzela da. Eneko Knörr San Frantziskon lekututa dagoen Ludei euskal startup-aren arduradunak dionez, “kalkulatzen da, gaur egun, 5.000 bat startup daudela San Frantzisko finantzazio bila. Horietako %3k bakarrik lortzen du arrakasta”.

  • Sarea. Silicon Valley-n sortu du industria osagarri ahaltsua emateko ekintzaileei eta startup-ei behar dituzten guztiak, esaterako:

    • Coworking guneak. Alegia, beste ekintzaile batzuekin partekatzeko lantokiak. Horietan, zerbitzu komunak izatetik aparte (wifi-a, jangela, bilera eta hitzaldi aretoak…) bakoitzak aloka dezake duen beharren araberako tokia: jarleku bat, mahai bat, gela bat, bulego oso bat… (duten prezioen ideiara egiteko, mahai bat alokatzeak balio du 700-800 euro hilero). Halako langune mordo-mordoa dago San Frantziskon. Gainera, enpresa askok erabaki ohi du horrelakoak hartzea luzerako bulego “ofizial” moduan, adibidez, lehenago aipatutako Ludeik berak edo Spotify musika banatzaile ezagunak… baina, argi! horrek ez du esan nahi enpresa horiek diruz larri daudenik edo ezin izango zutenik bulego propiorik eduki. Kontrara, startup askok propio erabakitzen du coworking guneeetan lekutzea halakoetan oso giro sortzailea egoten delako eta aukera paregabea delako jatorri desberdineko lagunekin topo egiteko. Alde horretatik, lantoki horiek bilakatu dira Silicon Valley-en hain garrantzitsua den networking edo lanerako sarea eratzeko tokirik ezin aproposagoak.

    • Denetariko ebentoak eta pitching-ak. Han-hemenka ekitaldi ugari antolatzen dira ekintzaileek ideiak parteka ditzaten eta euren arteko elkarlana bultzatzeko asmoz. Ekitaldien artean, garrantzienetarikoak dira diru bila dabiltzan ekintzaileak eta inbertsiogileak harremanetan jartzeko pentsatuta dauden pitching-ak. Pitching aurkezpen modu azkar bat da non ekintzaileak hiru minutu (hiru!) izango ditu, azalpen argi eta erakargarrien bidez, pizteko inbertsoreen interesa. Denbora oso baliotsua da Silicon Valley-n!

    • Ekintzaileentzat zerbitzuak. Denetariko zerbitzuak eskaintzen dira: gelak, ekintzaileentzat ostatuak, hotelak… gurea moduko turismo teknologikoa ere koka daiteke zerbitzu eskaintza osagarri horretan.

  • Inbertsiogileak. Diru mordoa mugitzen da Kalifornian startup-en bueltan. Gainera, maila desberdineko inbertsiogileak daude, batzuk diru gutxi jartzen dutenak (6.000 dolarretik gora), beste batzuk, ordea, kopuru itzelak. Balizko irabazien %20en truke, inbertsiogileek diru asko inbertitzen dute startup berrietan.

Inbertsio bila AEBetara joateraren arrazoietariko bat da han, gurean ez bezala, era horretako proiektuek porrot egiten dutenean, galtzen dena da funtsek jarritako dirua, eta ez hemen gerta daitekeen moduan, nor beraren jabetzak. Esandakoarekin lotuta dago, Kalifornian, porrot egiteari ematen zaion zentzu baikorragoa: porrota hartzen dute ikasteko ezinbesteko urrats bezala, eta, ondorioz, konfianzarekin saritzeko modukoa, alegia, inbertsioekin. Ekintzaile katalandar bati entzundakoaren arabera, “ulertzeko zaila da guretzat, baina, San Frantziskon, nekez lortuko duzu inbertsioa aurretik ez baduzu beste proiekturen batean kale egin. Izan ere, inbertsiogileek badakite, aurretik inoiz porrotik egin ez duenak, errazago egingo duela lehenengoan. Hori bai, egitasmo berrian erakutsi behar duzu aurreko porrotaren irakaspena barneratu duzula”.

Esandakoa, Silicon Valley-n bildu dira, batetik, lan mordoa egiteko gertu dauden ekintzaile eta sortzaileak. Horietan ikusten da pasioa, kemena eta aurrera egiteko gogo bizia. Bestetik, badago horiek guztiak babesten duen kultura eta industria oso bat. Eta, azkenik, nola ez, kapitala, horrek ezartzen dituen joko-oinarri zorrotz eta gogorrekin.

Noiz arte iraungo duen Silicon Valley-koak? Adituen arabera, inbertsioak mantentzen diren unera arte. Izan ere, han aurki daitezkeen bestelako baldintzak eskaini eskaintzen dira bestela ere munduko beste bazter askotan, eta gainera, AEBetan baino modua merke eta erosoagoan (oso garestia da startup-a Silicon Valley-n lekutzea, gainera, kontuan hartu behar da AEBetan jarduteko lan-baimena ere ezinbestekoa dela), baina, han omen dago, gaur gaurkoz, teknologian inbertitzeko dirua.

Nik hari guztiari urre sukarraren antz apur bat ere hartu nion: lehenago, makina bat lagun urre bila joan zen moduan, egun, milaka ekintzaile itxaropentsu doaz hara, sortu duten zerbitzua edo Apps-a urre bilatzeko asmoarekin.

Eldiarionorte.es

Irakurri dut Gananzia.com-en Espainiako Eldiario.es webgunea jauzia prestatzen ari dela Euskal Herrira. Albistearen sarreraren arabera, Prisa-n ibilitako sei kazetari ari dira proiektua garatzen. Dagoeneko, domeinua ere hartuta dute: Eldiarionorte.es, nahiz eta oraindik oinarrizko webgunera lotuta dagoen helbide hori.

Blog honetan bertan idatzia dut gustuko dudala Eldiario.es webgunea. Batetik, Espainian gertatzen denari buruz informatzeko toki egokia da, ikuspuntu ezkertiarra du, eta informazio interesgarriak jorratzen ditu. Bestetik, kolaboratzaile eta iritzi emaile talde polita osatu du, eta, batez ere, oso ondo ulertu du informazioa eta Interneten arteko harremana. Hori bai, webgune horretan sumatzen dut faltan ikus-entzunezko baliabide gehiagoren erabilara.

Hedabide berri bat. Horrela esanda, albiste pozgarria izan daiteke El Diario Norte jaiotzea, baina, kezkak ere sortzen dizkit:

– Hizkuntzaren hautuaEz daukat esaterik, baina, susmoa dut gaztelania izango dela jaun eta jabe albistegi horretan. Gainera, elebiduna izanda ere, dagoeneko denok dakigu bi hizkuntzen aukerak ez diola mesede handiegirik egingo euskararen normalizazioari.

– EH, EAE? Zein izango da esparru komunikatiboa. Eta, non jarriko dute ardatza? Nora eta nori begira? Ikuspegi ezkertiarra izanda ere, nago dagoeneko Madrilera begira dagoen hedabide nahikotxo dugula bestela ere.

Baina, nire kezka nagusiak erakusten du aldi berean gure ahuldadea: nola leike horrelako webguneak tokia aurkitzea geurean? Nola ez da oraindik antzekorik sortu hemen? Eta, okerrena: ia seguru nago, gauza askotan, hemen eta orain ditugunak baino webgune hobea egingo dutela Eldiario.es-eko seme-alabek! Besteak beste, hemen dauden informazio-webgune gehienak lotuegi daudelako paperezko euskarriei, bai, kazetaritza egiteko moduan eta baita ere edukiak aukeratu eta jorratzeko eran. Horra, komunikazio paradigma aldaketak sortu duen paradoxa bitxia: paperezkoa atzean izatea indargune barik, askotan, ahulgune eta morrontza bilakatu da: ohitura zaharrak, ausardia falta, langile kopuru handiak, eredu ekonomiko kontrajarriak…

Bestalde, atzo bertan bota zuen Urtzi Urkizu Berria-ko kazetariak txio ilusionagarria. Tuit horretan aurreratzen zuen ekainean aurkeztuko dela Berria.info webgune berritua. Bada, Interneteko nazio mailako euskarazko orainkari indartsua izan artean, euskaldunok jarrita dugu esperantza Berria.info-ren ahalegin horretan eta Sustatu.com, Zuzeu.com eta Argia.com-en.

Captura de pantalla 2013-02-23 a las 10.44.38

Blogak euskaraz, dekalogoa

Blogak bigarren loraldia bizitzen ari dira Interneten. Zeu ere halako bat sortzekotan bazabiltza, horra 10 arrazoi beroi euskaraz egiteko:

  1. Dibertigarria da. Uste dut hori ez dagoela lotu-lotuta hizkuntza aukeraketarekin, baina, horrela da, blogean euskaraz idaztea dibertigarria suertatzen da. Galdetu, bestela.
  2. Txoko mordoa dago libre. Barka, erabilitako metafora gogoa kentzeko modukoa bada, baina, euskal blogosfera da hilerri eraiki berri moduko bat: horma-hilobi gehienak hutsik daude oraindik. Nahi dituzun gaiak, eta nahi duzun adarretik helduta landu ditzakezu. Segurutik, ez duzu inguruan antzeko larregirik aurkituko eta konturatuko zara berezia zarela.
  3. Troll gutxi dago. Euskaraz idaztea erabakitzen baduzu, askoz lasaiago biziko zara. Gure artean ere badira trollak, jakina, baina, ez dira asko. Esan beharra dago gainera, dauden gutxiak ez direla batere originalak eta, gehienetan, pizten direla politika kontuen bueltan.
  4. Alegiazko probintzia horretan topo egingo duzu lagun jatorrekin. Blogaren bueltan ezagututako askorekin ez zara sekula santan aurrez aurre egongo; baina, akaso, halako batean, ekitaldiren batean, horietakoren bat agurtu ahal izango duzu botatako iruzkin jakin hura aitzakia hartuta. Amodioa airean dago.
  5. Ez daukazu izan beharrik euskaltzain oso ezta urgazlerik ere. Denok gozatzen dugu bikain idatzitako testuekin, baina, ez dadila hori izan gaindiezineko traba. Ez da hain kontu larria egitea akats ortografikoren bat edo beste (edo behar beste). Gehienok izaten ditugu zalantza asko euskaraz idazterakoan. Lasai, kontu horretan ez dago presio handiegirik.
  6. Momentu altruista: lagunduko duzu tokia ematen euskarari. Sarean ere, euskara dena beharrean dago: eduki luzeak eta motzak, arinak eta sakonak, serioak eta txantxetakoak… Zeuk erabaki nondik jo. Prezioa, behintzat, ez dadila aitzakiarik izan, debalde da!
  7. Ego handikoa bazara, botikarik onena. Ohitu beharko duzu kopuru txikiak ikusten bisitarien estatistiketan, eta ikasi horiek aintzat hartzen. Buztan luze dontzu horretan, eskubiko azken koskan-edo pilatuta gaude denok. Oso bazter alai eta askea da, nolanahi ere.
  8. “Norbait” izatera iristeko aukera izango duzu. Euskarazkoa komunitate txikia izanik, beste edozeinetan baino aukera handiagoak dituzu nabarmentzeko. Hori bai, horretarako eskatuko zaizkizu originaltasuna eta izatea ukitu berezia.
  9. Ez duzu sinatu beharrik iraupen-konpromiso hitzarmenik. Nekatzen bazara, bertan behera utzi bloga, eta listo. Zeuk erabaki egun hori iritsita, agur mezurik botako duzun ala ez. A! berriro itzultzea erabakiko bazenu, eskuzabal hartuko zaituzte berriro ere: oso esker onekoa da euskal blogosfera eta dauka txakurkume baten umiltasuna.
  10. Oso cool da. Blog bat euskaraz edukitzea modernoa da eta ematen du itxura ona. Oso euscool da.