Irailerako zabalik Zaldibar antzokia

Beñat Herce Eskoriatzako alkateak Goiena telebistan aurreratu du oraingo astean irailerako zabalik egongo dela Zaldibar antzokia. Hainbat erabilera izango ditu areto horrek. Kultura ikuskizunetarako ez ezik, kultur taldeen egunerokorako erabiliko da eta 300 bat lagunendako tokia izango du antzokiak, aulki barik.

Horixe da agintaldiko proiektu izarretako bat, aurrekotik datorrena, eta inbertsio inportantea izango da Eskoriatzako Udalarendako. Hain justu ere, “larregikoa” iruditu zaio inbertsioa Juan Luis Merino Ezker Anitzeko zinegotziari eta hori kritikatu du, Udala “hipotekatuta” utziko duelakoan. 1,5 milioi euroko inbertsioa izan da. Alkateak zehaztu du Eskoriatzako Udalari milioi bat kostako zaiola, bestea diru laguntzekin ordainduko dutelako.

Alkateak nabarmendu du, bestalde, Udalaren diru-kontuak saneatzeko azken urteotan egin duten esfortzua.

Herria “politago”

Herritarrei kalean hartutako iritziei dagokienez, askok nabarmendu dute politago dagoela, kale nagusiko obrak eta beste batzuk direla-medio. Horren gustuko ez dituztenen artean, ostera, batek baino gehiagok azpimarratu du hiri hondakinen gaia. Atez atekoa ez ei dute nahi.

Iritziak iritzi, Eskoriatzako alkateak aurreratu du hondakinak batzeko sistema berria Aste Santuaren bueltan jarriko dutela abian herrian. Honenbestez, dela atez atekoa, dela sistema mistoa, Antzuola eta Oñatiren ostean, Debagoieneko beste 3 herritan helduko dira aldaketara: Bergaran, Aretxabaletan eta Eskoriatzan. Aurrerago etorriko da Arrasate eta, Elgetan ere horixe egin nahi dute, baina aurretik herri galdeketa egingo dute. Udalean ordezkatuta dauden talde politiko guztiek adostuta. Galdeketaren data ere zehaztu dute: ekainaren 22a.

Datorren astean, Antzuolako alkate Ima Beristain izango da Harira saioko gonbidatua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude