Category: Euskara

Fakultatean erdaraz

MUko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean euskaraz bizi gara. Jakina, gazteleraz eta ingelesez ere ematen dira eskolak, baina, hizkuntza ardatza euskara da. Euskaraz egiten dira bilerak eta tramite administratibo eta akademiko guztiak, eta euskara hutsezkoa da ikasle-irakasle harremana. Baina, hala ere, gero eta gaztelera gehiago entzuten da bazterretan…

Gazteleraz, batez ere, ikasleak jarduten dira. Ezaguna kontua, ezta? Nola lortu, berez, euskaldunak diren gazteak euskaraz aritzea bota barik alferrikako errietak eta sermoiak? Ez da gai erraza.

Irakasleok ez ezik, ikasle batzuk badaude kontu horrekin arduratuta. Horregatik, Ikus-entzunezko Komunikazioko 2. graduko ikasleek gai hori hartu dute aitzakia Arte materian egin behar duten instalazioan jorratzeko. Horretarako, ezabatu egin dituzte euskararen aztarna guztiak Aretxabaletako campusean (atzo inauguratu zena, euskara hutsez egindako ekitaldian). Gainera, asmoa omen dute irakasleoi eskatzeko, 24 orduz, ikasleeekin gazteleraz aritzeko eta eskolak ere gazteleraz emateko…

kartela gazteleraz

Hausnarketa bultzatzeko besterik ez bada ere, “barrutik” hartutako lidergo eta ekintza hauek interesgarriak direla uste dut.

Sutan-edo jartzen nauten 10 kontu

Arlo desberdinetako kontu serio –eta ez hain serio– asko falta dira zerrenda ireki eta aldakor honetan, baina, azkenaldian, 10 hauek amorrarazten naute bereziki:

  1.  Pilotarien material aukeraketaren gaineko “albisteak”.
  2. Hurbiltzen naizela konturatuta, euskaraz hasten diren horiek.
  3. Publizitate eskuorri pertsonalizatuak: “Kaixo, Goio! Eskaintza paregabea dugu zuretzat…”
  4. Futbolzale amorratuak, ehiztariak eta zezenketazaleak (horrela, denak poltsa berean).
  5. Barreak eragiteko, etengabe, gaztelerazko umorera jotzen duten aktoreak.
  6. Munilla.
  7. Euskalmet eta, oro har, eguraldiaren gaineko infomazio nonahia.
  8. Gaztelera hutsean tuiteatzen duten euskaldunak.
  9. Merkatal-guneetako denda handietako kutxan: “¿Tu código postal es?”.
  10. Futbol partida ondorengo jokalari eta entrenatzaileen mintzaldi filosofikoak.

Nire lehenengo azpitituluak

Aspaldi erabiltzen dut www.azpitituluak.com webgunea filmen euskarazko azpitituluak deskargatzeko. Oso erosoa egiten zait webgune hori. Batetik, neurri batean, filma aipagarrien aukeraketa eginda dago eta dagoeneko bildu dituzte sorta ederra (2013. urte bukaerarako, 500 filma eta telesail pilatzera iristea espero dute). Bestetik, euskarazko azpitituluak eskura jartzeaz gain, horiekin ondo sinkronizatzen diren filmen helbideak ere zintzilikatzen dituzte, horrekin asko errazten dute Torrent-en bilaketa. Eta, gainetik, jartzen dituzte filma bakoitzaren sinopsia eta fitxa teknikoa. Duten prezioan, gehiago eskatzerik badago?

Esperientzia polita izan da azpitituluak egitearena. Trebetasun teknikoaren aldetik, ez du sekretu handirik, beti ere, ni moduan, mugatzen bazara testuak ordezkatzera.

Hautxek dira bete beharreko urratsak:

  1. Film bat aukeratu eta hartu dakarren SRT formatudun oinarrizko hizkuntzan dauden azpitituluak (srt da azpitituluen ohiko formatua). Hasiberria naizelako, nik neuk ingeleranzko eta gaztelerazko bertsioak erabili ditut, baina, berez, bakarrarekin nahikoa da.

  2. Ireki dokumentu hori estilorik gabeko testu-prozesatzaile batekin. Nik TextEdit erabili du.

  3. Ordezkatu dauden jatorrizko esaldiak euskarazko testu berriekin (azpiko argazkian ikusten da “lehen eta orain” hori).

  4. Konprimitu dokumentua ZIP era RAR formatuan.

  5. Bildu filmaren gaineko informazio apur bat: sinopsia, fitxa teknikoa eta, gehitu esteka osagarri batzuk, esaterako, Wikipedia eta IMDb filmen datu-basea.
  6. Kargatu Azpitituluak.com-en. Listo!

Captura de pantalla 2013-04-24 a las 09.51.10

Nik oraindik ez dakit halakorik egiten, baina, suposatzen dut ez dela oso-oso zaila izango sinkronismoa aldatzea, alegia, aldatzea azpitituluak pantailan agertuko diren denbora-tartea eta horien abiadura.

Esan bezala, teknika aldetik ez da batere zaila, baina, hori bai, pazientzia behar da. Berez, itzuli behar diren esaldiak oso laburrak dira, baina, demontre, harrigarria da ikustea edozein filmak dituen esaldi mordoa! Nik azpititulatu dudan filmak zituen 1.266 esalditxo itzuli beharrekoak.

Euskarara ekartzeko aukeratu dudan filma izan da Searching for Sugar Man. Oso dokumental ederra da, batez ere, kontatzen duen istorioa zoragarria delako: Sixto Rodriguez musikari jator eta autentikoaren gorabehera harrigarriak (ezin da asko kontatu filmaren gainean, izan ere, istorioaren gaineko ia edozein informazio izan daiteke spoiler-a edo larregi esatea). Onena da filma ikustea (euskarazko azpitituluekin, jakina ;- ).

Horixe ba, nahi izanez gero, hemen daude azpitituluak eta filmak jaisteko estekak: Searching for Sugar Man.

Hiru post-data:

1. Behin lehen filma eginda, konturatu naiz zelako lan eskerga egiten ari diren munduan barrena azpitituluak egiten ari diren horiek guztiak. Meritoa, galanta! Alde horretatik…

2. mila esker guztiei, eta, bereziki, www.azpitituluak.com-i, Luistxo Fernandez proiektuaren bultzatzaileari, eta, jakina, webgune horren bueltan dabilen guztiei.

3. Segurutik, akats ugari egin ditut itzulpenak egiterakoan, beraz, aurretik doa mikro-barkamen eskaera. Badakizue nola diren Interneteko gauza hauek: at your own risk.

Blogak euskaraz, dekalogoa

Blogak bigarren loraldia bizitzen ari dira Interneten. Zeu ere halako bat sortzekotan bazabiltza, horra 10 arrazoi beroi euskaraz egiteko:

  1. Dibertigarria da. Uste dut hori ez dagoela lotu-lotuta hizkuntza aukeraketarekin, baina, horrela da, blogean euskaraz idaztea dibertigarria suertatzen da. Galdetu, bestela.
  2. Txoko mordoa dago libre. Barka, erabilitako metafora gogoa kentzeko modukoa bada, baina, euskal blogosfera da hilerri eraiki berri moduko bat: horma-hilobi gehienak hutsik daude oraindik. Nahi dituzun gaiak, eta nahi duzun adarretik helduta landu ditzakezu. Segurutik, ez duzu inguruan antzeko larregirik aurkituko eta konturatuko zara berezia zarela.
  3. Troll gutxi dago. Euskaraz idaztea erabakitzen baduzu, askoz lasaiago biziko zara. Gure artean ere badira trollak, jakina, baina, ez dira asko. Esan beharra dago gainera, dauden gutxiak ez direla batere originalak eta, gehienetan, pizten direla politika kontuen bueltan.
  4. Alegiazko probintzia horretan topo egingo duzu lagun jatorrekin. Blogaren bueltan ezagututako askorekin ez zara sekula santan aurrez aurre egongo; baina, akaso, halako batean, ekitaldiren batean, horietakoren bat agurtu ahal izango duzu botatako iruzkin jakin hura aitzakia hartuta. Amodioa airean dago.
  5. Ez daukazu izan beharrik euskaltzain oso ezta urgazlerik ere. Denok gozatzen dugu bikain idatzitako testuekin, baina, ez dadila hori izan gaindiezineko traba. Ez da hain kontu larria egitea akats ortografikoren bat edo beste (edo behar beste). Gehienok izaten ditugu zalantza asko euskaraz idazterakoan. Lasai, kontu horretan ez dago presio handiegirik.
  6. Momentu altruista: lagunduko duzu tokia ematen euskarari. Sarean ere, euskara dena beharrean dago: eduki luzeak eta motzak, arinak eta sakonak, serioak eta txantxetakoak… Zeuk erabaki nondik jo. Prezioa, behintzat, ez dadila aitzakiarik izan, debalde da!
  7. Ego handikoa bazara, botikarik onena. Ohitu beharko duzu kopuru txikiak ikusten bisitarien estatistiketan, eta ikasi horiek aintzat hartzen. Buztan luze dontzu horretan, eskubiko azken koskan-edo pilatuta gaude denok. Oso bazter alai eta askea da, nolanahi ere.
  8. “Norbait” izatera iristeko aukera izango duzu. Euskarazkoa komunitate txikia izanik, beste edozeinetan baino aukera handiagoak dituzu nabarmentzeko. Hori bai, horretarako eskatuko zaizkizu originaltasuna eta izatea ukitu berezia.
  9. Ez duzu sinatu beharrik iraupen-konpromiso hitzarmenik. Nekatzen bazara, bertan behera utzi bloga, eta listo. Zeuk erabaki egun hori iritsita, agur mezurik botako duzun ala ez. A! berriro itzultzea erabakiko bazenu, eskuzabal hartuko zaituzte berriro ere: oso esker onekoa da euskal blogosfera eta dauka txakurkume baten umiltasuna.
  10. Oso cool da. Blog bat euskaraz edukitzea modernoa da eta ematen du itxura ona. Oso euscool da.

Adela, geurea

Ez nuen Adela Ibabe aurrez aurre ezagutu. Hura hil zenean, nik 10 urte besterik ez nituen, gainera, ikastolan ikastearen kontuak gurea baino belaunaldi berriagorekin hasi zen. Mutiko koskor bat nintzen Adela hil zenean, baina, oso barruan geratu zitzaidan Arrasateko ikastolako andereñoari gertatutakoa: hain zen dena iluna eta ulergaitza. Adelaren istorioa kontatuta, bete dut nire buruari aspaldi jarritako eginbeharra. Azpian dago Sustatu.eus-en argitaratutako artikulua.

<———————–>

Adela Ibabe 1973ko otsailaren 11n hil zen. Urte haietako beste ehunka emakumeren moduan, aramaioarra zendu zen abortu klandestino baten ondorioz. Franco hil aurreko garai gogor eta nahasi haietan, gazte arabarraren heriotzak sekulako lurrikara eragin zuen Euskal Herrian: Adela ezkongabea zen, ikastolako andereño kaleratua, baserritarra, “gorria”… Gabriel Arestik gordintasun osoz islatu zuen gertaera hura Adela olerkian, haren omenez idatzia. Hitzok abesti bilakatuta, Oskorri taldeak eraman zuen haren lekukotasuna plazarik plaza [entzun]. Laster, 40 urte beteko dira.

EsukalJaianTxikituta

 (Irudian, Adela Ibabe Arrasateko ikastolako umeekin, 1970. urtean egindako Euskal Jai batean).

Adela Ibabe Ortueta 1945eko azaroaren 23an jaio zen Zubietagainekoa baserrian. Bosgarrena zen zortzi anai-arrebaren artean. Bere jaiotetxea Aramaion dago, Araban, oso gertu Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba batzen diren tokitik.

Adelak jaso zituen lehenengo eskolak Uribarri baserri-auzuneko eskolan. Geroago, eta behin herrian ikasketak amaituta, Gasteizera joan zen Jesusen Ama Ursulinen ikastetxera, barneko ikasle moduan. Batxilergoa bukatutakoan, Gasteizen bertan egin zituen Irakasle-ikasketak Magisteritza eskolan.

Bere bizitza laburrean, urte ilusiogarri bezain gogorrak bizitzea tokatu zitzaion. Batetik, sentitu zituen kanpoko aldetik zetozen garai berrien aireak: Parisko Maiatza, Pragako Udaberria, Vietnamgo gerraren aurkako giroa, emakumearen eta sexu askapenaren aldeko mugimenduak… Etxe barruan ere bizi izan zituen Euskal Herrian gertatzen ari ziren zenbait aldaketa garrantzitsu, esaterako, sekularizazioaren azkartzea, erlijioaren zokoratzea, giro politikoaren pil-pila, euskara batuaren hastapenak, eta euskal kulturaren pizte eta modernizatzea. Baina, beste alde batetik, Adelak bertatik bertara sufritu zituen urte haietan Euskal Herrian zegoen errepresio politiko, sozial, kultural eta erlijiosoa. Esaterako, eta errepresio politikoari erreparatuta, 1968an, –alegia, bera Arrasateko ikastolan lanean hasi zen urtean– Gipuzkoa salbuespen egoeran zegoen, eta Euskal Herrian, bakarrik urte hartan, egon ziren 434 atxilotu, 189 espetxeratu, 75 deportatu eta 38 erbesteratu.

Arrasateko ikastola sortu, eta bertatik kaleratu

Gasteizen Hezkuntzan diploma lortu eta segituan hasi zen Adela andereño lanetan. Lehenengo, hilabete batzuk egin zituen Oñatiko eskoletan, baina, berehala, 1968. urtean, Debagoieneko beste bi lagunekin batera, proiektu handi batean murgildu zen: Arrasateko San Frantzisko Xabier Ikastolaren sorrera (2003an, egungo Arizmendi Ikastolan bilduko zena). Ikastola gauzatzea egitasmo zaila, baina erakargarria zen: eraikitzea euskara ardatz zuen egitasmo herrikoia, praktikan jartzea eredu pedagogiko berriak…

Arrasateko ikastola jaioberrian andereño hasi (hemen, orduko bi argazki: eta 2) eta urte gutxira, bete-betean harrapatu zuen Adela ikastolen instituzionalizazio prozesuan sortutako barne liskarrak. Orduan izandako borroken tamainaren adierazle dira ikastola askotan izandako kaleratze masiboak. Lehenengo kanporatzeak Urretxuko ikastolan izan ziren, Gipuzkoan. Han, 1970-71 ikasturtean, hamar maisu-maistra kanporatu zituzten. Hurrengo hilabeteetan, irakasle gehiago bota zituzten, besteak beste, Andoainen, Ondarroan, Barakaldon, Algortan, Leioan, Deustun, Oñatin eta Arrasaten. Kaleratze horiek guztiak ez ziren gertatu arrazoi berberengatik, baina, Idoia Fernandezek Oroimenaren hitza. Ikastolen historia 1960-1975  ikerketan jaso duen moduan, kasu gehienetan, zergatien artean zeuden erlijioaren auzia, politika, maisu-maistren bizitza pribatuaren zuzentasuna eta, kasuren batean, eredu pedagogikoa.

Arrasateko San Frantzisko Xabier Ikastolako auzia, zuzendari-koordinatzailearen aukeraketa prozesuan gaiztotu zen bereziki. Ondorioz, 1972an, alegia, ikastola sortu eta lau urte eskasera, 17 lagunek osatutako klaustrotik, 15 kalera bota zituzten. Adela Ibabe kaleratutako irakasleen artean zegoen. Geroago, maisu-maistra haien artetik asko berriro itzuli egin ziren lanera, baina, Adelak ez zuen izan ikastolara bueltatzeko aukerarik, eta langabezian geratu zen.

Protagonistek bizi izandako buruhausteak baino harago, Arrasateko ikastolakoak sekulako zatiketa eragin zuen herrian. Adelarekin batera kanporatutako irakasle baten hitzetan, “tentsio une eta liskar handiak egon ziren Arrasaten. Kaleratzeak gertatu eta berehala, herrian egin ziren manifestazio handi samarrak gure alde. Agerraldi haietan, jatorri ideologiko desberdinetako herritarrak elkartu ziren, baina, handik gutxira, “komunistak” eta “espainolistak” ginela zabalduta, asko gutxitu ziren gure aldeko elkartasun erakustaldiak. Azkenera, geratu ginen bakartuta eta gaizki ikusiak”.

Adiskideen esanetan, Adela oso neska alai eta maitagarria zen. Gustukoen zituen gauzen artean zegoen lagunekin egotea, haiekin mendira joatea eta kantuan egitea. Izan ere, mendi tontorretara igotzea izan ohi zen planik gustukoena lagun koadrilla haren aisialdian. Gertukoenen hitzetan, oso latza izan zen Adelarentzat sortzetik hainbeste buruhauste emandako ikastolatik bota izana, baina, orduan ere, aramaioarrak jarraitu zuen izaten oso emakume jator eta atsegina. Haurdun geratu zen arte…

Arazoak, abortua egin eta gero

Modu klandestinoan eta erabateko isilpean egiten ziren orduan abortuak. Abortatzea debekatua, ilegala eta gogor zigortua izateaz gain, oso eginkizun arriskutsu eta garestia zen.

Espainiako Auzitegi Gorenak emandako datuen arabera, 1976. urtean, 200 eta 400 arteko emakumezko hil ziren Espainian ezkutuan egindako abortuen ondorioz, alegia, eguneroko kontua zen emakumeak hiltzea abortuak zirela-eta. Gainera, ez ziren makalak izaten abortuekin lotutako auzietako inplikatuek jasotzen zituzten zigorrak: 1973an indarrean zegoen Kode Penalak zigortzen zituen 6 hilabete eta 6 urte arteko espetxe zigorrarekin emakumea eta abortuaren egilea. Prezioari dagokionez, urte berean, Gipuzkoan abortatzeak balio zuen 20.000 pezeta (120 euro). Kontuan hartu behar da, urte hartan, oinarrizko soldata zela 4.680 pezetakoa (28 euro) eta, andereño baten soldata, LurHastapenak-en 18. zenbakiaren arabera, irits zitekeela izatera 8.000 pezetakoa (48 euro).

Adelaren ebakuntza Frantziatik etorritako mediku batek egin zuen Irungo etxebizitza batean, Ventas auzoan. Bertan gaua igaro eta gero itzuli zen Adela Debagoienera. Baina, txarto sentitzen zenez, eraman zuten Arrasateko Ospitalera: eskualdeko medikuek baieztatu zuten emakumeak barne odoljarioa zuela eta larri zegoela. Anbulantzian bidali zuten Gurutzetako Ospitalera. Ordu gutxira hil zen Adela, Barakaldoko eritegian. 1973ko otsailaren 11 zen. Adelak 28 urte zituen, egin berriak.

Kolpe itzela izan zen familiarentzat, lagunentzat eta bere bikotekidearentzat, garai hartan derrigorrezko soldadutza Gasteizen egiten ari zena, hura ere ikastolatik kaleratutako irakaslea. Heriotzaren azalpen ofiziala peritonitisa izan bazen ere, Arrasaten lehenengo, eta Euskal Herri osoan geroago, laster zabaldu zen tabu hitza: abortua. Adelaren lankide eta lagun min baten hitzetan, izena ezkutuan gorde nahi duena: “Sekulako zartada izan zen. Ikastolan gertatutakoa pasa berritan, jende askorentzat Adelaren heriotza izan zen gure kontra erabilitako argudioen baieztapen moduko bat: deabruak ginen”.

Heriotzak eragindako kalte afektibo eta pertsonal handiak ez ezik, Adelaren heriotzak ekarri zituen bestelako zehar kalteak ere: Arrasateko Ospitalera eraman zuten bi lagunek epailearen aurrean deklaratu behar izan zuten, heriotzaren inguruan irekitako prozesu judizialean. Bi urte luze iraun zuen Adelaren auziak. Debagoiendarrek izan zuten Miguel Castells abokatuaren laguntza. Adelaren lagunen esanetan, abokatu busturiarrak lortu zuen eurak auziperatuak ez izatea. Bestalde, mediku frantziarraren defentsaz arduratu zen Juan Mari Bandres abokatua. Prozesuaren amaieran, medikua kartzelaratu egin zuten, baina, denbora gutxira, libre atera zen.

Gabriel Aresti eta Natxo de Felipe

Oskorriren kantuak lortu zuen Adela Ibabe ezagun bilakatzea Euskal Herriko txoko askotan. Abestiaren egilearen hitzetan, “emoziotik, elkartasunetik eta tristuratik sortutako kantua” izan zen Adelarena.

Arrasaten egindako kantu-afari batean ezagutu zituen Natxo de Felipek bertako ikastolatik kaleratutako maisu-maistrak, tartean Adela: “Ni sasoi hartan, bakarka ibiltzen nintzen gitarrarekin kantuan, batera eta bestera”. Arrasateko koadrilla hura, hasiera-hasieratik iruditu zitzaion “jatorra eta maitagarria”. Horregatik, talde hura ezagutu eta hilabete gutxira, Adelaren heriotzaren berri izan zuenean, lur jota geratu zen Bilboko musikaria: “Ikaragarria izan zen. Oso hunkituta geratu nintzen. Berehala hasi nintzen kantua egiten: musika, hitzak… negar malkotan idatzi nuen kantuaren lehengo bertsioa”. Baina, ikusita hasierako testuak ez zuela berak nahi zuen maila, Gabriel Aresti poetari eskatu zion kantuarekin laguntzeko, izan ere, garai hartan, ia egunero elkartzen ziren lagun biak kantuak sortzeko. Natxo de Feliperen ahotan, “Arestik izugarri ederki borobildu zituen hitzok. Geroago, kantua erregistratzerakoan, adostu genuen Arestik hitzak sinatzea eta nik musika”. Hain zuzen ere, arrazoi horregatik ez dago jasota olerki hori Arestiren poema liburuetan, kantatzeko idatzita zegoelako, Arestik Natxo de Feliperekin batera sortutakoak edo Oskorrirentzat propio egindako poema gehienak bezala.

Adela kantuaren lehenengo grabazioa 1979ko abenduan argitaratu zen, Oskorri izeneko diskoan. Baina, abestia grabatu zutenerako, makina bat aldiz jota zeukaten kantua zuzenean. Batzuetan, traba eta guzti jo ere, urte haietan talde bizkaitarraren kontrako boikot handia zegoen-eta hainbat sektore abertzaleren aldetik. Geroago, zuzeneko bertsioa ere grabatu zuten [entzun], hain zuzen ere, 1987an, Bilboko Arriaga antzokian, 15 urte eta gero hau! diskorako. Gainera, kantua egin berritan, Oskorrikoek abestia aurkeztu zuten Larzabalen antolatutako kantu txapelketa batean, Nafarroa Beherean, eta bertan, lehenengo saria irabazi zuten.

Oskorrik ez du kantua aspaldian jo, baina, Natxo de Feliperen hitzetan, litekeena da kantu esanguratsu hori berreskuratzea laster gauzatuko duten proiektu batean.

Musika alde batera utzita, euskal letretan ere Adela Ibabek izan du txokotxoa. Hasteko, 1980an, Muskaria musika aldizkari aitzindariaren bigarren zenbakian, Oskorriren kantuaren gaineko zutabea idatzi zuen Edorta Aranak.  Geroago, hildako andereñoari omenaldi eginez, 2005ean, Juan Kruz Igerabidek Adela izena jarri zion Hauts bihurtu zineten bere lehen eleberriaren protagonista bati, hain zuzen ere, “Adela, auzoko maistra aurrerakoia”-ri. Beste alde batetik, eta 30 urte lehenago, 1975ean, Xabier Gereño idazleak jorratua zuen ikastoletako maisu-maistren kaleratzea Andereño eleberrian. Nobela motz hori Bilboko idazle emankorraren laugarren lana izan zen.

“Hire memorian”

Oso garesti ordaindu zituen Adelak bizitzan hartutako zenbait erabaki. Galdu zuen lehenengo lana eta geroago bizia, “herria”, “berria” eta “gorria” izateagatik.  Baina, emakume izateagatik ere izan zen biktima: errepresio sozial eta sexualaren biktima. Bera moduan, milaka emakume hil zen antzeko egoeretan hamarkada haietan. Gaur egun ere, munduan barrena, emakume asko eta asko hiltzen da legez kanpo eta modu txarrean egindako abortuengatik.

Adela geurea da, besteak beste, bere bizitzan –eta bere heriotzan– bildu zirelako egun ere oso sentiberak zaizkigun kontuak: askatasun pertsonala, langileen borroka, euskaldunon kontraesanak, ezkertiarren arteko konponezinak, estigmatizazio soziala, laizismoa, abortua, sexualitatea, emakumeen burujabetza… 40 urte igaro dira Adela hil zenetik, eta oraindik ere gaitza suertatzen zaigu berari buruz patxadaz berba egitea. Lau hamarkada geroago ere, Adela gogoratuta, eta kantaren hitzak ekarriz, gogorrenoi ere, elur maluta bat pausatzen zaigu begiaren ertzean.

Sasoi latzak (euskal) estetikarako

Euskara erakargarriagoa egiteko, estetikaren eta sedukzioaren balioak defendatu zituen Fermin Etxegoienek (Oñati, 1966) Neurona eta zeurona saiakeran. Bada, ematen du ez direla sasoirik aproposenak lirikarako. Izan ere, egun gutxiko tartean, bi aipamen agertu dira, modu batera edo bestera, abiapuntu horren kontra-edo egiten dutenak.

Lehena, Pako Aristi idazleak bota zuen, urriaren 23an, Arrasaten emandako hitzaldian:

Sedukzioak ez du eraginik politikan. Zure kideekin erabiliko duzu, indarrak metatzeko, baina etsaiari sedukzioa eskaintzea zure ahuldadea agertzea da”.

Bigarren aipua, ostera, Larraitz Ariznabarreta MUko iralasleak idatzi du, Berrian, gaur bertan, Euskal distopiaz izeneko iritzi artikuluan:

Perbetsoa, espazio diglosikoan euskaldunari eskatzen zaion sedukzio ariketa ridikulua”.

Kontraesana emango du, baina, hiruren jarrera ulertzen dut. Izan ere, dena beharrean gaude: azala eta mamia. Batetik, Irigoienen proposamenena interesgarri eta baliagarria da: estetikoagoa, erakargarriagoa eta, ondorioz, beharrezkoagoa egin behar dugu euskara eta euskal kultura. Bestetik, ulergarria bada pentsatzea jardun hori ez dela nahikoa izango hizkuntza normalizatzeko, eta, gainera, horrela jokatuta, hein batean, dugun ahulezia erakusten ari garela. Alde horretatik, bidegabea ez ezik, amorragarria ere bada, hizkuntz handien aurrean, txikiak “plantak” egiten ibili behar izatea.