Category: Ikuskizunak

Montoia, Kantuaren kantoian

Lau urte daramate antolatzen Durangoko Plateruenean Kantuaren kantoia elkarrizketa musikatuak.

Formatu txikiko ikuskizuna da. Bertan, nahasten dituzte musikari ezagunei egindako elkarrizketa sakonak eta musika joaldiak. Atzo, aukera egon zen bertatik bertara ezagutzeko Xabier Montoiaren mundu “miresgarria”.

Modu akustikoan jotako kantuen artean (Ibon Rodriguez musikariaren laguntzarekin), sekulako perlak bota zituen Montoiak: nola eta zergatik hasi zen euskaraz abesten, zergatik dagoen aspertuta M-ak-en gainean hitz egiten, zer egingo lukeen literatura sariekin (eta zer sari horietan irabazitako sosekin!), nola sortzen dituen kantuak, nolatan egon zen bi urte batere musikarik entzun gabe,  zergatik txandakatzen duen musika eta literatura, nola iritsi den gaur egun egiten duen musika estilora…

Oso formatu interesgarria da: elkarrizketa pertsonal-profesionala (Jonan Hernandezek bikain gidatuta), zuzeneko musika eta entzuleen parte hartze zuzenarekin (besoa altxatu, eta galdera edo komentarioa botata). Hori guztia, giro lasai eta intimoan. Oso gomendagarria.

Urtero, lau musikari egon ohi dira Durangoko elkarrizketa musikatu horietan. Aurten, Ruper, Josu Zabala, Xabier Montoia eta Toño Muroren txanda izan da. Aurreko ediziotan egon izan dira, esaterako, Anari, Urdangarin, Ines Osinaga, Txuma Murugarren eta Petti.

Ekitaldiak azaroko ostegunetan izaten ari dira, 20:00etan, eta debaldekoak dira.