Category: Diseinua

Horrela egin nuen “Zezen Eseri” Sanferminetako kartela

Gaur eman dute jakitera zeintzuk diren 2014ko Sanferminetako kartel lehiaketaren zortzi finalistak. Nik aurkeztutako horien artean ez dagoenez, dagoeneko ez daukat isilpean gorde beharrik kartelaren egilea zein den eta, beraz, konta dezaket nik bidalitako lanaren sortze-prozesua. Horra, Zezen Eseri kartelaren istoriotxoa.

SanFermin-ToroSentadoTxiki

2013ko Sanferminak bukatu orduko otu zitzaidan kartela egitearen ideia, hain zuzen ere, lagun batek oparitutako IKEAko aulki gorri bat eta lepoan jartzekoa begi aurrean ikusi nituenean:

Abiapuntua

“Hara, zelako zezen polita!”, esan nuen nire artean. Beno, egia esan, zezena “izateko” behar zituen ukitu batzuk, baina, horretarako astia banuenez, ekin egin nion lanari. Gainera, ez nuen gauza handirik behar: paper zuri puska batzuk begiak egiteko, kartoia muturra egiteko,  boligrafo beltz bat ninia margotzeko eta, azkenik, cello beltza apatxak egiteko. Listo!

materiala2

Lanean hastea zen kontua.

Celloajartzen

Egia esateko, egin nuen lehenengo aukera, nahikoa FAIL izan zen, izan ere, zezena barik, aulkiak ematen zuen txerritxoa! Hala ere, ez zen zaila izan muturra “birdiseinatzea”.

Kartelaren gaiari lotuta, izan nituen zalantzak zezen bat erabiltzea topikoegia izango ote zen, baina, etorri ere, horrela etorri zitzaidan ideia, beraz… Gainera, aurreko urteetako finalistak ikusita, konturatu nintzen denok ere, urtea joan eta urta etorri, gauza berdinei jira eta buelta ari zirela: kolore gorri-zuri-beltzak, zezenak, erraldoiak, adarrak, santuak, gerriko eta zapi gorriak, tipografiarekin jokoak… Hemen daude bilduta azken urteotako ehunka lan finalista: urte bakoitzaren 100 lanik onenak.

Gainera, banuen beste kezka bat: ni ez naiz batera zezenzalea, kontrakoa, eta, amorrua puntua ematen zidan gai horri heltzea kartela egiterakoan. Beno, emaitza ikusita, nahi dut pentsatu nire zezentxoa oso ondo bizi dela, lasai-lasai eta gustura hartuko duela bisitariak beso artean. Ni hartu ninduen moduan lana bukatu nuen egunean: 2013ko uztailaren 19an. Nola dakidan eguna hori izan zela zehatz-mehatz? ba, begiratu argazkian, eskubiko aldean, egunerokoen orritxoa. Hori ere josota geratu zen, bere momentuan, nire eguneroko zelebre hartan.

Neu-aulkian

Eta, bai. Simpsondarrak iheska ibiltzea zer eta zezen-besaulki horiengandik kasualitate hutsa izan da. Egia esanda, ez dakit horrek lagundu ala kalterik egin didan…

sofa-zezenak

Bideoa ikusteko: zezen-besaulkiak Iruñean.

Errematatzeko, testua kokatzea falta zen. Hitzak konposatzeko orduan, Amplitude izeneko letratipoa hautatu nuen: oso gustuko dut Christian Schwartz tipografoak diseinatutako letratipo dotore eta moldaerraz hori. Ez du inoiz kalerik egiten! Hori bai, lehiaketan aurrera egin ahal izateko, idatzi behar da “San Fermín” tilde eta guzti –ez, Sanferminak– eta “Iruña” jarri behar da, Iruñea beharrean.

Guztira, 546 lan aurkeztu dira lehiaketara. Horietatik 106kin, urtero legez, erakusketa egingo dute hiriko erakusketa areto batean. Gainera, zortzi finalistekin, lehiaketa publikoa egingo dute. Hemen daude zortzi lan finalista horiek ikusgai, eta iruindarra izanez gero, aukeragaikartela aukeratzeko lehiaketa.

Beno, nire kartela laster egongo da etxean ikusgai.