Ander Arana gazteak erakusketa jarri du Londresko “Window 135″ arte-erakusleihoan

DSC00516

Ander Aranak ikusgai ipini ditu Londresko Window 135 izeneko arte-erakusleihoan plastikozko esne botilekin egindako lanak. Lewisham barrutian dagoen erakustokian, asteko-astero jartzen dituzte jabeek eurek edo beste artista batzuk egindako artelanak eta instalazioak. Leintz Gatzaga eta Basauri artean bizi den 15 urteko gaztea, Londresen egin du ikasturtearen lehenengo lauhilekoa.

Lehenik eta behin, zer dela eta zaude Londresen?

Amak, lanagatik, Londresen egin behar zituen hiru hilabete, eta iruditu zitzaion aukera ona zela neu ere hona etortzea eta ingelesa hobetzea. Egia esateko, hasieran, ez nuen nahi lagunak utzi eta hona etortzerik, baina, dagoeneko ez naiz damutzen etorri izanaz. Kontrakoa, jakin badakit Euskal Herrira itzuli orduko, faltan botako dudala Londres.

Zer da “Window 135”?

Window 135 arte-erakusleiho bat da. Oso toki bitxia da: erdi erakusleihoa, erdi mikro-erakustokia. Londresko New Cross Road izeneko kale jendetsuan dago kokatuta, etxe bateko beheko solairuan. Jabeak dira Tim Jones eta Meena Chodha, bi sortzaile oso jantzita daudenak artean, musikan eta zineman. Tokia, lehenago, barazki denda bat omen zen, baina, etxea berritu zutenean, erabaki zuten erakusleihoa uztea (egun, etxebizitzako egongela da). Txoko horretan kokatzen dituzten jabeek eurek edo beste artista batzuk egindako artelanak. Mugimendu handia dago erakusleihoan: astero-astero aldatzen dute erakusketa. Webgunea ere badute: www.window135.com.

Nola ezagutu zenuen tokia?

Pasa den uztailean, aita eta biok etorri ginenean ikustera hemengo gure etxea izango zena, harrituta geratu ginen gure auzoan aurkitzeaz –Lewisham barrutian, Londresko hego-ekialdean–, halako txoko bitxia. Hartu genuen erakusleihoan bertan idatzita dagoen webgunearen helbidea, eta oso polita iruditu zitzaizkigun Interneten ikusitakoak; ordutik aurrera hasi ginen astero-astero webgunea bisitatzen.

Nola jarri zinetan harremanetan tokiaren jabeekin?

Abuztuan, Londresen geratzera etorri ginen aita eta biok. Erakusleiho aurretik pasatzen ginenen bakoitzean, geratu egiten ginen artelanak ikustera eta komentatzera han ikusitakoak. Halako batean, erakusleihoaren ondoko atetik ikusi genituen irteten gizon bat, emakume bat eta bi ume: txokatuta geratu ginen, izan ere, uste genuen toki hura zela erakustokiren bat edo artearekin zerikusia zuen guneren bat, eta ez etxebizitza arrunt bat. Hurrengo egun batean, orduan ere begira geundela jarritako artelanei, berriz ere ikusi genuen etxetik irteten familia hura. Aita hurbildu, eta eurekin hitz egiten hasi zen. Oso jator egon ziren, eta te bat hartzera gonbidatu gintuzten. Orduan azaldu ziguten zer zen Window 135 egitasmoa. Tim Jones eta Meena Chodha-ren etxea artelanez josita dago, eta han ikusi eta entzundakoak oso inspiragarria suertatu zitzaizkidan.

Nola sortu zenituen eskulturok?

Window 135 ezagutu eta gutxira etorri zitzaidan buru-eskulturak egitearen ideia. Hain zuzen ere, egun batean, hortzetako eskuilak jartzeko pote bat behar genuela-eta, aitak erditik moztu zuenean hemen erosi ohi ditugun esne poteetako bat (Britainia Handian ez dago tetra brick-ik!). Poteari buelta eman genioenean, konturatu ginen antz handia zuela Paskua uharteko eskulturekin. Orduantxe hasi nintzen sortzen forma ezberdinetako buruak.

Eta, erakusketa jartzearena?

Behin lanak bukatuta nituela, guraso eta ezagunei erakutsi nizkien eta harrera ona izan zituzten lanok. Gurasoek eurek gomendatu zidaten joatea Window 135-eko Tim eta Meena-rengana. Animatu, eta aste batzuk geroago eurengana abiatu ginen ama eta biok buru guztiak bi poltsa handitan sartuta. Asko gustatu zitzaizkien, eta proposatu zidaten hurrengo astean bertan jartzea erakusketa. Asko lagundu zidaten muntaiarekin. Window 135-ean ohi duten bezala, astebete egon dira lanak ikusgai.

Zelakoak dira erakusleihoan jarri dituzun lanak?

Zazpi buru dira bata bestearen ondoan ilaran jarrita. Plastikozkoak dira, birziklatutako esne poteekin egindakoak, eta daude helduta oinarri metalikoekin. Ezkerretik hasita, lehenengoa da txirrindulari baten burua, betaurreko eta guzti. Bigarrenak, aldiz, punki baten itxura dauka, ileak tente-tente. Hirugarren lanarekin ahalegindu nintzen Frankenstein bat egiten, eta nahiko antza daukala uste dut. Laugarrenak, ostera, dauka Ameriketako indiar baten traza, ile luze eta buruko zintarekin. Bosgarrena errege bat da, koroa eta guzti. Seigarrena, ostera, Elvis Presley musikaria da. Azkenik, zazpigarrena, hondartzan dagoen pertsona bat da, bisera eta betaurrekoekin. Kontua zen obra guztiak egitea bakarrik plastikozko poteekin eta pote horiek dituzten etiketekin, beste ezer erabili barik (etiketak baliatu ditut egiteko betaurrekoak, ilea, koroa…).

 Bukatzeko, egin izan dituzu lehenago antzeko lanik?

Beno, margotu egiten dut. Bost urte nituenetik, astean behin, Basauriko margo eskoletara joaten naiz. Iaztik, gainera, ostiralero, Arrasateko Kultura Etxera ere joaten naiz pintura eskolak hartzera. Etxean ere, noizbehinka, ibiltzen naiz. Hala ere, nire zaletasunik handienak dira argazkiak ateratzea eta bideo laburrak egitea.

Post a comment

You may use the following HTML:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>