Category: Goiena

Gertutasunaren tristurak

Ohitura dut begiratzeko Goienak Interneten argitaratzen dituen eskelak. Konturatu naiz gainera, azken urteotan, lehen baino kasu handiagoa egiten diodala informazio mota horri. Beste ale batetik, onartu behar dut Jaiotzak atalari ez diodala hainbesteko harretarik jartzen: aitortzeko gogor samarra da, baina, normalean, oso zaharrak ez badira behintzat, ezagunagoak egiten zaizkik hildakoen zerrendan agertzen direnak, jaioberrien atalean azaltzen diren guraso gazteak baino. Adinaren kontuak.

Oraingo astean, ostera, sekulako zirrara jaso dut aipatutako bi atal horien errepasoa egiterakoan: astebeteko aldearekin, debagoiendar bera agertu da bietan.

Horrela izan da: zazpi egunen bueltan, birritan ikusi dugu Jorge Salazar oñatiarra Goiena.net-en. Lehenengo aldia izan zen pasa den astean, orduan, ibarreko bikote gehienek egiten duen moduan, Arantzazu Igarzabalek eta Jorgek Salazarrek aurkeztu egin zuten herriaren aurrean Irati, euren alaba jaioberria. Bigarren aldian, ostera, Jorgeren eskelan izan da: hilaren 24an hil zen gazte oñatiarra Bilbon izandako moto istripu batean.

jaiotza-hildakoa-biak

Edozein aldetik begiratuta ere, kointzidentzia gogorra eta tristea.

Berehala etorri zait burura, era horretako bat-etortze gogorrak, gertuko prentsan gertatu ohi direla bakarrik: Goienarena moduko prentsa mota hori non ume jaioberri bat albiste (pozgarria) den, eta, neurri berdinean, herritar baten heriotza berri (tristea) bilakatzen den. Nekez gerta daiteke antzekorik hedabide handi batean, ez behintzat, hildakoa edo jaioberria pertsonaia ezaguna ez bada.

Ez naiz izan inguruan kointzidentzia horrekin konturatu den bakarra, eta denok ere hitz bera aipatu dugu: pena, pena handia. Aurrez aurre ezagutzen ez duzuna, baina, une batez, gertuko hedabideei esker, hurbil sentitzen duzun bizilagun batengatik sentitzen duzun tristura.

Goiena Komunikazio Taldeari buruzko artikulua, “Uztaro” aldizkarian

Uztaro aldizkarian, Aitor Zuberogoitiak eta biok idatzitako artikulua argitaratu dute: Goiena Komunikazio Taldea: tokiko talde multimedia baten kasu-azterketa. Artikulu akademiko horretan, Debagoieneko Goiena Komunikazio Taldea hartu dugu hizpide. Ikerlana gauzatzeko, lanaren izenburuak dion moduan, erabili dugu kasu-azterketaren metodologia, alegia, erakundean murgilduta, sakon jorratu dugu bere ibilbidea eta nortasun ezaugarriak.

Lana idatzi ahal izateko, hasteko, taldearen gainean idatzitako bibliografia aztertu genuen. Geroago, jorratu genituen erakundearen 160 dokumentu desberdin: batzar-agiriak, aktak, txostenak… Ondoren, taldearen lehendakaria elkarrizketatu genuen; eta, bukatzeko, antolatu genuen zazpi adituk osatutako focus group-a edo eztabaida-taldea.

Goienari buruzkoa, bi xede betetzeko asmoarekin idatzitako artikulua da. Batetik, jaso nahi genuen oraindik inon bildu barik zegoen erakundearen hamaika urteko ibilbidea. Bestetik, hurrengo bi ikerketa-galderei ere erantzun nahi izan dizkiegu: zeintzuk dira Goiena Komunikazio Taldearen ezaugarri bereizgarriak? Zeintzuk izan dira taldearen lorpen nagusiak?

Lana egiterakoan, konturatu gara, izan arren Debagoienekoa Euskal Herrian dagoen tokiko komunikazio talderik handiena, oso gutxi idatzi dela berari buruz. Alde horretatik, ikerlan hau hutsune hori betetzen hastera ere badator.

Gaian sakondu nahi duenentzat, zerrenda honetan bildu ditut Goiena Komunikazio Taldeari buruz, modu monografikoan behintzat, idatzitako txosten, artikulu akademiko eta erdi-akademikoak:

  • Arana, G., Zuberogoitia, A. (2012). Goiena Komunikazio Taldea: tokiko talde multimedia baten kasu-azterketa. Uztaro, 83, 71-90. Hemendik jasoa: http://bit.ly/WG0qGB
  • Arana, G. (2008a). Goienkaria: Debagoieneko astekaria 2000-2007. Hemendik jasoa: http://bit.ly/KDftKS
  • Arana, G. (2008b). Goiena.net: Debagoieneko Internet ataria. Hemendik jasoa: http://bit.ly/JH1JPo
  • Arantzabal, I. (2005). Kazetari multimediaren bidea. Mediatika, 11, 265-269. Hemendik jasoa: http://bit.ly/zxobli
  • Arana, G. (2004). Small, but powerful!. Design Journal, 90, 23-25. North Kingstown: SND. Hemendik jasoa: http://bit.ly/ZTelQF
  • Arregi, I. (2003). Goiena Komunikazio Zerbitzuak 2000-2003. In: Topagunea (ed.). (2003). Tokiko hedabideak etorkizunera begira. III. Jardunaldiak, (139-151).  Abadiño: Topagunea.
  • Aztiker (2012).  Goiena Komunikabideak: irakurleak, asebetetzeak, ohiturak eta etorkizuneko joerak/jokaerak, 2012 [txosten argitaragabea].
  • Irizar, M. (2001). Goiena esperientzia. Eskualdeko multimedia talde baten sorrera. [Txostena]. Arrasate: Goiena. Hemendik jasoa: http://bit.ly/KXEmD4
  • Larrañaga, J. (2008). Ikerketa-bideak konbergentzia mediatikora hurreratzeko. Goiena Komunikazio Zerbitzuak, Koop. E.-ren adibidea. Uztaro, 64, 69-81. Hemendik jasoa: http://bit.ly/wnpcdG