Category: Euskal Herria

Milagarren aurkezpeña

Tonto-tonto, 1.000. aurkezpeña gorde dut Pinterest irudiak biltzeko aplikazioan. Orain lau bat urte hasi nintzen bilduma osatzen. Multzoari begiratuta, gordetako lehen argazkia izan zen Arnaldo Otegiren askatasuna eskatzeko Logroñoko kartzelaren aurrean egindako aurkezpeña. Gaurkoa, ostera, milagarrena, Paul Abasolori emandako indultua salatzeko aurkezpeña izan da.

Captura de pantalla 2015-12-17 a las 14.46.11

Jasotako argazki gehien-gehienak Euskal Herrian egindakoak dira, baina, badira gutxi batzuk kanpoan aterata daudenak, hala nola Madrilen, Txilen eta Andaluzian.

2012. urterako begi-bistakoa zen aldaketa bat ematen ari zela aurkezpenak eta prentsaurrekoak egiterako moduetan. Fenomenoari izena jarri eta horri buruzko post laburraa idatzi nuen 2012ko otsailean Sustatun.

ee19d635a21f920f99ac0d0358a2c0a9_m

Jakina, nik bildu ditudanak baino askoz aurkezpeña gehiago egin dira gurean. Nik neuk gorde ditut bakarrik parean tokatu zaizkidanak. Noizbehinka, gainera, laguntzaile batzuk bidali izan dizkidate irudiak edo URLak. Horiei guztiei, mila esker.

Ikusi duzuenez, denetarik dago bilduman: batzuk oso eszenografia apaindua dute, beste batzuk, ordea, soil-soilak dira; badira mozorroak, kokapen bitxiak, jende askorekin, gutxirekin…

Esan beharra dago, azkenaldian jaitsi dela aurkezpeñen erritmoan, batez ere, egun, beste era bateko aurkezpenak egiten direlako. Esate baterako, mahai baten bueltan bildu beharrean, gaur egun gehiago egiten dira atril baten aurrean jendaurrekoak. Hori bai, batzuek zein besteek dute ezaugarri komun bat: atzeko aldean, ahalik eta peña gehien biltzea.

Akaso, bildumak balio lezake aztertzeko nor da nor Euskal Herrian, aurkepeñen arloan… por tzierto, zu bazaude argazkiren batean?

Horixe, batzuk zigiluak, txanponak, posabasoak edo panpinak biltzen dituzten bitartean, nik aurkezpenak, kartelezpeñak eta kamiseztapeñak pilatzen ditut.

 

“¡Tienen un minuto para desalojar el local!”

Pasa den astean, Joxe Mari Iriondo kazetari ezaguna egon zen hitzaldi interesgarria ematen MUko Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasleen aurrean, Aretxabaletako campusean. Beste kontu askoren artean, hizlariak mahaigaineratu zuen Arrasaten 70. hamarkadan izandako gertaera gogor bezain entzutetsu bat: kantaldi baten erdian, Guardia Zibilak zinema areto batera sartu eta ke-poteka eta kolpeka hustu zuenekoa. 1976an Gurea zineman nik bizi izandako gertaeraz ariko ote zen Iriondo?

Izan ere, lehenago ere, Iriondok aipatu izan du gertaera latz hura. Esaterako, horren gainean hitz egin zuen 2008ko apirilaren 10ean, “Ez Dok Amairu” taldearen gainean emandako hitzaldi baten harira, Diario Vasco egunkarian argitaratutako artikulu batean. Hemen DVren pasartea:

“El popular periodista [Joxe Mari Iriondo] alabó las jornadas y al hilo de la charla que Pantxoa eta Peio ofrecerán el día 17, recordó un recital de éstos en el cine Gurea de Arrasate en el año 1974 que no se celebró porque el posteriormente famoso Antonio Tejero, entró en el recinto con un contundente ‘Tienen cinco minutos para desalojar la sala’. Iriondo explicó que les sobraron cuatro”.

Baina susmoa dut kazetari urrestillarrak nahastu egin dituela Guardia Zibilak egindako bi hustuketa haiek, orduan hain ohikoak, bestalde. Batetik, Iriondok aipatutakoa baino bi urte geroago gertatu zen Arrasateko afera, hain zuzen ere, 1976ko abenduaren 17an, Gurea zineman. Bestetik, Mondragoeko kantaldia ez zen Pantxoa eta Peiorena izan, baizik eta Iparraldeko beste bikote batena: Errobi bikotearena. Gainera, desmasia harekin lotura izan bazuen ere, orduko protagonista zuzena ez zen izan Antonio Tejero guardia zibil ezaguna, baizik eta Alfonso Escuer Mur izeneko teniente gaztea, sasoi hartan Arrasateko kuarteleko nagusia. Aretoa husteko emandako denborari dagokionez ere, kezka: “bost minutu” ala “minutu bat” eman zuten zinema jendez husteko?

Hori bai, 1974. urtean, Eibarren egon zen antzeko gertaera bat. Orduan, Pantxoa eta Peio ziren kantatzekoak Astelena pilotalekuan, baina bonba mehatxu bat zelako aitzakiarekin, guardia zibilek (akaso, Tejero presente egongo zen egun hartan?) hustu egin zuten aretoa eta beroi goitik behera miatu. Bi gertakari desberdin izan behar dute derrigorrez. Izan ere, Iriondok berak esaten du, azkenera, 1974ko kantaldia egin egin zela, aldiz, Arrasateko jaialdia bertan behera geratu zen, istilu larri haien ondoren. Peio Ospital kantariak berak ez du gogoan Arrasaten halako hustuketa bortitzik jasan izana. Aldiz, Guardia Zibilak Eibarren egindako oldarraldiaren irudiak memorian iltzaturik gelditu zaizkio ezpeletarrari. Bere hitzetan, atzo izan balitz bezala gogoratzen du Ospitalek nola guardia zibilek hartu zuten besotik 70 bat urteko gizon zahar bat, eta hark, besoak berokitik aterata, nola ihes egin zuen.

Esan bezala, bi urte geroago, beste kantaldi bat antolatu zen Arrasaten, Errobi taldearekin. Eta, bai, puntu batean arrazoi du Iriondok: Arrasateko hustuketan, modu zuzenean parte hartu ez bazuen ere, ekintza hura egin zen Gipuzkoako Guardia Zibilaren komandantearen aginduz, alegia, Antonio Tejero Molina komandanteren ordenari jarraituta. Erasoaldiaren biharamunean horixe onartu zion, behintzat, Tejerok Jose Antonio Altuna orduko Arrasateko alkateari, Donostiatik propio etorri zenean Arrasateko kuartelera alkateari kontuak eskatzera udal plenoak onartutako tenientearen dimisio eskaera zela-eta. Tejeroren orduko hitzak izan omen ziren: “Nik eman nuen eraso egiteko agindua. Ikurrina legez kanpokoa da. Eta, punto”. Kontuan hartzekoa da, bakarrik 12 egun lehenago, abenduaren 5ean, milaka lagunen aurrean, Inaxio Kortabarriak eta Jose Angel Iribarrek ikurrina historiko hura atera zutela Atotxa futbol zelaian, Donostian (ikurrina, azkenean, legeztatu zuten 1977ko urtarrilaren 19an, hau da, Arrasatekoa gertatu eta hilabete eskasera). Tejeroren ustez, futbolariek egindako legez kanpoko agerraldi hura onartu izanak erakusten zuen zelako epela zen Gipuzkoako gobernadore zibila. Beno, “epela” barik, benetan erabilitako hitza izan zen nolako “marikoia” zen gobernadore zibila.

Gurea zineman gertatutakoa oso gogoan duen beste herritar bat Joxe Aranzabal da. Izan ere, hustuketa hura salatuz, Garaia aldizkarian idatzitako artikulu batengatik (hemen, Garaia aldizkariaren zenbaki haren azala eta, hemen, atxiloketaren albistea El País-en), zigortu zuten bost eguneko kartzela zigorrera Martuteneko espetxean eta astebetez etxean atxilotua egotera. Orduan bizi izandakoak bere blogean kontatu zituen aspaldi.

Bai. 1976ko abenduaren 17an Gurea zineman botatako esaldia, “¡Tienen un minuto para desalojar el local!” (“Minutu bat duzue aretoa husteko!”) oso ezagun bilakatu zen adin bateko arrasatearren artean. Eta, asko zabaldu zen entzule batek mehatxu hari botatako erantzuna: “Hijo puta!”.

Hura entzunda, Escuer tenienteak “fuego!” esan, eta gas maskarekin jantzitako guardia zibilak hasi ziren dinba-danba jendea jotzen eta gomazko pilotak eta ke-poteak botatzen areto barruan (Gasteizen, 1976ko martxoaren 3an egindako sarraskian bezala, baina, eliza batean barik, orduan, zinema areto batean, jendez lepo zegoena; zorionez, Arrasaten ez zuten balarik erabili). Kantaldian ikurrinak atera zirelako aitzakiarekin, Guardia Zibilak Errobiren kantaldia zapuztu zuen, eta, bide batez, herritarrak majo egurtu. Plan hoberik ostiral gau baterako? (kontuan hartu, artean ZEN Plana asmatu barik zegoela). Jose Antonio Altunaren esanetan, biharamunean sekulako itxura zuen aretoak: ke-poteek erretako jarlekuak, han eta hemen zapata eta beroki galduak…

Urteetara ere, jaialdi hartan grabatutako kasete-ak eskuz esku pasatzen ziren arrasatearren artean (natibo digitalentzat oharra: hau da “kasete” bat). Bertan, garbi-garbi entzuten zitzaien Anje Duhalderi eta Mixel Ducauri abesten (“Euskadi” izeneko kantua kantatzen ari ziren?, uste dut baietz), tenientearen mehatxua, ondorengo “hijo puta!”, eta, azkenik, “fuego!” aginduaren ondorengo tiro hotsak, jendearen oihuak eta burrundara. Baliteke oraindik ere herritarren batek gordeta edukitzea kasete zahar —eta argigarri!— haren kopiaren bat bazterren batean…

Beno, Gurea zineman ez, baina Antonio Tejero Molina militar ospetsua ordurako izana zen Arrasaten: etorri zen eraso hura gertatu baino bi aste lehenago, hain zuzen ere, 1976ko abenduaren 1ean, Jose Maria Arizmendiarrieta kooperatibetako sortzailearen hileta elizkizunetara (hemen, hiletaren eskelak PDFan).

Tejero argazkia.jpg

Argazki bitxi hau aterata dago Arrasate Press aldizkaritik, 1989ko 35. zenbakitik. Fotozahar atalean argitaratu zen, hurrengo aipamenarekin: “[…] Hauekin batera, lehen ileran, bere ohizko bibote eta begiratartearekin, orduko Gipuzkoako Guardia Zibilaren Komandantea, gerora otsailaren 23an negargarri hartan, aktualitate bihurtu zen Antonio Tejero Molina”. (Testu osoa irakurtzeko).

Izan ere, 1981eko otsailaren 23 hartan denok ere aukera izan genuen Tejero hobeto ezagutzeko, Espainiako Kongresuan sartu eta bota zuenean, Arrasateko Escuer Mur teniente haren tonu bertsuan, “¡Se sienten, coño!”.

PD. Egongo da eskuratzerik hirietako kultura-etxeetan edo bestelako hemeroteketan orduko kronika zehatzagoak. Interneten hau bakarrik aurkitu dut, El País-eko 1976ko abenduaren 19ko artikulua: “El Ayuntamiento de Mondragón pide la destitución del teniente de la Guardia Civil”.

Fagor Etxetresnen eta Mondragon taldearen komunikazioa eta tokiko hedabideak

Dagoeneko lerro asko idatzi da Fagorri buruz, baina, askoz gehiago –eta hobeto, kasu askotan– idatzi beharko da, ulertu ahal izateko zer gertatu den Fagor Etxetresnetan, Fagorren eta Mondragon taldean. Egia da, Fagorren auzian hainbeste kontuk egin dutela kale,  zaila dela erabakitzen non jarri fokua eta zein muturretik tira egin korapiloa askatzen hasteko. Nik tiratuko dut bereziki interesatzen zaidan hari-mutur batetik: komunikaziotik, edo hobeto esanda, komunikazio korporatibotik eta horrek tokiko hedabideekin duen harremanetik.

Akaso, “komunikazio korporatibotik” barik, “komunikazio korporatibo faltatik” esan beharko genuke Fagor eta Mondragon taldearen kasuan. Hori da, behintzat, asko eta askoren ahotan egon dena asteotan: Fagor Etxetresnek, Fagorrek eta Mondragon taldeak berak kale handia egin dute komunikazio alorrean, batez ere, krisiaren hasierako egunetan.

Batetik, batzuen zein besteen ordezkariak kostata eta berandu, oso berandu, agertu izan dira jendaurrean, hedabideen aurrean. Horrekin hautsi dute krisi komunikazioaren urrezko legea: ez ezkutatu, eman lehenbailehen eskura dituzun argibideak. Gainera, bulego zulotik atera direnean, ez dituzte zabaldu mezu argi, bateratu eta lagungarriak. Kontrakoa: nahasiak eta, sarritan, kontrajarriak izan dira esandakoak. Adibidez, Sergio Treviño Fagor Etxestresnetako Zuzendari nagusiak El País egunkarian “[lantegia] zarratuko digute, ezelako azalpen barik zarratu ere” zioen bitartean, Xabier Bengoetxea Fagorreko Errektore Kontseiluko presidenteak “errua geurea da” esaldia bota zuen Berria-n.

Beste alde batetik, esango nuke ez dutela jakin izan egoki erabiltzen kanpora zein barrura begiratzeko dituzten hedabideak: TU Lankide aldizkaria eta www.tulankide.com webgunea. Egoeraren larritasunak ez al zuen eskatzen, esaterako, azkar kaleratzea aldizkariaren gehigarri berezi bat edo webgunean irekitzea gune finko bat informatzeko, zalantzak argitzeko eta eztabaida modu eraikitzailean bideratzeko? Horien faltan, kooperatiban bertan barik, kale gorrian kokatu da eztabaida, modu nahasian kokatu ere: oinarrituta zurrumurruetan eta 24 orduko Makuto Irratiaren emisioan. Ondorioz, galduta ibili dira langileak, kaltetuak eta, oro har, herritarrak. Horietatik asko, gainera, sentitu duten informazio falta tarteko, oso kexu agertu izan dira han-hemenka.

Lehenetsi den bidea, alegia, bazkideei informazioa ematea aurrez aurreko bileretan, kooperatiba batean ezinbestekoa bada ere, herren geratu da. Batez ere, krisiaren tamaina ikusita, ez delako berau biribildu beste komunikazio-estrategia zabalago eta osatuago batekin.

Falta izan den komunikazio-estrategia zabalago horretan, egin duten akats handienetarikoa izan da ez dutela jakin izan ikusten tokiko –gertuko, herriko– hedabideen indarra eta eragina. Horregatik, komunikazio alorrean, Fagorrek eta Mondragon taldeak galdu dute iritzi publikoaren partida, etxean bertan, Debagoienean. Esan bezala, besteak beste, ez direlako jabetu tokiko hedabideen ahalmen handiaz.

Begi-bistakoa da Fagor Etxetresnek –eta Fagorrek eta Mondragon taldeak– duen krisiaren dimentsioa maila askotarikoa dela: ekonomikoa, soziala, politikoa, pertsonala, eskualde esparrukoa, nazionala, nazioartekoa… eta, komunikazio aldetik, maila horietan guztietan erantzun beharrean dagoela (esan barik doa, ez dela batere lan erraza halako egoera bati aurre egitea).

Fagorrek, baina, baditu berezko ezaugarriak, kasu honetan behar beste kontuan hartu ez direnak: kooperatiba horretako bazkide gehienak inguru berekoak dira, Debagoienekoak, eta giza komunitate horrek baditu ezaugarri sozio-politiko-linguistiko jakinak. Esaterako, langile eta bazkide horietako asko eta asko euskaldunak dira, eta gehienak Goiena kooperatibaren hedabideen erabiltzaileak (erabiltzaile sutsuak nolanahi ere, erreparatuz gero CIES erakundearen edo Aztikerrek 2012an egindako ikerketaren emaitzei: azterketa horietan ikusten da oso handia dela debagoiendarren atxikimendua Goienaren hedabideekiko).

Aldiz, komunikazioaren estrategian, Fagorrek jo du (eta jo ohi du) lehenengo solairutik gorako hartzaileengana: Vocentoko hedabideetara, El País-era, egunkari ekonomikoetara, nazioartekoetara… Akaso, konturatu barik oraingo krisiaren protagonistak –kooperatibistak, inbertsiogile txikiak eta langileak eurak– beheko solairuan bizi direla, Debagoienean. Hartara, haserreak, egonezinak eta komunikazio premia handienak sortu dira Debagoienean bertan, eta ez hainbeste Donostian, Bilbon edo Madrilen (Basaurin bai, ordea). Hein handi batean, Debagoienean dago kokatuta egun arazoaren muina, eta, aldi berean, bailara horretan bertan finkatu da auziaren balizko konponketa (“Debagoiena-Metropolia” dialektika korapilatsua, beste baterako utziko dugu; izan ere, zer dakigu kaletarrok, esaterako, Poloniako edo Frantziako lantegietan gertatzen ari denaz? Eta, okerrena, jakiterik nahi ote dugu?).

Eztabaidatzeko, argibideak emateko eta haserre eta egonezinak baretzeko, eskura izan dituzte tokiko hedabideak (hedabide “lagunak” esan daiteke? Bai, behintzat, Vocentorenak baino lagunagoak, artikulu honen lehen esaldian argi geratzen den moduan), baina, hala ere, nahikoa baliatu ez dituztenak. Alde horretatik, herritarrek zeukaten informazio egarriarekin, harrigarria izan da entzutea Goiena telebistako aurkezlea ikus-entzuleei jakinarazten, ez Etxetresnetako ezta taldeko inork ez duela parte hartzerik nahi izan Fagor. Eta, orain zer? moduko mahai-inguru batean. (Lerro hauek idatzi direnerako, badago ikusterik Goiena telebistan eta Goiena paperean pasa den ostiralean, hilak 22, Zigor Ezpeleta Mondragon Taldeko Gizarte eta Lan Harremanetarako arduraduna eta Enplegu Bulego Korporatiboko zuzendariari egindako elkarrizketa).

Lepoa jokatuko nuke tamainako komunikazio-krisia bizi izan duten beste erakunde batzuek gustura hartuko luketela antzeko testuingurua, eta pozarren erabiliko luketela halako talde multimediak eskainitako aukerak.

Gainera, ikusi dugu, gaur egun, oso erraza dela etxeko ortuan landatzea, eta uzta jasotzea gertuan zein kanpoan. Hau da: tokiko hedabideak erabilita, egun, samur asko heda daitekeela berria nonahi. Eragin biderkatzaile horren adibide izan da, urriaren 31n, Xabier Bengoetxea Fagorreko Errektore Kontseiluko presidenteak Goiena telebistari esklusiban emandako elkarrizketa. Beste batzuen artean, elkarrizketa hartan esandakoak jaso zituzten EITBko irrati eta telebistek eta Espainiako El Mundo-k, El País-ek, SER irratiak. Edo, esaterako, www.mondraberri.com Internet atarian argitaratutakoak kalean hizpide izatea. Arrasateko atari horrekin lotuta, ikusi da Fagor Etxetresnetako bazkideen ekarpenak eta borondatezko ekarpenak berreskuratzeko ahaleginetan ari diren taldeek ederki baliatu dutela euskarazko webgunea euren mezua jendeari helarazteko. Alabaina, kontrakoak sarriago ikusi ditugu: etxekoek gaztelaniazkoetara jo behar izatea informazio bila, ETB2ra edo El Diario Vasco egunkarietara, hain zuzen ere.

Fagor Etxetresnen arazoak ez dira, noski, konponduko kasu handiagoa eginda tokiko hedabideei; haatik, nago herritarrak zainduago eta maitatuago sentituko liratekeela honelako une gogorretan ere, horiek erabiliz gero. Harri bakarrarekin bi txori jotzeko aukera legoke horrela jokatuta: batetik, erabilita hartzaileek gertukotzat eta sinesgarritzat jotzen dituzten hedabideak, erakutsiko litzaieke gertutasuna eta begirunea nola herritarrei hala kaltetuei; bestetik, komunitateak dituen tresnak baliatuta, mezua mundu zabalera hedatzeko aukera legoke.

Izan ere, tokiko hedabideek informazioa eta berriak gertutik zabaltzeko lekua ez ezik, izan behar dute, era berean, gune egokia jasotzeko kritikak eta iritzi kontrajarriak. Horrelakoak izan ezean, dena alferrik. Denok jai.

(Mondragon Unibertsitateko Atabala blogean argitaratutako artikulua).

Bidean

 The Way  filma ikusi berri dut. Hasieratik esatera noa filma nahiko eskasa iruditu zaidala: paisaia ederren argazki bilduma aspergarri samar bat, topikoz josita eta turismoa erakartzeko asmoarekin eginda. Baina, beno, beste alde batetik, gozatu ere egin dut 2010. urteko filma horrekin.

Filmak kontatzen duen istorioaren laburpena honako hauxe da: Tom Every (Martin Sheen) AEBetako oftalmologo bat da. Halako batean, jaso du telefono dei bat esanez bere 40 urteko semea hil egin dela mendi istripu batean, Pirinioetan, Done Jakue bidea egitera hastera zihoala. Tom Everyk erabaki du Europara etortzea semearen gorpuaren bila (filmean, Martin Sheen-ari semearen papera egiten du Emilio Estevezek, hain zuzen ere, filmaren zuzendaria eta, por tzierto, Sheen-en seme biologikoa). Azkenean, ezustean, aitak erabakitzen du bere semearen errautsak motxilan sartuta, Santiagorako oinezko abenturan abiatzea… eta, hor, hasten da filma, Euskal Herrian.

Izan ere, iritsi Donibane Garazira, Nafarroa Beherara, iristen da Martin Sheen trenean. Bagoitik jaitsi orduko, polizia bat hurbilduko zaio jendarmariara joaten laguntzeko. Eta, hor hartu nuen lehenengo sorpresa. Begira, Polizia-buruak zelako txukun apainduta duen bulegoa:

Bulegoa
Baina, maparena bakarrik ez (segurutik, komisaldegia lokalizatuko zuten Donibaneko Herriko Etxean, ala?). Oinez Gaztelara iritsi aurretik, protagonistak zeharkatzen du Euskal Herri osoa: osoa. Izan ere, The Way filmean, dena da Euskal Herria: Iparraldea, Nafarroa… Alegia, aditu errusiarren informe horrek diona, baina, urteak lehenago esanda.

Badaude filmean bestelako bitxikeriak. Esaterako, Done Jakue bidea azaltzerakoan, mapak agertzen dira pantailan behin eta berriro. Eta halako batean, ikusten da Los Arcos eta Puente la Reina (Gares) herrien artean badagoela herri bat… Estrella izenekoa! Imajinatzen dut, Estrella barik, Estella (Lizarra) esan nahiko zutela.

Estrella
Hizkuntzaren tratamendua ere halakoa da: nahasten dute modu zoro samarrean gaztelania, frantsesa eta espainiera. Filmean makina bat hizkuntza entzuten da, baina, oker ez banabil, ez da hitz erditxo ere esaten euskaraz. Behin mapa dotore horrekin hasi eta gero, pena.

Nahi izanez gero, badago The Way Interneten ikusteko aukera.

Eguneraketa: jakin berri dut Amatiñok jorratu zuela lehenago gaia bere blogean, antzeko hari-muturretik tiraka: Euskal historiografiaren heldutasunik eza ote?