Irailerako zabalik Zaldibar antzokia

Beñat Herce Eskoriatzako alkateak Goiena telebistan aurreratu du oraingo astean irailerako zabalik egongo dela Zaldibar antzokia. Hainbat erabilera izango ditu areto horrek. Kultura ikuskizunetarako ez ezik, kultur taldeen egunerokorako erabiliko da eta 300 bat lagunendako tokia izango du antzokiak, aulki barik.

Horixe da agintaldiko proiektu izarretako bat, aurrekotik datorrena, eta inbertsio inportantea izango da Eskoriatzako Udalarendako. Hain justu ere, “larregikoa” iruditu zaio inbertsioa Juan Luis Merino Ezker Anitzeko zinegotziari eta hori kritikatu du, Udala “hipotekatuta” utziko duelakoan. 1,5 milioi euroko inbertsioa izan da. Alkateak zehaztu du Eskoriatzako Udalari milioi bat kostako zaiola, bestea diru laguntzekin ordainduko dutelako.

Alkateak nabarmendu du, bestalde, Udalaren diru-kontuak saneatzeko azken urteotan egin duten esfortzua.

Herria “politago”

Herritarrei kalean hartutako iritziei dagokienez, askok nabarmendu dute politago dagoela, kale nagusiko obrak eta beste batzuk direla-medio. Horren gustuko ez dituztenen artean, ostera, batek baino gehiagok azpimarratu du hiri hondakinen gaia. Atez atekoa ez ei dute nahi.

Iritziak iritzi, Eskoriatzako alkateak aurreratu du hondakinak batzeko sistema berria Aste Santuaren bueltan jarriko dutela abian herrian. Honenbestez, dela atez atekoa, dela sistema mistoa, Antzuola eta Oñatiren ostean, Debagoieneko beste 3 herritan helduko dira aldaketara: Bergaran, Aretxabaletan eta Eskoriatzan. Aurrerago etorriko da Arrasate eta, Elgetan ere horixe egin nahi dute, baina aurretik herri galdeketa egingo dute. Udalean ordezkatuta dauden talde politiko guztiek adostuta. Galdeketaren data ere zehaztu dute: ekainaren 22a.

Datorren astean, Antzuolako alkate Ima Beristain izango da Harira saioko gonbidatua.

Eskoriatzako alkateari galdera egin nahi?

Martitzenero moduan, gaur beste alkate bat izango dugu Goiena telebistako platoan. Gaurkoan, Beñat Herce, Eskoriatzako alkatea. Elizateak, aurrekontua, kiroldegia, Zaldibar antzokia, mugikortasuna, hiri hondakinak… izango ditu berbeta gai alkateak. Eta Udalean ordezkatuta dauden oposizioko alderdietako bozeramaileen balorazioa ere jasoko dugu.

Mirian Biteri eta Imanol Gallego lankideek Eskoriatzako kaleetan jasotako herritarren berbak ere ikusi eta entzun ahal izango ditugu. Adi, Gallegoren inkestari…

Zuek ere parte hartzeko aukera duzue eta, horretarako, hainbat bide dituzue, aldez aurretik galdera edo iruzkinak bidalita. Honako hauek dira moduak:

Whatsapp: 688 69 00 17
Telegram: 688 69 00 17
Telefono erantzungailu automatikoa: 688 69 00 17
E-posta: harira@goiena.com
Twitter: #harira

Telefono kabina eta alkatearen poztasuna

Ana Bolinaga Aretxabaletako alkatea izan dugu ‘Harira’ saioko laugarren alkate gonbidatua. Zuzen, gordin eta argi mintzatu da, ohi bezala. Eta pozik azaldu zaigu: “esklusiba bat ematera nator, berri on bat!”. Halaxe jardun zaigu kameren aurrean jarri aurretik, Goienaren egoitzara sartu eta berehala.

Ondo ezik etorri da, gripeari eusteko botikak hartuta, baina ez zaio nabaritu telebistan. Pozik, esan bezala, berri onak gurekin eta ikus-entzuleekin partekatzeko gertu. Izan ere, ordu batzuk lehenago jakin du Udalaren diru-kutxa apur bat hobeto dagoela, inbertsioei eta konpromisoei eusteko lagungarri izango zaion diru soberakin bat lortu duela. Hala adierazi du Goiena telebistan: “Iazko aurrekontuak 400.000 euroko soberakina utzi du”.

Telefono kabina museora

Osterantzean, ohiko kontuak. Baina umorearekin amaitu nahi izan dugu oraingoan ere, Imanol Gallegoren kaleko inkesta xelebrearekin. Aretxabaletan ospetsu egin den telefono kabina izan du galdegai. Artiumek eta Guggenheimek erakusgai jarri nahi dutela. Herritarrak jokoan sartu dira; prest azaldu dira herriarendako sosak batzeko, kabina salgai jartzeko.

Alkateari ere galdetu diogu saioaren amaieran, zerikusirik ote duen telefono kabinako agerpen misteriotsuekin. Ez du erantzunik eman.

Zela interpretatu isilune hori?

Hemen saio guztia:

Oñatiko alkatea eta UPyDren proposamena

Oñatiko alkatea, Mikel Biain, izan genuen martitzenean Goiena telebistan. Luze, zabal, zehatz eta egoki jardun zuen herriko gora-beheren gainean. Lourdes Idoiaga EAJren bozeramailearen iritzia ere jaso genuen eta baita herritarren kezkak ere.

Amaieran, Imanol Gallegok Oñatin egindako kale-inkesta xelebrean, UPyD alderdiak udalak murrizteko egindako proposamena izan genuen hizpide.

Rosa Diezen alderdiak proposatzen du, esaterako, Debagoiean hiru udalerri bakarrik egotea, gaur egungo 9en ordez: Arrasate, Bergara eta Aretxabaleta. Eta Oñati? Ezer ere ez, Aretxabaletara batuko litzateke Oñati.

Kuriosoa da oñatiarrek galdera-proposamen horren aurrean ze erantzun eman zituzten ikusi eta entzutea.

Alkateak ere eman zuen iritzia proposamen xelebre horren gainean.

Hemen duzue saioaren bideo osoa.


Ana Bolinaga Aretxabaletako alkatea hurrengo

Bestalde, datorren martitzenean, martxoaren 18an, Aretxabaletako alkatea izango dugu gonbidatu. Ana Bolinagari galderak luzatu nahi izanez gero, behean dituzue aukerak. Astelehena da azken eguna. Alkatearekin batera, Aralarreko Inaxio Garro eta EAJko Mikel Uribetxeberria ere izango ditugu.

(Portzierto, galdetuko diogu Aretxabaletakoari UPyDren proposamen horren gainean, kontuan izanda irabazten aterako litzatekeela?)

Hemen galderak egiteko moduak:

  • E-posta: harira@goiena.com
  • Twitter: #harira
  • Whatsapp: 688 69 00 17 (ahots bidezko mezua zein idatzizkoa)
  • Telegram: 688 69 00 17 (ahots bidezko mezua zein idatzizkoa)
  • Erantzungailu automatikoa: 688 69 00 17

Nongoak dira alkateak?

Jaione Isazelaia Bergarako alkatea izan da oraingo asteko gonbidatua Harira saioan. Bergarako kontuak aztertu ditugu harekin: UNED Arrizuriaga jauregira eroateko permutarena, Udal museoa, aparkalekuak, garapen eta industriarekin loturakoak, komertzioa bultzatzeko ekimenak… Eta, baita hiri hondakinak, jakina.

Ondo agertu da Bergarako alkatea kameren aurrean. Ohitua dago jendaurrean berba egiten: patxadaz, garbi, zuzen, egoki komunikatzen. Eta prestatuta geneuzkan galdera guztiak erantzuteko astirik izan ez genuen arren, gehienak edo garrantzitsuenak jorratu genituen.

Bergarako Udalean ordezkatuta dauden oposizioko alderdietako bozeramaileen, Aintzane Oiarbide (EAJ) eta Mari Carmen Barrenetxearen (PSE-EE), balorazioak eta alkateari zuzendutako galderak ere jaso genituen; Monika Belastegik eman zigun herritarrek erredakziora bidalitako galderen berri eta Jon Moñux eta Imanol Gallego lankideak kalean aritu ziren herritarren kezkak jasotzen.

 

Bergarako alkatea, arrasatearra

Imanol Gallegok galdera berezia egin zien herritarrei; zirikatzen saiatu zen eta batzuk ederki sartu ziren jokoan. Bergarako alkatea jaiotzez mondragoetarra izanda (Bergaran bizi eta lanean dihardu urte askoan), Bergara Arrasateren kolonia edo auzoa ote zen galdetu zien kaleko berriemaile ditxaratxeroak. Umore puntua jarri zion, amaierarako.

Izan ere, Bergarako alkatea mondragoetarra da. Baina ez da Bergarak izan duen lehen alkate kanpotarra. Esate baterako, Franco hil ostekoei bakarrik erreparatuz gero, Imanol Bolinaga (1983-1987 agintaldian alkate), iaz zendu zena, bera ere Arrasaten jaioa zen. Eta Jose Luis Elkoro (1976-1979 eta 1987-1991) elgetarra da sortzez.

Alkate gutxi herrian jaioak

Bestalde, gaur egungo Debagoieneko alkateen sorterria aztertuz gero, konturatuko gara gutxi direla beren herriko alkate diren herrietan jaioak. Begira, bestela:

  • Inazio Azkarragaurizar Arrasateko alkatea, elorrioarra da sortzez.
  • Aipatutako Jaione Isazelaia Bergarako alkatea, arrasatearra.
  • Ana Bolinaga Aretxabaletako alkatea, arrasatearra, garagartzarra, da.
  • Imma Beristain Antzuolakoa, Azkoitian jaioa da.
  • Ramon Ajuria Aramaioko alkatea arrasatearra da.
  • Eugenio Otsoa Leintz Gatzagakoa, Arrasate jaioa da.

Norbere herrian jaioak diren alkate bakarrak Mikel Biain (Oñati), Beñat Herce (Eskoriatza) eta Oxel Erostarbe (Elgeta) dira.