Aramaio energiaren alorrean “burujabe”

Ramon Ajuria Aramaioko alkatea izan da Harira saioko gure azken gonbidatua. Lasai jardun du, iribarrea ahoan, atsegin, Aramaioko proiektuen gainean, egindako eta egiteko dituztenak azalduz. Eta proiektu batekin ikusi dugu bereziki ilusionatuta: Biomasa.

Valladolidetik etorri berri, gaiaren gaineko jardunaldi batzuetan, Aramaioko proiektuarekiko interesa agertu dute Espainiako hainbat tokitatik joandakoek. Eredugarri hartu dute Aramaion egin nahi dutena eta jakingura handia sortu du gaiak, alkateak adierazitakoaren arabera.

Aramaioko lurretako arbolen egurrarekin, ur beroa lortu nahi dute, beste leku batzuetan ere egiten ari diren antzera. Horixe da, laburtuta Aramaioko biomasa proiektua.

Hauxe esan du Ajuriak Goiena telebistan gaiaren gainean: “Energiaren arloan burujabeak izan gura dugu. Gure baliabideak aprobetxatuz, gure egurra baliatuz –ezpala da erregaia–, ur beroa lortzean datza biomasa. Ezpala guk erosiko dugu eta etxebizitzen jabeek aukera izango dute euren egurra ere erabiltzeko. Talde bat sortuko dugu herrian hori guztia kudeatzeko. Gero, enpresa espezializatu batek galdarak instalatuko ditu eta hura arduratuko da banaketaz. Fakturazioaren aldetik zortea dugu hemen, Aramaioko Argindar Banatzailea enpresa dugulako. Enpresa horrek eramango du fakturazioa”.

Hemen saioa osorik, ikusi nahi baduzue:

Maiatzaren 6an Elgetako alkatea

Eskualdeko alkateekin Harira saioan egiten ari garen elkarrizketa bereziak amaitzeko, beste herri bi eta beste alkate bi geratzen zaizkigu: Elgetakoa eta Leintz Gatzagakoa. Oxel Erostarbe Elgetako alkatea maiatzaren 6an izango dugu platoan eta Eugenio Otsoa Leintz Gatzagakoa maiatzaren 13an.

Kontuan izan zuek ere, herritarrok, galderak egin ahal dizkiozuela alkateei. Honakoak dira moduak:

  • E-posta: harira@goiena.com
  • Whatsapp: 688 69 00 17
  • Telegram: 688 69 00 17
  • Erantzungailu automatikoa: 688 69 00 17

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude