Category: Gizartea

Milagarren aurkezpeña

Tonto-tonto, 1.000. aurkezpeña gorde dut Pinterest irudiak biltzeko aplikazioan. Orain lau bat urte hasi nintzen bilduma osatzen. Multzoari begiratuta, gordetako lehen argazkia izan zen Arnaldo Otegiren askatasuna eskatzeko Logroñoko kartzelaren aurrean egindako aurkezpeña. Gaurkoa, ostera, milagarrena, Paul Abasolori emandako indultua salatzeko aurkezpeña izan da.

Captura de pantalla 2015-12-17 a las 14.46.11

Jasotako argazki gehien-gehienak Euskal Herrian egindakoak dira, baina, badira gutxi batzuk kanpoan aterata daudenak, hala nola Madrilen, Txilen eta Andaluzian.

2012. urterako begi-bistakoa zen aldaketa bat ematen ari zela aurkezpenak eta prentsaurrekoak egiterako moduetan. Fenomenoari izena jarri eta horri buruzko post laburraa idatzi nuen 2012ko otsailean Sustatun.

ee19d635a21f920f99ac0d0358a2c0a9_m

Jakina, nik bildu ditudanak baino askoz aurkezpeña gehiago egin dira gurean. Nik neuk gorde ditut bakarrik parean tokatu zaizkidanak. Noizbehinka, gainera, laguntzaile batzuk bidali izan dizkidate irudiak edo URLak. Horiei guztiei, mila esker.

Ikusi duzuenez, denetarik dago bilduman: batzuk oso eszenografia apaindua dute, beste batzuk, ordea, soil-soilak dira; badira mozorroak, kokapen bitxiak, jende askorekin, gutxirekin…

Esan beharra dago, azkenaldian jaitsi dela aurkezpeñen erritmoan, batez ere, egun, beste era bateko aurkezpenak egiten direlako. Esate baterako, mahai baten bueltan bildu beharrean, gaur egun gehiago egiten dira atril baten aurrean jendaurrekoak. Hori bai, batzuek zein besteek dute ezaugarri komun bat: atzeko aldean, ahalik eta peña gehien biltzea.

Akaso, bildumak balio lezake aztertzeko nor da nor Euskal Herrian, aurkepeñen arloan… por tzierto, zu bazaude argazkiren batean?

Horixe, batzuk zigiluak, txanponak, posabasoak edo panpinak biltzen dituzten bitartean, nik aurkezpenak, kartelezpeñak eta kamiseztapeñak pilatzen ditut.

 

Bederatzitik, bostetan

(Goienako Zabalik atalerako idatzitako iritzi artikulua: 2005-05-31)

Pasa den astean inauguratu zen, modu ofizialean, MUko Aretxabaletako campus berria, bertan eskaintzen dira dagoeneko Ikus-entzunezko Komunikazio gradua eta zenbait graduondo. Aretxabaletakoarekin bi dira Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak dituen campusak, Eskoriatzakoa eta Aretxabaletakoa.

Ez dut ezagutzen antzeko kasurik: bederatzi herritako eskualde batean, bost herrik daukate unibertsitate mailako ikasketa eskaintza. Gurean, Oñatin Enpresagintza dago; Arrasaten, ingeniaritzak; Eskoriatzan, hezkuntza; Aretxabaletan, komunikazioa eta, Bergaran, UNEDeko urrutiko ikasketak. Bada marka! Izan ere, ohikoena –eta errentagarriena– izaten da unibertsitateak lekutzea hiriburuetan, erakarpen handia duten gune handietan, eta ez geureak moduko herri txikietan.

Unibertsitatea egon badago, baina igartzen da gero giro berezirik gure herrietan? Badago gurean gune unibertsitarioetan egon ohi den giro gazte eta alai hori? Ba, esango nuke ezetz. Jakina, ikasleen presentzia nabarituko dute dendariek, tabernariek eta etxe alokatzaileek, baina besteok larregirik ez. Hala ere, ez diogu horren erru osoa kanpoko ikasleei botako, ezta?

Batetik, orokorrean, parte hartzea denetan jaitsi da nabarmen.

Bestetik, gero eta ikasle gehiago dabil, tupperware-a aldean hartuta, etxera joan-etorrian autobusean edo autoan.

Azkenik, debagoiendarrok gauza askotan izango gara aitzindari, baina onartu beharrean gaude ez garela bereziki nabarmendu sormenaren, aisialdiaren eta gozamenaren sustapenean. Akaso, lortu dugu nazioartean txokotxoa egitea, baina ez, behintzat, egin dugulako munduko eskualderik erakargarri eta interesgarriena.

Sutan-edo jartzen nauten 10 kontu

Arlo desberdinetako kontu serio –eta ez hain serio– asko falta dira zerrenda ireki eta aldakor honetan, baina, azkenaldian, 10 hauek amorrarazten naute bereziki:

  1.  Pilotarien material aukeraketaren gaineko “albisteak”.
  2. Hurbiltzen naizela konturatuta, euskaraz hasten diren horiek.
  3. Publizitate eskuorri pertsonalizatuak: “Kaixo, Goio! Eskaintza paregabea dugu zuretzat…”
  4. Futbolzale amorratuak, ehiztariak eta zezenketazaleak (horrela, denak poltsa berean).
  5. Barreak eragiteko, etengabe, gaztelerazko umorera jotzen duten aktoreak.
  6. Munilla.
  7. Euskalmet eta, oro har, eguraldiaren gaineko infomazio nonahia.
  8. Gaztelera hutsean tuiteatzen duten euskaldunak.
  9. Merkatal-guneetako denda handietako kutxan: “¿Tu código postal es?”.
  10. Futbol partida ondorengo jokalari eta entrenatzaileen mintzaldi filosofikoak.

Gertutasunaren tristurak

Ohitura dut begiratzeko Goienak Interneten argitaratzen dituen eskelak. Konturatu naiz gainera, azken urteotan, lehen baino kasu handiagoa egiten diodala informazio mota horri. Beste ale batetik, onartu behar dut Jaiotzak atalari ez diodala hainbesteko harretarik jartzen: aitortzeko gogor samarra da, baina, normalean, oso zaharrak ez badira behintzat, ezagunagoak egiten zaizkik hildakoen zerrendan agertzen direnak, jaioberrien atalean azaltzen diren guraso gazteak baino. Adinaren kontuak.

Oraingo astean, ostera, sekulako zirrara jaso dut aipatutako bi atal horien errepasoa egiterakoan: astebeteko aldearekin, debagoiendar bera agertu da bietan.

Horrela izan da: zazpi egunen bueltan, birritan ikusi dugu Jorge Salazar oñatiarra Goiena.net-en. Lehenengo aldia izan zen pasa den astean, orduan, ibarreko bikote gehienek egiten duen moduan, Arantzazu Igarzabalek eta Jorgek Salazarrek aurkeztu egin zuten herriaren aurrean Irati, euren alaba jaioberria. Bigarren aldian, ostera, Jorgeren eskelan izan da: hilaren 24an hil zen gazte oñatiarra Bilbon izandako moto istripu batean.

jaiotza-hildakoa-biak

Edozein aldetik begiratuta ere, kointzidentzia gogorra eta tristea.

Berehala etorri zait burura, era horretako bat-etortze gogorrak, gertuko prentsan gertatu ohi direla bakarrik: Goienarena moduko prentsa mota hori non ume jaioberri bat albiste (pozgarria) den, eta, neurri berdinean, herritar baten heriotza berri (tristea) bilakatzen den. Nekez gerta daiteke antzekorik hedabide handi batean, ez behintzat, hildakoa edo jaioberria pertsonaia ezaguna ez bada.

Ez naiz izan inguruan kointzidentzia horrekin konturatu den bakarra, eta denok ere hitz bera aipatu dugu: pena, pena handia. Aurrez aurre ezagutzen ez duzuna, baina, une batez, gertuko hedabideei esker, hurbil sentitzen duzun bizilagun batengatik sentitzen duzun tristura.

Adela, geurea

Ez nuen Adela Ibabe aurrez aurre ezagutu. Hura hil zenean, nik 10 urte besterik ez nituen, gainera, ikastolan ikastearen kontuak gurea baino belaunaldi berriagorekin hasi zen. Mutiko koskor bat nintzen Adela hil zenean, baina, oso barruan geratu zitzaidan Arrasateko ikastolako andereñoari gertatutakoa: hain zen dena iluna eta ulergaitza. Adelaren istorioa kontatuta, bete dut nire buruari aspaldi jarritako eginbeharra. Azpian dago Sustatu.eus-en argitaratutako artikulua.

<———————–>

Adela Ibabe 1973ko otsailaren 11n hil zen. Urte haietako beste ehunka emakumeren moduan, aramaioarra zendu zen abortu klandestino baten ondorioz. Franco hil aurreko garai gogor eta nahasi haietan, gazte arabarraren heriotzak sekulako lurrikara eragin zuen Euskal Herrian: Adela ezkongabea zen, ikastolako andereño kaleratua, baserritarra, “gorria”… Gabriel Arestik gordintasun osoz islatu zuen gertaera hura Adela olerkian, haren omenez idatzia. Hitzok abesti bilakatuta, Oskorri taldeak eraman zuen haren lekukotasuna plazarik plaza [entzun]. Laster, 40 urte beteko dira.

EsukalJaianTxikituta

 (Irudian, Adela Ibabe Arrasateko ikastolako umeekin, 1970. urtean egindako Euskal Jai batean).

Adela Ibabe Ortueta 1945eko azaroaren 23an jaio zen Zubietagainekoa baserrian. Bosgarrena zen zortzi anai-arrebaren artean. Bere jaiotetxea Aramaion dago, Araban, oso gertu Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba batzen diren tokitik.

Adelak jaso zituen lehenengo eskolak Uribarri baserri-auzuneko eskolan. Geroago, eta behin herrian ikasketak amaituta, Gasteizera joan zen Jesusen Ama Ursulinen ikastetxera, barneko ikasle moduan. Batxilergoa bukatutakoan, Gasteizen bertan egin zituen Irakasle-ikasketak Magisteritza eskolan.

Bere bizitza laburrean, urte ilusiogarri bezain gogorrak bizitzea tokatu zitzaion. Batetik, sentitu zituen kanpoko aldetik zetozen garai berrien aireak: Parisko Maiatza, Pragako Udaberria, Vietnamgo gerraren aurkako giroa, emakumearen eta sexu askapenaren aldeko mugimenduak… Etxe barruan ere bizi izan zituen Euskal Herrian gertatzen ari ziren zenbait aldaketa garrantzitsu, esaterako, sekularizazioaren azkartzea, erlijioaren zokoratzea, giro politikoaren pil-pila, euskara batuaren hastapenak, eta euskal kulturaren pizte eta modernizatzea. Baina, beste alde batetik, Adelak bertatik bertara sufritu zituen urte haietan Euskal Herrian zegoen errepresio politiko, sozial, kultural eta erlijiosoa. Esaterako, eta errepresio politikoari erreparatuta, 1968an, –alegia, bera Arrasateko ikastolan lanean hasi zen urtean– Gipuzkoa salbuespen egoeran zegoen, eta Euskal Herrian, bakarrik urte hartan, egon ziren 434 atxilotu, 189 espetxeratu, 75 deportatu eta 38 erbesteratu.

Arrasateko ikastola sortu, eta bertatik kaleratu

Gasteizen Hezkuntzan diploma lortu eta segituan hasi zen Adela andereño lanetan. Lehenengo, hilabete batzuk egin zituen Oñatiko eskoletan, baina, berehala, 1968. urtean, Debagoieneko beste bi lagunekin batera, proiektu handi batean murgildu zen: Arrasateko San Frantzisko Xabier Ikastolaren sorrera (2003an, egungo Arizmendi Ikastolan bilduko zena). Ikastola gauzatzea egitasmo zaila, baina erakargarria zen: eraikitzea euskara ardatz zuen egitasmo herrikoia, praktikan jartzea eredu pedagogiko berriak…

Arrasateko ikastola jaioberrian andereño hasi (hemen, orduko bi argazki: eta 2) eta urte gutxira, bete-betean harrapatu zuen Adela ikastolen instituzionalizazio prozesuan sortutako barne liskarrak. Orduan izandako borroken tamainaren adierazle dira ikastola askotan izandako kaleratze masiboak. Lehenengo kanporatzeak Urretxuko ikastolan izan ziren, Gipuzkoan. Han, 1970-71 ikasturtean, hamar maisu-maistra kanporatu zituzten. Hurrengo hilabeteetan, irakasle gehiago bota zituzten, besteak beste, Andoainen, Ondarroan, Barakaldon, Algortan, Leioan, Deustun, Oñatin eta Arrasaten. Kaleratze horiek guztiak ez ziren gertatu arrazoi berberengatik, baina, Idoia Fernandezek Oroimenaren hitza. Ikastolen historia 1960-1975  ikerketan jaso duen moduan, kasu gehienetan, zergatien artean zeuden erlijioaren auzia, politika, maisu-maistren bizitza pribatuaren zuzentasuna eta, kasuren batean, eredu pedagogikoa.

Arrasateko San Frantzisko Xabier Ikastolako auzia, zuzendari-koordinatzailearen aukeraketa prozesuan gaiztotu zen bereziki. Ondorioz, 1972an, alegia, ikastola sortu eta lau urte eskasera, 17 lagunek osatutako klaustrotik, 15 kalera bota zituzten. Adela Ibabe kaleratutako irakasleen artean zegoen. Geroago, maisu-maistra haien artetik asko berriro itzuli egin ziren lanera, baina, Adelak ez zuen izan ikastolara bueltatzeko aukerarik, eta langabezian geratu zen.

Protagonistek bizi izandako buruhausteak baino harago, Arrasateko ikastolakoak sekulako zatiketa eragin zuen herrian. Adelarekin batera kanporatutako irakasle baten hitzetan, “tentsio une eta liskar handiak egon ziren Arrasaten. Kaleratzeak gertatu eta berehala, herrian egin ziren manifestazio handi samarrak gure alde. Agerraldi haietan, jatorri ideologiko desberdinetako herritarrak elkartu ziren, baina, handik gutxira, “komunistak” eta “espainolistak” ginela zabalduta, asko gutxitu ziren gure aldeko elkartasun erakustaldiak. Azkenera, geratu ginen bakartuta eta gaizki ikusiak”.

Adiskideen esanetan, Adela oso neska alai eta maitagarria zen. Gustukoen zituen gauzen artean zegoen lagunekin egotea, haiekin mendira joatea eta kantuan egitea. Izan ere, mendi tontorretara igotzea izan ohi zen planik gustukoena lagun koadrilla haren aisialdian. Gertukoenen hitzetan, oso latza izan zen Adelarentzat sortzetik hainbeste buruhauste emandako ikastolatik bota izana, baina, orduan ere, aramaioarrak jarraitu zuen izaten oso emakume jator eta atsegina. Haurdun geratu zen arte…

Arazoak, abortua egin eta gero

Modu klandestinoan eta erabateko isilpean egiten ziren orduan abortuak. Abortatzea debekatua, ilegala eta gogor zigortua izateaz gain, oso eginkizun arriskutsu eta garestia zen.

Espainiako Auzitegi Gorenak emandako datuen arabera, 1976. urtean, 200 eta 400 arteko emakumezko hil ziren Espainian ezkutuan egindako abortuen ondorioz, alegia, eguneroko kontua zen emakumeak hiltzea abortuak zirela-eta. Gainera, ez ziren makalak izaten abortuekin lotutako auzietako inplikatuek jasotzen zituzten zigorrak: 1973an indarrean zegoen Kode Penalak zigortzen zituen 6 hilabete eta 6 urte arteko espetxe zigorrarekin emakumea eta abortuaren egilea. Prezioari dagokionez, urte berean, Gipuzkoan abortatzeak balio zuen 20.000 pezeta (120 euro). Kontuan hartu behar da, urte hartan, oinarrizko soldata zela 4.680 pezetakoa (28 euro) eta, andereño baten soldata, LurHastapenak-en 18. zenbakiaren arabera, irits zitekeela izatera 8.000 pezetakoa (48 euro).

Adelaren ebakuntza Frantziatik etorritako mediku batek egin zuen Irungo etxebizitza batean, Ventas auzoan. Bertan gaua igaro eta gero itzuli zen Adela Debagoienera. Baina, txarto sentitzen zenez, eraman zuten Arrasateko Ospitalera: eskualdeko medikuek baieztatu zuten emakumeak barne odoljarioa zuela eta larri zegoela. Anbulantzian bidali zuten Gurutzetako Ospitalera. Ordu gutxira hil zen Adela, Barakaldoko eritegian. 1973ko otsailaren 11 zen. Adelak 28 urte zituen, egin berriak.

Kolpe itzela izan zen familiarentzat, lagunentzat eta bere bikotekidearentzat, garai hartan derrigorrezko soldadutza Gasteizen egiten ari zena, hura ere ikastolatik kaleratutako irakaslea. Heriotzaren azalpen ofiziala peritonitisa izan bazen ere, Arrasaten lehenengo, eta Euskal Herri osoan geroago, laster zabaldu zen tabu hitza: abortua. Adelaren lankide eta lagun min baten hitzetan, izena ezkutuan gorde nahi duena: “Sekulako zartada izan zen. Ikastolan gertatutakoa pasa berritan, jende askorentzat Adelaren heriotza izan zen gure kontra erabilitako argudioen baieztapen moduko bat: deabruak ginen”.

Heriotzak eragindako kalte afektibo eta pertsonal handiak ez ezik, Adelaren heriotzak ekarri zituen bestelako zehar kalteak ere: Arrasateko Ospitalera eraman zuten bi lagunek epailearen aurrean deklaratu behar izan zuten, heriotzaren inguruan irekitako prozesu judizialean. Bi urte luze iraun zuen Adelaren auziak. Debagoiendarrek izan zuten Miguel Castells abokatuaren laguntza. Adelaren lagunen esanetan, abokatu busturiarrak lortu zuen eurak auziperatuak ez izatea. Bestalde, mediku frantziarraren defentsaz arduratu zen Juan Mari Bandres abokatua. Prozesuaren amaieran, medikua kartzelaratu egin zuten, baina, denbora gutxira, libre atera zen.

Gabriel Aresti eta Natxo de Felipe

Oskorriren kantuak lortu zuen Adela Ibabe ezagun bilakatzea Euskal Herriko txoko askotan. Abestiaren egilearen hitzetan, “emoziotik, elkartasunetik eta tristuratik sortutako kantua” izan zen Adelarena.

Arrasaten egindako kantu-afari batean ezagutu zituen Natxo de Felipek bertako ikastolatik kaleratutako maisu-maistrak, tartean Adela: “Ni sasoi hartan, bakarka ibiltzen nintzen gitarrarekin kantuan, batera eta bestera”. Arrasateko koadrilla hura, hasiera-hasieratik iruditu zitzaion “jatorra eta maitagarria”. Horregatik, talde hura ezagutu eta hilabete gutxira, Adelaren heriotzaren berri izan zuenean, lur jota geratu zen Bilboko musikaria: “Ikaragarria izan zen. Oso hunkituta geratu nintzen. Berehala hasi nintzen kantua egiten: musika, hitzak… negar malkotan idatzi nuen kantuaren lehengo bertsioa”. Baina, ikusita hasierako testuak ez zuela berak nahi zuen maila, Gabriel Aresti poetari eskatu zion kantuarekin laguntzeko, izan ere, garai hartan, ia egunero elkartzen ziren lagun biak kantuak sortzeko. Natxo de Feliperen ahotan, “Arestik izugarri ederki borobildu zituen hitzok. Geroago, kantua erregistratzerakoan, adostu genuen Arestik hitzak sinatzea eta nik musika”. Hain zuzen ere, arrazoi horregatik ez dago jasota olerki hori Arestiren poema liburuetan, kantatzeko idatzita zegoelako, Arestik Natxo de Feliperekin batera sortutakoak edo Oskorrirentzat propio egindako poema gehienak bezala.

Adela kantuaren lehenengo grabazioa 1979ko abenduan argitaratu zen, Oskorri izeneko diskoan. Baina, abestia grabatu zutenerako, makina bat aldiz jota zeukaten kantua zuzenean. Batzuetan, traba eta guzti jo ere, urte haietan talde bizkaitarraren kontrako boikot handia zegoen-eta hainbat sektore abertzaleren aldetik. Geroago, zuzeneko bertsioa ere grabatu zuten [entzun], hain zuzen ere, 1987an, Bilboko Arriaga antzokian, 15 urte eta gero hau! diskorako. Gainera, kantua egin berritan, Oskorrikoek abestia aurkeztu zuten Larzabalen antolatutako kantu txapelketa batean, Nafarroa Beherean, eta bertan, lehenengo saria irabazi zuten.

Oskorrik ez du kantua aspaldian jo, baina, Natxo de Feliperen hitzetan, litekeena da kantu esanguratsu hori berreskuratzea laster gauzatuko duten proiektu batean.

Musika alde batera utzita, euskal letretan ere Adela Ibabek izan du txokotxoa. Hasteko, 1980an, Muskaria musika aldizkari aitzindariaren bigarren zenbakian, Oskorriren kantuaren gaineko zutabea idatzi zuen Edorta Aranak.  Geroago, hildako andereñoari omenaldi eginez, 2005ean, Juan Kruz Igerabidek Adela izena jarri zion Hauts bihurtu zineten bere lehen eleberriaren protagonista bati, hain zuzen ere, “Adela, auzoko maistra aurrerakoia”-ri. Beste alde batetik, eta 30 urte lehenago, 1975ean, Xabier Gereño idazleak jorratua zuen ikastoletako maisu-maistren kaleratzea Andereño eleberrian. Nobela motz hori Bilboko idazle emankorraren laugarren lana izan zen.

“Hire memorian”

Oso garesti ordaindu zituen Adelak bizitzan hartutako zenbait erabaki. Galdu zuen lehenengo lana eta geroago bizia, “herria”, “berria” eta “gorria” izateagatik.  Baina, emakume izateagatik ere izan zen biktima: errepresio sozial eta sexualaren biktima. Bera moduan, milaka emakume hil zen antzeko egoeretan hamarkada haietan. Gaur egun ere, munduan barrena, emakume asko eta asko hiltzen da legez kanpo eta modu txarrean egindako abortuengatik.

Adela geurea da, besteak beste, bere bizitzan –eta bere heriotzan– bildu zirelako egun ere oso sentiberak zaizkigun kontuak: askatasun pertsonala, langileen borroka, euskaldunon kontraesanak, ezkertiarren arteko konponezinak, estigmatizazio soziala, laizismoa, abortua, sexualitatea, emakumeen burujabetza… 40 urte igaro dira Adela hil zenetik, eta oraindik ere gaitza suertatzen zaigu berari buruz patxadaz berba egitea. Lau hamarkada geroago ere, Adela gogoratuta, eta kantaren hitzak ekarriz, gogorrenoi ere, elur maluta bat pausatzen zaigu begiaren ertzean.