Gatza produzitzen hasiko dira berriro Leintz Gatzagan

Eugenio Otsoa Leintz Gatzagako alkatea izan da Harira saioko azken alkate gonbidatua. Elkarrizketa atsegina eskaini digu Otsoak, Gatzagako proiektu, arazo eta aukeren gainean luze jardunez. Gatz museoa, Jakion eta Gaztainuzketa dira Leintz Gatzagako izen ezagunenetakoak; Dorleta eta bertako jatetxe eta ostatu ospetsuekin batera. Horiek guztiak izan ditu berbeta gai alkateak, Udalaren bestelako eguneroko jardunekin batera.

Leintz Gatzaga herria, urtetik urtera, apurka-apurka, mugitzen ari dela ere kontatu du alkateak. Edo, hobe esanda, Imanol Gallegok kontatu du eta hala galdetu die herritarrei, kaleko-inkesta xelebrean. Alkateak ere eman ditu horren gaineko azalpenak.

Alkateak beste berritasun batzuk aurreratu ditu. Esaterako, gatzaren negozioa berreskuratu nahi dutela. Izena eta ospea eman dio herriari gatz fabrikak, dagoeneko itxita dagoenak. Baina Gatz museoarekin batera, gatz berezi edo kalitatezkoa produzitu eta saltzeari ekingo diote aurki.

Jakion eskualdeko beste herri batean

Bestetik, Jakion enpresa, inguruko baserritarren produktuak potetan saltzen dituena, beste herri baten kokatu eta hazi egingo dela ere bai. Debagoieneko udal guztiak dira Jakioneko bazkide eta haizea eman nahi diote etorkizun oparoa aurreikusten dioten enpresari. Horregatik, kokatuko dute beste herri baten, alkateak, oraindik, non kokatuko duten azaldu ez duen arren.

Beno, hau guztia eta gehiago kontatu du Eugenio Otsoa Leintz Gatzagako alkateak. Saioa oso-osorik hemen duzue ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude