Orkestra sinfonikoko zuzendariak agur

Iñigo Alberdi izan dugu Goiena telebistako platoan. Harira-n kontatu digu Euskadiko Orkestra sinfonikoa kudeatzen eman dituen zortzi urteko esperientzia. Karguan eman duen azken elkarrizketa Goienari eman dio. Izan ere, uztailaren 31n utziko dio, ofizialki, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari nagusi izateari. Alberdi oporretan da, dagoeneko, eta irailean Kutxabankera itzuliko da. Lehen ere handik joan zen EOSera.

Egindako lanarengatik pozik mintzatu da Iñigo Alberdi Goienako kameren aurrean. 2006an kargua hartu zuenean baino ezagunagoa eta hobea da gaur egun Euskadiko Orkestra Sinfonikoa. Mundu zabalean ez ezik, herririk herri ere ibili da eta, gure eskualdean, esaterako, Arrasaten, Bergaran eta Oñatin ikusteko aukera izan dugu.

Kontuan izan behar da, gainera, krisiak bete-betean harrapatu duela kargu publiko horretan eta murrizketei aurre egin behar izan diela.

EOS, euskal musikari sinfonikoen harrobia ere badela esan du. Musikarien herena, 7 euskal lurralderen batekoa da. Beste heren batek, Espainian du jatorria eta, azken herenak, munduko beste herrialde batzuetan.

Politikara?

Politikara itzuliko den ere galdetu diogu Soraluzen jaio eta Bergaran bizi eta lan egin duen Alberdiri (azken urteetan Donostian bizi eta kan egiten du). Kultura zinegotzi izan zen Bergaran, EAJrekin, Victoriano Gallastegi alkate zela. Oraingoz, politikara, herri mailakora izanda ere, itzultzeko asmorik ez daukala kontatu du. EAJren Bergarako hurrengo alkategaia izateko, haren izena entzun da han edo hemen, Aintzane Oiarbidek errepikatuko ez duela jakin ostean. Baina, esan bezala, Alberdik, Kutxabankera itzultzea baino ez dauka buruan, azkenaldian, saltsa-maltsa handitan murgilduta badaude ere euskal kutxak.

Horixe, hortaz: opor ostean, lehengo enpresara itzuliko da Iñigo Alberdi.