Arrasateko alkatea eroso telebistan

Arrasateko alkatea ‘Harira’ saioan izan zen martitzenean. Harekin aztertu genituen herriko arazoak, proiektuak, asmoak eta abarrak eta oposizioko Juan Carlos Garitanok (EAJ) eta Aritz Arrietak (PSE-EE) ere eman zuten iritzia Udal gobernuaren (Bildu-Aralar) jardunaren gainean.

Erosoago

Ondo ikusi nuen Arrasateko alkatea, lasai. Duela urte bi, sasoi honetan, egin genuen saioan baino askoz hobeto. Orduan, 2012ko otsailean, kargua hartu berri zen, gainerako Bilduko alkateak bezala, eta zuzeneko telebista saio batean, ordubetez, galderak erantzuteko trantzean, deseroso antzematen zitzaion. Ulergarria da.

Baina, oraingoan, bi urteko esperientzia badu karguan, hamaika Osoko Bilkura, elkarrizketa, aurkezpen publiko eta hedabideen aurreko agerraldi egin behar izan dituzte alkate berriek eta ikasi dute kameren aurrean jarduten.

Kameren aurrean bikain

Halere, orduan, duela urte biko lehen Harira-n, alkate batzuk primeran moldatu ziren kameren aurrean: Mikel Biain (Oñatiko alkatea), Ana Bolinaga (Aretxabaleta) eta Beñat Herce (Eskoriatza) ondoen, Oxel Erostarbe Elgetako alkate beteranoaz gain, jakina. Azken hau ere, ederki baino hobeto.

Bilduko hiru horiei igarri zitzaien jendearen aurrean berba egiten eta jendearekin tratatzen ohituak zeudela. Irakasleak eta bankako zuzendaria baitziren alkate kargura heldu aurretik. Saio dinamikoak izan ziren aipatu lau alkateenak, haiei esker.

Kaleko ahotsak

Oraingo denboraldikoa hasi besterik ez da egin. Eta azpimarratzekoa da Zuriñe Velez de Mendizabal eta Imanol Gallego  lankideek kalean, herritarrei, jasotako iritzi eta iradokizunak, saioa arinago eta erakargarriago egiten dutelako.

Umorea ere bai

Gallegok galdera ez ohikoak egingo dizkie herritarrei kalean. Arrasaten, esaterako, alkatearen auzora, Musakolara, joan eta auzoaren independentzia bultzatu beharrean, Arrasateko alkate ipini izana traizio moduan hartu zuten musakolar batzuek. Txantxetan egindako inkesta izan zen eta hala hartu zuen alkateak ere.

Umore puntuarekin amaitu nahi izan genuen saioa, zapore onarekin. Bergaran izango da datorren astean jaietan kamiseta koloretsuz ikusi ohi dugun Goienako erreportaria. Zeri buruz galdetuko die herritarrei? Datorren martitzenean ikusiko dugu.

Platoa itxuroso

Bukatzeko, dekoratuari aipamena. Ahalegin berezia egiten gabiltza Goiena telebistan platoa eta dekoratuak berritzeko, gure baliabideen arabera, eta Harira itxuroso, dotore, geratu dela esan genezake. Gustatu zaizue?

Parte hartu

Beno, hemen uzten dizuet Harira-ren lehen saioaren bideoa eta gogoratu nahi dizuet parte hartzeko hainbat modu daukazuela, alkateari galdera eginez, esaterako. Honako hauek:

  • Whatsapp: 688 69 00 17
  • Telegram: 688 69 00 17
  • Telefono erantzungailu automatikoa: 688 69 00 17
  • E-posta: harira@goiena.com
  • Twitter: #harira

Arrasateko alkatea Goiena telebistan

Goiena telebistak otsailaren 25ean hasiko du saio berri bat: ‘Harira’, martitzenetan, 22:00etan. Neuk aurkeztuko dut saioa.

Debagoieneko alkateei egindako elkarrizketa saioa izango da eta Arrasateko alkate Inazio Azkarragaurizar izango da lehen gonbidatua. Herritarrok alkateari galderak egiteko aukera izango duzue, aldez aurretik bidalita. Hainbat modu daude alkateari galderak egiteko. Ea, ba, amimatu!

Alkateei galderak egiteko

‘Harira’ saioan, herritarrek ere izango dute alkateari galderak, kezkak, iradokizunak, iritziak, kexuak… luzatzeko aukera.

Horretarako, hainbat bide erabiliko dira. Honako hauek:

  • E-posta: harira@goiena.com
  • Twitter: #harira
  • Whatsapp: 688 69 00 17 (ahots bidezko mezua zein idatzizkoa)
  • Telegram: 688 69 00 17 (ahots bidezko mezua zein idatzizkoa)
  • Erantzungailu automatikoa: 688 69 00 17

Saioa martitzenetan emititzen denez, bezpera, astelehena, izango da galderak bidaltzeko azken eguna. Era honetan ere, Goienakook herritarrekin batera egin nahi dugu saioa.