Category: Ekintzailetasuna

Silicon Valley edo Interneteko aplikazioen sukarra

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak bidalita, Kaliforniara joateko aukera izan dut bertatik bertara ezagutzeko Silicon Valley-n dagoen ekintzailetasun teknologikoen oinarriak. Ikasketa bidaiaren antolatzaileak izan dira MUko Leinn graduko ikaslez osatutako Tazebaez taldekoak. Aste betean, makina bat ekintzaile eta enpresa ezagutzeko aukera izan ditugu. Batez ere, bisitatu ditugu startup-ak edo teknologia berriekin lotutako enpresak, baina, baita ere ekintzailetasun soziala bultzatea xede duten irabazteko asmorik gabeko erakundeak eta unibertsitateak.

Argazkiak.org | Coworking gunea San Frantziskon © cc-by-sa: goioarana

Agerikoa da, startup teknologikoak sustatzeko ekosistema aproposa eratu dutela Sillicon Valey-n. Ikusitakoaren arabera, hiru ezaugarritan, behintzat, badago oinarrituta ingurune hori: pertsonen talentuan, sortu duten sare osagarrian eta inbertsiogileen presentzian.

  • Talentua. Egun, munduko programatzaile prestatuenak eta ekintzaile sutsuenak doaz Kaliforniara lanera. Lehenak doaz lan espezializatu eta ondo ordainduen bila, bigarrenak, aldiz, finantziazio bila garatzeko sortu duten Internet aplikazioa edo Apps-a; eta, denak arrakasta eta aberastasunaren bila. Joandako ekintzaile askoren ametsa da aplikazio eraginkor bat sortu eta beroi saldu enpresa handi bati (alde horretatik, oraintsu argitaratu den Nick d’Aloisio gaztearen eta Summly aplikazioren kasua izango litzateke Kaliforniara joandako askoren ametsa). Gaitasun handiko gizataldea bildu da Silicon Valley inguruan, baina, han dagoen lehiakortasuna ere itzela da. Eneko Knörr San Frantziskon lekututa dagoen Ludei euskal startup-aren arduradunak dionez, “kalkulatzen da, gaur egun, 5.000 bat startup daudela San Frantzisko finantzazio bila. Horietako %3k bakarrik lortzen du arrakasta”.

  • Sarea. Silicon Valley-n sortu du industria osagarri ahaltsua emateko ekintzaileei eta startup-ei behar dituzten guztiak, esaterako:

    • Coworking guneak. Alegia, beste ekintzaile batzuekin partekatzeko lantokiak. Horietan, zerbitzu komunak izatetik aparte (wifi-a, jangela, bilera eta hitzaldi aretoak…) bakoitzak aloka dezake duen beharren araberako tokia: jarleku bat, mahai bat, gela bat, bulego oso bat… (duten prezioen ideiara egiteko, mahai bat alokatzeak balio du 700-800 euro hilero). Halako langune mordo-mordoa dago San Frantziskon. Gainera, enpresa askok erabaki ohi du horrelakoak hartzea luzerako bulego “ofizial” moduan, adibidez, lehenago aipatutako Ludeik berak edo Spotify musika banatzaile ezagunak… baina, argi! horrek ez du esan nahi enpresa horiek diruz larri daudenik edo ezin izango zutenik bulego propiorik eduki. Kontrara, startup askok propio erabakitzen du coworking guneeetan lekutzea halakoetan oso giro sortzailea egoten delako eta aukera paregabea delako jatorri desberdineko lagunekin topo egiteko. Alde horretatik, lantoki horiek bilakatu dira Silicon Valley-en hain garrantzitsua den networking edo lanerako sarea eratzeko tokirik ezin aproposagoak.

    • Denetariko ebentoak eta pitching-ak. Han-hemenka ekitaldi ugari antolatzen dira ekintzaileek ideiak parteka ditzaten eta euren arteko elkarlana bultzatzeko asmoz. Ekitaldien artean, garrantzienetarikoak dira diru bila dabiltzan ekintzaileak eta inbertsiogileak harremanetan jartzeko pentsatuta dauden pitching-ak. Pitching aurkezpen modu azkar bat da non ekintzaileak hiru minutu (hiru!) izango ditu, azalpen argi eta erakargarrien bidez, pizteko inbertsoreen interesa. Denbora oso baliotsua da Silicon Valley-n!

    • Ekintzaileentzat zerbitzuak. Denetariko zerbitzuak eskaintzen dira: gelak, ekintzaileentzat ostatuak, hotelak… gurea moduko turismo teknologikoa ere koka daiteke zerbitzu eskaintza osagarri horretan.

  • Inbertsiogileak. Diru mordoa mugitzen da Kalifornian startup-en bueltan. Gainera, maila desberdineko inbertsiogileak daude, batzuk diru gutxi jartzen dutenak (6.000 dolarretik gora), beste batzuk, ordea, kopuru itzelak. Balizko irabazien %20en truke, inbertsiogileek diru asko inbertitzen dute startup berrietan.

Inbertsio bila AEBetara joateraren arrazoietariko bat da han, gurean ez bezala, era horretako proiektuek porrot egiten dutenean, galtzen dena da funtsek jarritako dirua, eta ez hemen gerta daitekeen moduan, nor beraren jabetzak. Esandakoarekin lotuta dago, Kalifornian, porrot egiteari ematen zaion zentzu baikorragoa: porrota hartzen dute ikasteko ezinbesteko urrats bezala, eta, ondorioz, konfianzarekin saritzeko modukoa, alegia, inbertsioekin. Ekintzaile katalandar bati entzundakoaren arabera, “ulertzeko zaila da guretzat, baina, San Frantziskon, nekez lortuko duzu inbertsioa aurretik ez baduzu beste proiekturen batean kale egin. Izan ere, inbertsiogileek badakite, aurretik inoiz porrotik egin ez duenak, errazago egingo duela lehenengoan. Hori bai, egitasmo berrian erakutsi behar duzu aurreko porrotaren irakaspena barneratu duzula”.

Esandakoa, Silicon Valley-n bildu dira, batetik, lan mordoa egiteko gertu dauden ekintzaile eta sortzaileak. Horietan ikusten da pasioa, kemena eta aurrera egiteko gogo bizia. Bestetik, badago horiek guztiak babesten duen kultura eta industria oso bat. Eta, azkenik, nola ez, kapitala, horrek ezartzen dituen joko-oinarri zorrotz eta gogorrekin.

Noiz arte iraungo duen Silicon Valley-koak? Adituen arabera, inbertsioak mantentzen diren unera arte. Izan ere, han aurki daitezkeen bestelako baldintzak eskaini eskaintzen dira bestela ere munduko beste bazter askotan, eta gainera, AEBetan baino modua merke eta erosoagoan (oso garestia da startup-a Silicon Valley-n lekutzea, gainera, kontuan hartu behar da AEBetan jarduteko lan-baimena ere ezinbestekoa dela), baina, han omen dago, gaur gaurkoz, teknologian inbertitzeko dirua.

Nik hari guztiari urre sukarraren antz apur bat ere hartu nion: lehenago, makina bat lagun urre bila joan zen moduan, egun, milaka ekintzaile itxaropentsu doaz hara, sortu duten zerbitzua edo Apps-a urre bilatzeko asmoarekin.