Bederatzitik, bostetan

(Goienako Zabalik atalerako idatzitako iritzi artikulua: 2005-05-31)

Pasa den astean inauguratu zen, modu ofizialean, MUko Aretxabaletako campus berria, bertan eskaintzen dira dagoeneko Ikus-entzunezko Komunikazio gradua eta zenbait graduondo. Aretxabaletakoarekin bi dira Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak dituen campusak, Eskoriatzakoa eta Aretxabaletakoa.

Ez dut ezagutzen antzeko kasurik: bederatzi herritako eskualde batean, bost herrik daukate unibertsitate mailako ikasketa eskaintza. Gurean, Oñatin Enpresagintza dago; Arrasaten, ingeniaritzak; Eskoriatzan, hezkuntza; Aretxabaletan, komunikazioa eta, Bergaran, UNEDeko urrutiko ikasketak. Bada marka! Izan ere, ohikoena –eta errentagarriena– izaten da unibertsitateak lekutzea hiriburuetan, erakarpen handia duten gune handietan, eta ez geureak moduko herri txikietan.

Unibertsitatea egon badago, baina igartzen da gero giro berezirik gure herrietan? Badago gurean gune unibertsitarioetan egon ohi den giro gazte eta alai hori? Ba, esango nuke ezetz. Jakina, ikasleen presentzia nabarituko dute dendariek, tabernariek eta etxe alokatzaileek, baina besteok larregirik ez. Hala ere, ez diogu horren erru osoa kanpoko ikasleei botako, ezta?

Batetik, orokorrean, parte hartzea denetan jaitsi da nabarmen.

Bestetik, gero eta ikasle gehiago dabil, tupperware-a aldean hartuta, etxera joan-etorrian autobusean edo autoan.

Azkenik, debagoiendarrok gauza askotan izango gara aitzindari, baina onartu beharrean gaude ez garela bereziki nabarmendu sormenaren, aisialdiaren eta gozamenaren sustapenean. Akaso, lortu dugu nazioartean txokotxoa egitea, baina ez, behintzat, egin dugulako munduko eskualderik erakargarri eta interesgarriena.

Post a comment

You may use the following HTML:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>