Harmailak Torresoroa antzokirako

Antzuolako alkatea izan dugu oraingo astean ‘Harira’ saioko gonbidatu. Duela urte bi baino erosoago ikusi dugu kameren aurrean, dagoeneko ia hiru urteko esperientzia badauka-eta Antzuolako alkate zereginetan. Torresoroa antzokian harmailak jartzen hasi direla kontatu digu, besteak beste.

Gustura daude Antzuolan, Torrosoroan hainbat ekitaldi antolatzeko aukera dutela-eta. Orain, di-da batean jarri eta kentzeko harmailen bidez, gainera, erabilera gehiago eman ahal izango diote aretoari eta komeni denean jarlekuak azkar jarri edo kentzeko aukera emango die horrek.

100.000 euroko inbertsioa izan da harmaila berri horiek jartzea, baina Antzuolako Udalari 11.000 bakarrik kostako zaizkio. Pozik, horregatik ere, Ima Beristain alkatea eta esker oneko, gainerako dirua jarri duten erakundeekiko: Gipuzkoako Foru Aldundiarekiko eta, bereziki, herriko enpresa batekiko, Goizperrekiko. Nabarmentzekoa da hori. Izan ere, herriko kultura ekipamendu bat hobetzeko herriko kooperatiba horrek irabazien zati bat herriari eskaintzea nabarmentzekoa da.

Antzuola independente

Antzuola Bergaratik aldendu eta burujabe dela gogora ekartzeko, eta ondo pasatzeko, herri harrotasuna nabarmentzeko, Independentzia eguna ospatu dute oraingo asteburuan Antzuolan. Eta, horrekin lotuta, Antzuola berriro ere Bergara izatera pasatzea ze irizten dioten galdetu dugu kalean, Antzuolan; galdera lotsabako samarra, baina umore giroan egina, beste herri batzuetan egin dugun moduan.

Ondo erantzun dute antzuolarrek. Gehienak, espero moduan, Antzuola izaten jarraitzearen aldeko agertu dira, baina bat edo beste prest agertu da Bergarara batzeko, krisi sasoian herri erakundeak ekonomiaren aldetik egoera onenean ez dauden honetan.

Hemen duzue saioa osorik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude