Proiektu “pertsonalagoei” helduko die Josu Zabalak MUko errektore izateari uzten dioenean

MUko errektore izateari utziko duela iragarri eta hurrengo astean Goiena telebistan izan dugu Josu Zabala. Abenduan utziko du kargua, 8 urteren ostean eta, 62 urte dituela, erretiroa hartuko du. Oparoa izan da Zabalaren agintaldia, hark dioenez, “kualitatiboki eta kuantitatiboki”.

MU ezagunagoa da orain 2006an baino: handiagoa, azpiegitura eta ekipamendu aldetik ugariagoa eta hezkuntza eskaintza aberatsagoa dauka.

Abenduan beste proiektu batzuei helduko die Josu Zabalak, “proiektu pertsonalagoei”.

Hauteskundeak bistan, alkateek eta diputatu nagusiak errepikatuko dute?

Urtebete geratzen da Udal eta Foru hauteskundeetarako eta alderdi nagusiak horri begira jarriak daude, dagoeneko. Zerrendaburuak aukeratzen edo horretan pentsatzen jarriak ere bai.

Gipuzkoako EAJ izan da horretan goiztiarrena, Prest! prozesuaren bidez. Ildo horretatik, aurtengo udarako, ahaldun nagusigaia eta lurraldeko herri inportanteenetako alkategaiak aukeratu eta aurkeztuko zituela iragarri zuen duela aste batzuk. Ustekaberik ez bada, oraingoz, ziur samarra dirudi Markel Olano izango dela EAJren ahaldun nagusigaia.

Garitano ala Ugarte?

Eta Bildu? Gobernuan dagoen koalizioak ez ditu oraindik publiko egin bere asmoak, baina, Martin Garitano diputatu nagusiari entzun izan diot behin baino gehiagotan, oso ezberdina eta askoz ere gogorragoa dela politikan eta kudeaketan lehen lerroan egotea, beste aldean, kazetari lanetan, jardutea baino. Eta, igarri diot gogo gutxi hurrengo hauteskundeetara aurkezteko. Hori iruditu zitzaidan, azkenekoz, gurean egon zenean ere. Horren lekuko da hemen ikus-entzungai duzuen elkarrizketa. Baina nire irudipena da; besterik ez.

Oraintsu irakurri ditut egunkari baten Bilduren ahaldun nagusigai izatekoen artean, hiru izen: Garitano berarena eta beste birena, biak ere Garitanoren gobernukoak: bata, Larraitz Ugarte foru gobernuaren bozeramaile oñatiarra. Bestea, Xabier Olano, ogasuneko zuzendaria, Helena Francoren albokoa. Ikusteko dago, baina, zeinek daki, akaso, bergararraren lekukoa hartuko du oñatiarrak. Dena eskualdean gera bedi!

Eta alkategaiak?

Debagoieneko alkateekin zer gertatuko da? Hori ere ikuskizun da. Ezer ziurrik ez, oraingoz. Beste alderdien alkategaien berririk ere ez dugu. Podemos edo Ahal Duguk gure eskualdean zerrendarik aurkeztuko duen ala ez ere ikusteko dago, baina azkeneko hauteskundeetako emaitzak ikusita, udalbatzen itxura alda dezake aukera berri horrek.

Edozelan ere, nire apustua da oraingo alkate gehienek errepikatu egingo dutela hauteskundeetan. Eugenio Otsoa Leintz Gatzagako alkateak ez du errepikatuko. Hori ziurra da, erretiroa hartuko du-eta. Halaxe aitortu zuen Harira-n duela aste batzuk.

Zalantza daukat Aretxabaletako Ana Bolinagak zer egingo duen. Baita Elgetako Oxel Erostarbek ere. Aralarretik kanpo, herri hautagaitza bat sortzeko ahaleginak egingo dituela aitortu zuen Harira-n Elgetako alkateak, baina ez zuen ziurtatu hautagaitza horretako zerrendaburua izango zen edo ez. Nik uste dut aurkeztuko dela.

Eta baita Inaxio Azkarragaurizar, Jaione Isazelaia, Mikel Biain eta Beñat Herce ere. Eta, agian, Ramon Ajuria ere bai.

Besteak? Auskalo! Alderdien zerrendaburuak ezagutzeko irrikan nago. Kontatuko dizuegu Goienan, izenak jakin ahala.