Super Bowl-a

Egun, futbolak eta pop izarrek biltzen dute jende gehien ordainpeko ikuskizunetan. Normalean, bakoitza bere aldetik joan ohi da, kirola alde batetik eta musika bestetik. Baina badago hitzordu bat industria biak modu harrigarrian uztartzen dituena: Ipar Amerikako Super Bowl-a. Bertan, batzen dituzte futbola –futbol amerikarra, kasu honetan– eta munduko musikari dirdiratsuen kontzertuak. Aurten, Houston-eko NGR Stadium-ean jokatu da partida, eta Lady Gaga izan da protagonista.

Super Bowl-eko Halftime Show-a edo Atsedenaldiko Ikuskizunak irauten du 15 minututxo, eta segurutik tarte hori izango da egun dagoen zuzeneko ikuskizun garestiena eta, aldi berean errentagarriena. Bertan parte hartu duten artisten zerrenda itzela da: Michael Jackson, Beyonce, Rolling Stones, Madonna, Cold Play, Bruno Mars, Red Hot Chili Peppers, Katy Perry… denak, antza, zentimorik ere kobratu barik. Izan ere, behin Super Bowl-ean egonda, nahi duzun tokian eta nahi duzun prezioan jo omen dezakezu.

Halftime Show-ean dena da oso iparramerikarra (gora urdina eta gorria!), demasa eta neurri gabea: artisten aukeraketatik hasita, eszenografia erraldoia, ehunka lagunen koreografia, su festa ikusgarria, argiztapena, soinua, dron mordoa airean, puntako zuzeneko erretransmisioa… eta, esandakoa, hori guztia hasi eta bukatu ordu eta laurdenean. Aurtengo ikuskizunean 10 milioi dolar inbertitu dute –ekonomiari begira eta ikusita egunak ehunka eta ehunka milioiko irabaziak sortu dituela, ezin jarri “gastatu” dutela, ezta?–.

Estadioan bildu ziren 80.000 lagunetik gora. Batez beste, sarrerak balio zuen 6.000 dolar. Bakarrik AEBetan, 112 miloi lagunek ikusi zuten ikuskizuna (kirola+musika+publizitatea) zuzenean telebistatik. Eta, dagoeneko, milioiak eta milioiak gara show-a Internetetik ikusi dugunok. Esaterako, nik ikusitako bideoak zituen 5,5 milioi bisita Halftime Show-a bukatu eta 24 ordu eskasera; orain, 15 egun geroago, bildu ditu ia 26 milioi bisitari.

Telebistatik botatako emanaldia ikustekoa da: gezurra ematen du zuzeneko bat ikusten ari zarenik. Ematen du bideoa dela grabatutako kontzertu bat post-produkzio handiarekin. Eta, ez, zuzeneko emanaldia da. Harrigarria.

A! Lady Gagaren aurretik eta ondoren, New England Patriots (?) eta Atlanta Falcons (?) taldekoak ibili ziren baloi obalatua harrapatu nahian.

(Puntua paperezko aldizkarirako idatzitako artikuluaren moldaketa. 2017-02-24)

Azpitituluak puntu kom

Filmak bertsio originalean ikustea gustuko dugunontzat, baliabide interesgarri bat dago sarean: azpitituluak.com webgunea. Oso ezaguna ez den txoko horretan biltzen dira dagoeneko 500 575 film baino gehiagoren euskarazko azpitituluak.

Baina, 500 575 film kopuru polita bada ere, webgune horrek duen abantaila nagusiena da bertan biltzen den filmen kalitate handia: oso film gomendagarriak daude euskarara ekarrita. Denetik dago bilduman: klasikoak, film berri berriak, beldurrezkoak, akziozkoak, komediak, animazioak, dokumentalak, LGTB ikutukoak… denetik.

Azpitituluak.com-en bueltan dozena bat lagun-edo ari dira lanean, tartean, noizbehinka, ni neu ere bai. Eta, talde horren erdian proiektuaren alma mater-a: Luistxo Fernandez eibartarra. Berari esker dago webgunea indarrean, eta bere ekimen pertsonalari esker bildu da bildu den taldea eta katalogo polita. Luistxok egin duen lan handiak izan du aurten merezitako onarpena: 2016an, Argia Saria eman diote azpitituluak.com-i.

Oso erraza da Azpitituluak.com-en dauden azpidatziak erabiltzea. Hasteko, aukeratu behar da gustuko film bat begiratuta webguneko kartelen bilduman edo katalogo alfabetikoan; ondoren, deskargatu filmaren sipnopsiaren azpian ageri diren euskarazko azpidatziak; geroago, hortxe bertan, deskargatu Internetetik Azpitituluak.com-en ematen diren ondo sinkronizatzen diren filmaren bertsioak (edozein Torrent programa erabil daiteke filma deskargatzeko). Bukatzeko, ireki filma VLC Video Player doako aplikazio ezagunarekin eta aktibatu bertan euskarazko azpitituluak. Listo.

Teknikoki ez da batere zaila filmak azpidaztea, izan ere, testu-prozesatzaile arruntak erabiltzen dira itzulpenak egiteko (Word baino sinpleagoak diren horiek guztiak: TextEdit, Oharren block-a…). Hori bai, behar da borondate apur bat eta 10 bat ordu lana hasi eta bukatzeko (nik behintzat, 10 ortu inguru behar izaten ditut gustuko filma bat itzultzeko, testua orrazteko eta baieztatzeko irudiak eta testua ondo ezkontzen direla…). Azpidazle bakoitzak erabakitzen du zein hizkuntza hartuko duen oinarritzat. Normalean, eta hizkuntza ezagutuz gero, filma eginda dagoen hizkuntza erabiltzen da, baina hori ez da beti horrela, eta har daiteke erdibideko beste edozein hizkuntza, esaterako, gaztelera.

Jakina, borondatezko lana denez, ez dago konpromiso handirik, eta testuak itzultzerakoan hanka-sartze bat edo beste eginez gero, ba, ez da larria. Denoi gustatzen zaigu azpititulu onak erabiltzea baina, tira, ez gara erretxin jarriko akatsen bat aurkituz gero borondate onenarekin beste batek egin duen lanean, ezta?

Begiratu oraintxe bertan Interneten: azpitituluak.com.

(Puntua paperezko aldizkarirako idatzitako artikuluaren moldaketa. 2016-11-09)

Kokoteraino ‘Big data’-rekin

Sekulako ahalegina egiten ari dira era guztietako erakundeak eta enpresak kontsumitzaileen gaineko informazioa eta datu zehatzak biltzeko. Izan ere, gure egunerokotasunean sortzen ditugun datu pilo horiek kontuan hartuta eraikitzen ari dira, neurri handi batean, egungo merkatua eta gizarte antolaketa bera.

Nahita edo nahi barik, uneoro, inoizko datu mordoa ematen dizkiegu erakunde horiei guztiei. Geokokapena dela, txartelarekin ordaintzen ditugun erosketak direla, telefonoa eta Internet erabiltzen ditugula edo betetzen/erantzuten ditugun galdetegiak direla, kontua da, datu lagatze jarioak ez duela etenik.

Big data eta marketina amesgaizto bilakatu dira dagoeneko. Horren bi adibidetxo azken egunetakoak. Lehena: Facebook-ek iragarri berri du, “bere zerbitzua eta eskaintza hobetzeko asmoarekin”, eta erabiltzaileak kontrakoa esan ezean, WhatsApp-eko profiletik hartu eta erabiliko dituela zenbait datu, tartean, erabiltzailearen telefono zenbakia. Alegia, aplikazio bateko erabiltzaile zara eta, konturatu orduko, beste bigarren batek ere balitzen ditu zuk lehenari emandako datuak.

Bigarrena: aurreko astean, Orange-ra deitu nuen ADSL eskaintza baten berri jasotzeko. Ezertan hasi aurretik, saltzaileak galdetu zizkidan izen-abizenak, etxeko helbidea, telefono zenbakia eta… nire NAren zenbakia! Bere esanetan, sistemak derrigorrez eskatzen zizkion horiek guztiak eskaintza egin ahal izateko. Ez nion NAn zenbakia eman. Lasaitzeko eskatuz eta tramite hutsa zela erakusteko, berea jarri omen zuen salmentarekin aurrera egiteko. Modu batera edo bestera, eta ADSL zerbitzu hura kontratatu ez nuen arren, bi egun geroago Orangek igorritako esku-orri publizitarioa nuen nire postontzian.

Ez dut zehatz-mehatz gogoratzen zenbat urte dela hasi ziren saltoki gune handiko kobratzaileak kode postala eskatzen kontua ordaintzerakoan. Oso amorragarria egin izan zait beti galdera dontzu hori: “Kode postala, mesedez?” Baina gerora etorri dena ikusita, dagoeneko ia sinpatikoa eta dena egiten zait galderoi. Hasteko, sikiera, gizaki batek aurrez aurre botatzen duelako, eta, bestetik, naif samarra bada ere, norberaren esku dagoelako egia esan ala sortzaile planean jartzea. “Nire kode postala? 11270”.

(Puntua paperezko aldizkarirako idatzitako artikuluaren moldaketa. 2016-09-08)

Txio piloa desagertu dira nire Twitter kontutik

Sekulako sorpresa hartu dut Twitterreko nire profila ikusi dudanean: nik botatako ehunka txio desagertu dira denbora lerrotik! Eta hori guztia nik ezer ikutu barik.

Ez daukat esaterik zenbat izango ziren urte hauetan guztietan bota ditudan txioak baina, milaka batzuk bai. 3.000 mila, 4.000 mila bat? Ez dakit, baina, 570 txio baino gehiago seguru baietz!

Captura de pantalla 2016-05-25 a las 15.41.52 copia

Nire denbora lerroan geratu den txio zaharrena da 2015eko maiatzaren 24ko bat. Ez dut inguruan antzeko kasurik entzun, baina, begiratuta Interneten ikusi dut Twitterrek izan omen dituela txio desagertze masibo batzuk lehenago. Esaterako, 2014. urtean galdu omen zituen milioika txio, tartean Ellen DeGeneresek botatako selfie famoso hura.

Ez dut uste nire arazoak halako kontuekin lotura duenik; izan ere, ez dut entzun inguruan inori desagartu zaionik txiorik azkenaldian…

Mezu bat bidali diet Twitterrekoei gertatutakoa azalduz, horretarako duten txokora. Baina, hara, berehala jaso dut euren robotaren erantzuna, eskerrak emanez eta ohartaraziz ez dituzte mezuak banan-banan erantzuten, hori ba, hobetzeko balioko zaiela ekarpena.

Captura de pantalla 2016-05-25 a las 12.19.15

Total. Desagertu direla nire txio gehien-gehienak eta ez dakidala zergatik izan den.

 

Sare sozialen prezioa

Sare sozialek dena aldatu dute, Internet bera ere hankaz gora jarri arte. Egun, gero eta gehiagotan erabiltzen ditugu tresna horiek orain gutxira arte ohiko webgune bitartez egin izan ditugun gauzak egiteko: informazioa sortu eta partekatzeko, albisteak irakurtzeko, bideoak ikusteko, musika entzuteko… Baina, aldaketa handia eragin badute Interneten bertan, zer esanik ez bestelako komunikabideetan, esaterako, paperezko hedabideetan.

Adibide bat. MONDRAGON UNIBERTSITATEko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean, orain gutxira arte, lan-eskaintzen berri emateko erabili izan ditugu ohiko bideak: ordainpeko iragarkiak argitaratu paperezko egunkarietan, gure kasuan, herrialde eta Euskal Herri mailako egunkarietan. Prozesu luze samarra da halakoen kontratazioa: testua ongi idatzi (akatsek ez dute konponketa errazik paperezkoetan!), iragarkia maketatzera bidali, moduluen kontratazioa egin… Hori guztia, iragarkia argitaratzeko egun eta hedabide zehatz batean. Jakina, zenbat eta hartzaile gehiago edo profil desberdinekoak nahi, orduan eta hedabide gehiagotan jarri behar iragarkia.

Eta hori guztia ez da merkea. Bide tradizional hori erabili izan genuen azken aldian, milaka euroko kontua ordaindu egin behar izan genuen. Eta, txarrena, eskatutako ordaindu arren, eguneko egunkarien salmenten beherakadarekin, emaitza ez dago bermatuta. Hala, azken aldi horretan, 30 bat curriculum jaso genituen 15 eguneko epean.

Aspalditxo baina, fakultateak sortzen dituen lan-eskaintzen zabalpena egiteko erabiltzen ditugu gure webgunea eta sare sozialetan ditugun kontuak, bereziki, Facebook eta Twitter.

Adibide bat. Pasa den astean, fakultateko webgunean albiste bat argitaratu genuen: ireki egin dugula lan-poltsa administrazio eta zerbitzuetan lan egiteko. Ba, Facebooken jarritako artikulu horren oharra ia 2.000 lagunek irakurri dute eta 50tik gorako elkarbanatze eta atsegite lortu ditu. Twitterren ere egin du bidea lan eskaintzari buruzko txioak: 200 lagunek egin dute klik botatako txioan eta hainbat aldiz izan da bertxiotuta. Horren guztiaren emaitza izan da 10 egun eskasean, 260 curriculumetik gora jaso ditugu e-mailean. Prezioa: 0 euro.

Halako eta antzeko kontuetarako sekulako abantaila ekarri dituzte sare sozialek. Behin emaitzak ikusita, zein erakunde egongo da prest dirutza ordaintzeko era honetako zerbitzuak kontratatzeko? Ikusi besterik ez dago nola mehetu edo erabat desagertu diren egunkariek larunbatetan argitaratu ohi dituzten/zituzten larrosa kolorezko lan-eskaintzen gehigarri berezi horiek.

(Puntua paperezko aldizkarirako idatzitako artikuluaren moldaketa. 2016-05-20)

Wikipedia 15 urte… zutunik

Urteurrena

Urtarrilean, 15 urte bete ditu Wikipedia onlineko entziklopedia irekiak. Urteak sasoitsu bete ere: 250 hizkuntz desberdinetan idatzita dagoen entziklopediak jasotzen du, hilero, 500 milioi erabiltzaile bakarren bisita; gainera, itzela da pilatu duten artikulu kopuru: 38 milioi sarreretik gora.

Euskarazko Wikipediak ingelesezkoak baina urte batzuk geroago ekin zion bideari. Jaiotze data ofiziala 2001eko abenduaren 6a bada ere, ganorazko artikuluak bi urte geroago hasi ziren sareratzen, hain zuzen ere, 2003ko azaroaren 7tik aurrera. Gaur egun, 230.000 artikulu inguru ditu euskarazkoak. (Hemen, Wikipedia guztien zerrenda, artikulu kopuruaren arabera sailkatuta)

230.00 artikulu asko dira, baina ez nahikoak. Galder Gonzalez (@theklaneh) euskarazko Wikipediako bultzatzailetarikoak dion moduan, “artikulu geografiko asko ditugu, baita animalia ezberdinen artikuluak. Erroboten laguntzarekin Frantziar estatuko udalerri (ia) guztiak sortu genituen. Berdina eginez ornodunen katalogo osoa dugu bertan. Baina oso flojo gaude bestelako gaietan: anatomia, kimika… baita historian ere. Entziklopedia oso bat izan nahi badugu, horra hor erronka handia”. 

Wikipedian bizi izandako pasadizoa

2013an tokatu zitzaidan lan-bidaia egitea San Frantziskora, Amerikako Estatu Batuetara (handik bueltan idatzitako kronikatxoa). Bidaiaren egutegian bazegoen hitzordu interesgarri bat: Wikimedia Fundazioa bisitatzea (Wikimedia da, besteak beste, Wikipedia entziklopedia kudeatzen duen fundazioa). Bertako langileek ederki azaldu zizkiguten hango kontuak: zer nolako arazo legalak izaten zituzten zenbait testu eta irudiekin, beste enpresa teknologikoek egiten zioten jarraipen estua bertako langileak tentatzeko lan-eskaintza hobeekin, boluntario eta ordainpeko langileen artean batzuetan sortzen ziren gatazkak… Baina, oso bestelako kontu batek eman zidan atentzioa Wikipediako egoitza nagusi hartan: bertako langile askok eta askok zutik egiten zuten lan, ez jarrita! Horretarako, erabili beharrean ohiko mahaiak, erabiltzen zituzten erretzaileentzat taberna kanpoetan jarri ohi dituzten mahai altu horietako moduko altzariak.

pie-15748

Ordura arte, inoiz ikusi barik nuen bulego batean halako lan egiteko modurik; harrezkero ere ez zait antzekorik tokatu parean. Wikipediari berari esker jakin dut, ingelesez, standing desk esaten zaiela postu horiei.

Mila esker Wikipedia, eta mila esker editore guztioi!

(Puntua paperezko aldizkarirako idatzitako artikuluaren moldaketa. 2016-02-05)

Oharra: Argazkia Internetetik hartuta dago. Ez da bisita hartan egindakoa.

Milagarren aurkezpeña

Tonto-tonto, 1.000. aurkezpeña gorde dut Pinterest irudiak biltzeko aplikazioan. Orain lau bat urte hasi nintzen bilduma osatzen. Multzoari begiratuta, gordetako lehen argazkia izan zen Arnaldo Otegiren askatasuna eskatzeko Logroñoko kartzelaren aurrean egindako aurkezpeña. Gaurkoa, ostera, milagarrena, Paul Abasolori emandako indultua salatzeko aurkezpeña izan da.

Captura de pantalla 2015-12-17 a las 14.46.11

Jasotako argazki gehien-gehienak Euskal Herrian egindakoak dira, baina, badira gutxi batzuk kanpoan aterata daudenak, hala nola Madrilen, Txilen eta Andaluzian.

2012. urterako begi-bistakoa zen aldaketa bat ematen ari zela aurkezpenak eta prentsaurrekoak egiterako moduetan. Fenomenoari izena jarri eta horri buruzko post laburraa idatzi nuen 2012ko otsailean Sustatun.

ee19d635a21f920f99ac0d0358a2c0a9_m

Jakina, nik bildu ditudanak baino askoz aurkezpeña gehiago egin dira gurean. Nik neuk gorde ditut bakarrik parean tokatu zaizkidanak. Noizbehinka, gainera, laguntzaile batzuk bidali izan dizkidate irudiak edo URLak. Horiei guztiei, mila esker.

Ikusi duzuenez, denetarik dago bilduman: batzuk oso eszenografia apaindua dute, beste batzuk, ordea, soil-soilak dira; badira mozorroak, kokapen bitxiak, jende askorekin, gutxirekin…

Esan beharra dago, azkenaldian jaitsi dela aurkezpeñen erritmoan, batez ere, egun, beste era bateko aurkezpenak egiten direlako. Esate baterako, mahai baten bueltan bildu beharrean, gaur egun gehiago egiten dira atril baten aurrean jendaurrekoak. Hori bai, batzuek zein besteek dute ezaugarri komun bat: atzeko aldean, ahalik eta peña gehien biltzea.

Akaso, bildumak balio lezake aztertzeko nor da nor Euskal Herrian, aurkepeñen arloan… por tzierto, zu bazaude argazkiren batean?

Horixe, batzuk zigiluak, txanponak, posabasoak edo panpinak biltzen dituzten bitartean, nik aurkezpenak, kartelezpeñak eta kamiseztapeñak pilatzen ditut.

 

Youtuberren kalentura

Aurreko egunean, Mondragon Unibertsitateko Atabala blogerako idatzitako artikulu batean nire sorpresa erakutsi nuen irakurri nuenean Ikus-entzunezko Komunikazioko 1. mailako ikasleek egindako inkesta baten erantzunak. Kontua da, urtero, gradura etorritako ikasle berriek galdetegitxo bat bete behar izaten dutela, besteak beste, guk ezagutzeko zeintzuk diren euren gustuko esparruak eta jakiteko zertan nahiko luketen lan egin etorkizunean. Orain arte, gustuko lanbideen zerrenda horretan ohikoena zen aurkitzea, batez ere, telebistarekin lotutako jarduerak: kameralaria, aurkezlea, produktorea, gidoilaria… horrelakoak. Baina aurten, bi ikaslek sorpresa eman digute: esan dute etorkizunean Youtuberrak izan nahi dutela. Izan ere, aspalditxo, sekulako kalentura dago Interneten youtuberrekin.

Youtuberrak dira gazte horiek (gehienak 30 urtetik beherakoak dira) era desberdineko edukiak sortzen dituztenak YouTuben; bertan kanalak sortu eta, kasu askotan, jarraitzaile piloa lortu: ehunka, milaka eta, zenbaitetan, milioika jarraitzaile lortu ere. Hala, neska-mutil talde horretako ospetsuenak bilakatu dira bideoak ekoizteko makinak eta lortu dute erakartzea punta-puntako artista ezagunak baino jarraitzaile askoz gehiago. Zer egiten? Bada, denetik: ikuskuzun erara aurkeztuta, era guztietako gomendioak ematen, bizipenak kontatzen modu informal eta umoretsuan –askotan, era histrioniko ere bai–, partekatzen istorio pertsonalak, komentatzen bideo-joko partidak, dirua jasota edo ez, deskribatzen produktu berrien ezaugarriak…

Dagoeneko, genero horrek finkatu du ikus-entzuneko lengoaia propioa: luzera ertaineko bideoak izan ohi dira, 10-15 minutukoak (alegia, txikitu dute Interneteko bideoak derrigorrez laburrak izan behar duten mitoa), etxeko gela batean egoten dira grabatuta, kamera bakarra erabilita. Edizio maila handiko bideoak egon badaude, baina, askok nahiko itxura apala dute. Gainera, aurkezleek joera jakin batzuk jarraitu ohi dituzte: aurpegiekin keinu ugari egin, besoak eta eskuak modu adierazgarrian mugitu, kamerara hurbildu eta urrundu… Eta beste ezaugarri garrantzitsu bat: youtuberrak oso harreman estua izaten dute jarraitzaileekin; horretarako, jakina, batez ere YouTube bera erabiltzen dute, baina, baita Twitter eta Facebook ere.

Nola ez, hain modan jarri diren pertsonaia horiek marketinaren jomuga bilakatu dira. Batetik, autentikotasuna eta hurbiltasuna transmititzeko gaitasun handia dutelako, bestetik, onerako eta txarrerako, sekulako preskripzio ahalmena dutelako, gainera, ikuslearen pertzepzioan eragiteko inoizko indarra erakusten dute euren jarraitzaile sutsu ohi diren 12-25 urte arteko gazteen artean. Horregatik, erreproduzio asko lortzen dituztenek YouTubeko publizitatetik irabazi dezaketenetik aparte, hor ibiltzen dira jo eta ke unboxing eta antzeko ekintza komertzialak egiten kameraren aurrean edo boloen eta ekitaldien jardueran sartuta. Gogoratu beharra dago antzeko prozesuak gertatu izan direla lehenago ere Interneten. Esate baterako, blogarien post ordaindutakoekin, edo geroago, Twitterren, pertsonaia famatuen txio pagatutakoekin. Azken horren adibide adierazgarria da Oprah Winfrey kazetari iparramerikarraren txio barregarri hura

Fenomenoaren dimentsioa ulertzeko adibide batzuk. Espainian, esaterako, Ruben Doglas El Rubius 25 urteko youtuber malagarrak ia 14,5 miloi (!) jarraitzaile bildu ditu, eta badira antzeko gehiago. Gurean ere badaude azpimarratzeko moduko youtuberrak: Borja Luzuriaga Luzu bilbotarra edo, maila apalago batean, Telmo Trenado zumaiarra eta Iban Garcia azpeitiarra azkoitiarra. Luzu-k, esate baterako, sei milioi (!) baino jarraitzaile gehiago lortu ditu Los Angelesetik kudeatzen dituen gaztelerazko hiru kanalak batuta. Telmo Trenado magoa eta Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko ikasleak 53.000 jarraitzaile ditu gazteleaz elikatzen duen magiari buruzko kanal espezializatuan. Iban Garcia 16 urteko gaztea, azkenik, oso ezaguna egin da euskal gaztetxoen artean. Azkoitiarrak 31.000 jarraitzaile ditu gaztelerazko kanalean eta 700 bat euskarazkoan. Jarraitzaile kopuru erraldoi horiek guztiak lortzen ohi dituzte neurri handi batean Latinoamerikan, izan ere, gaztelerazko kanalek eta Espainiako youtuberrek sekulako ospe ona dute gazteleraz hitz egiten den herrialdeetan. Tamalez, gaur gaurkoz, youtuberren munduan (ere) euskarak oso toki txikia du.

Diskurtso eta edukiari dagokionez, hor dabiltza bi munduak borroka desorekatuan: egon badaude bideo sinpatiko eta interesgarri asko, baina, zabor mordoa ere bai. Jarrialdi berean ikus daitezke, esate baterako, 800.000 jarraitzaile dituen JPelirrojo youtuber madrildarra, bere estilo histrioniko samarrean, kontatzen bi gizon nagusien amodio istorio bitxia/polita, YelloMellow emakume katalana (900.000 jarraitzaile) bere neska-lagunarekin dituen gorabeherak partekatzen edo azaltzen bere armairutik irteera (eza) edo Pikara magazineko Alicia Murillo (1.400 jarraitzaile) youtuber feministaren El conejo de Alicia kanal borroka-barregarria. Beste muturrean, hor daude edertasuna, moda eta enparauen gaia aintzat hartuta, emakumeen rol tipikoenak betikotzen dituzten milaka bideo (horietako gehienak, por tzierto, emakumezko youtuberrak egindakoak); edo, esaterako, AuronPlay (2,7 miloi jarraitzaile) eta Wismichu (3,3 milioi jarraitzaile) youtuber ezagunek ustezko txantxa telefoniko batean arduragabeki antzezten, berez, emakumeen kontrola eta tratu txar psikiko eta fisiko direnak

Fenomeno faszinagarria da youtuberrena. Joera  bat eskatzen dituena hurbilketa irekia eta neurri bereko ikuspegi kritikoa. Modu batera edo bestera, kontu honek hartu duen neurria ikusita alferrik da, besterik gabe, purrustaka hastea Aitona Zebolletaren estilora.

PD. Proposamen bat etxean edo inguruan gaztetxoak dituzuenontzat: galdetu zeintzuk diren euren gustuko youtuberrak. Akaso, bideoak ikusita, sorpresa bat edo beste hartuko duzue, edo, gutxienez, balioko dizue jakiteko zer dela eta, azkenaldian, neska-mutiko horrek ematen dituen hainbeste ordu ordenagailuaren aurrean. Nik 17 urteko ilobarekin egin dut froga: Wismichu aukeratu du :-(

(Post hau da moldaketa bat Puntua paperezko aldizkarian 2015eko azaroaren 6an argitaratutako artikulu batena).

Aspaldiko txio arriskutsu horiek

(Puntua paperezko aldizkarirako idatzitako artikuluaren moldaketa. 2015-07-22)

Azkenaldian, zenbaitzuk erabiltzen ari dira Twitteren argitaratutakoak egilea kritikatzeko, erasotzeko eta, oro har, kalte eragiteko. Jardun horretan ari diren “zaintzaileak” txiolariaren timelinea goitik behera arakatu –horrek daukan lanarekin!–  eta txio konprometituak, alegia, erabilgarriak hartzen dituzte. Geroago, tuit jakin horiek bolo-bolo zabaltzen dituzte, kasu gehienetan, gainera “ohiko” hedabideak erabilita, hau da, telebista, irratia eta paperezko prentsa. Jakina, bost axola zaie halakoei, txio horien guztien testuingurua edo egilearen benetako asmoa.

Aipatutako moduko azkenaldiko hiru kasu datozkit gogora. Lehena, Madrilgo udaleko zinegotziarena da. Guillermo Zapata (@gzapatamadrid) Podemos alderdiko zinegotziaren 2011ko txio batzuk berrartu zituzten asmo garbi batekin: politikari gazteari zilegitasuna kentzea. Hala, kontzentrazio-esparruetan hildako judutarren gaineko txiste beltz ezagun haiekin sekulako txilinbuelta egin, eta erabili zituzten argudiatzeko Zapata antisemita amorratua zela eta nazi petoa. Gainera, udaleko Kultura zinegotzia izendatu aurretik ere, bere dimisioa eskatzeko erabili zituzten txio horiek.

Bigarren kasuan, gertuago gertatu da, Iruñean. Erasotua, Ainhoa Aznares (@ainhoaaznarEZ) Nafarroako Parlamentuko presidente izendatu berria izan da, kasu honetan ere, Podemoseko militantea. Han eta hemen kritikatutako txioan ageri da Aznares bera, iazko Sanferminetan, taberna batean garagardoa edaten txorrotik bertatik. Kritiken ildoa ere argia zen: horrelako baldarkeria (?) egiteko gauza denak ez du parlamentuko presidentea izatearen nahiko ohorerik.

Hirugarren adibidea berriagoa da, Julio Rey (@Julio_Rey10) futbolariarena. Kontua da, Vilagarcía de Arousako (Pontevedra) futbolari gaztea kontratatzekotan zebilela Coruñako Depor futbol taldean. Baina, halako batean, 2012an botatako txio dontsu hura berreskuratu dute: “Puta Depor. Puta Riazor”. Eta, akabo fitxaketa. Alferrik izan dira gaztearen barkamen eskaera eta azalpenak: “17 urte nituen, eta ez nuen ulertzen halakoen ondorioak”.

Zer dago horien txio horien guztien erabileraren atzean? Hasteko, “zaindari” horien hipokrisia galanta eta, gainera, Internet eta sare sozialak deslegitimatzeko gogo handia. Eta, nola ez, sare sozialen erabilera eta argitaratutakoen ondorioen gaineko hausnarketa egin beharra.

Adituek gomendatzen dute, nola ez, tentuz eta ganoraz erabiltzea Twitter; eta, badaezpada, hilero-edo gainbegiratzea botatako txioak, betiere, aurreikusteko, testuingurutik ateraz gero, zein izan daitekeen aurrerago txio horien guztien irakurketa gaiztoa.

Oharra: txiolaria bazara eta artikulu irakurrita apur bat estutu bazara, lasai, badaude makina bat doako tresna txio “arriskutsuak” ezabatzeko. Esaterako, Delete Multiple Tweets, Tweet Delete edo Twit Wipe. Asko larritu bazara, ordea, tresna dramatiko hau ere erabili dezakezu zure timeline-a erabat garbitzeko: Delete All My Tweets.

Troll-ak elikatzen, kontakizun laburra

Orain 20-25 bat urte, Espainia aldean, “troll” esaten zitzaion nekazal giroko gizon zakar, katxarro eta, itxuraz batean heterosexualari, baina, laugarren sol y sombra edan eta gero (Euskal Herrian, lau patxaran kopakada izaten ziren), beste gizon batekin sexu harremanak izateko prest egoten zenari. Isileko baldintza bakarra zegoen landa inguruko harreman haietan: hurrengo egunean trollak ez zuen ezertxo ere gogoratuko.

Eta, geroago, izen bereko Interneteko nazkante horiek etorri ziren.