Orkestra sinfonikoko zuzendariak agur

Iñigo Alberdi izan dugu Goiena telebistako platoan. Harira-n kontatu digu Euskadiko Orkestra sinfonikoa kudeatzen eman dituen zortzi urteko esperientzia. Karguan eman duen azken elkarrizketa Goienari eman dio. Izan ere, uztailaren 31n utziko dio, ofizialki, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari nagusi izateari. Alberdi oporretan da, dagoeneko, eta irailean Kutxabankera itzuliko da. Lehen ere handik joan zen EOSera.

Egindako lanarengatik pozik mintzatu da Iñigo Alberdi Goienako kameren aurrean. 2006an kargua hartu zuenean baino ezagunagoa eta hobea da gaur egun Euskadiko Orkestra Sinfonikoa. Mundu zabalean ez ezik, herririk herri ere ibili da eta, gure eskualdean, esaterako, Arrasaten, Bergaran eta Oñatin ikusteko aukera izan dugu.

Kontuan izan behar da, gainera, krisiak bete-betean harrapatu duela kargu publiko horretan eta murrizketei aurre egin behar izan diela.

EOS, euskal musikari sinfonikoen harrobia ere badela esan du. Musikarien herena, 7 euskal lurralderen batekoa da. Beste heren batek, Espainian du jatorria eta, azken herenak, munduko beste herrialde batzuetan.

Politikara?

Politikara itzuliko den ere galdetu diogu Soraluzen jaio eta Bergaran bizi eta lan egin duen Alberdiri (azken urteetan Donostian bizi eta kan egiten du). Kultura zinegotzi izan zen Bergaran, EAJrekin, Victoriano Gallastegi alkate zela. Oraingoz, politikara, herri mailakora izanda ere, itzultzeko asmorik ez daukala kontatu du. EAJren Bergarako hurrengo alkategaia izateko, haren izena entzun da han edo hemen, Aintzane Oiarbidek errepikatuko ez duela jakin ostean. Baina, esan bezala, Alberdik, Kutxabankera itzultzea baino ez dauka buruan, azkenaldian, saltsa-maltsa handitan murgilduta badaude ere euskal kutxak.

Horixe, hortaz: opor ostean, lehengo enpresara itzuliko da Iñigo Alberdi.

Proiektu “pertsonalagoei” helduko die Josu Zabalak MUko errektore izateari uzten dioenean

MUko errektore izateari utziko duela iragarri eta hurrengo astean Goiena telebistan izan dugu Josu Zabala. Abenduan utziko du kargua, 8 urteren ostean eta, 62 urte dituela, erretiroa hartuko du. Oparoa izan da Zabalaren agintaldia, hark dioenez, “kualitatiboki eta kuantitatiboki”.

MU ezagunagoa da orain 2006an baino: handiagoa, azpiegitura eta ekipamendu aldetik ugariagoa eta hezkuntza eskaintza aberatsagoa dauka.

Abenduan beste proiektu batzuei helduko die Josu Zabalak, “proiektu pertsonalagoei”.

Hauteskundeak bistan, alkateek eta diputatu nagusiak errepikatuko dute?

Urtebete geratzen da Udal eta Foru hauteskundeetarako eta alderdi nagusiak horri begira jarriak daude, dagoeneko. Zerrendaburuak aukeratzen edo horretan pentsatzen jarriak ere bai.

Gipuzkoako EAJ izan da horretan goiztiarrena, Prest! prozesuaren bidez. Ildo horretatik, aurtengo udarako, ahaldun nagusigaia eta lurraldeko herri inportanteenetako alkategaiak aukeratu eta aurkeztuko zituela iragarri zuen duela aste batzuk. Ustekaberik ez bada, oraingoz, ziur samarra dirudi Markel Olano izango dela EAJren ahaldun nagusigaia.

Garitano ala Ugarte?

Eta Bildu? Gobernuan dagoen koalizioak ez ditu oraindik publiko egin bere asmoak, baina, Martin Garitano diputatu nagusiari entzun izan diot behin baino gehiagotan, oso ezberdina eta askoz ere gogorragoa dela politikan eta kudeaketan lehen lerroan egotea, beste aldean, kazetari lanetan, jardutea baino. Eta, igarri diot gogo gutxi hurrengo hauteskundeetara aurkezteko. Hori iruditu zitzaidan, azkenekoz, gurean egon zenean ere. Horren lekuko da hemen ikus-entzungai duzuen elkarrizketa. Baina nire irudipena da; besterik ez.

Oraintsu irakurri ditut egunkari baten Bilduren ahaldun nagusigai izatekoen artean, hiru izen: Garitano berarena eta beste birena, biak ere Garitanoren gobernukoak: bata, Larraitz Ugarte foru gobernuaren bozeramaile oñatiarra. Bestea, Xabier Olano, ogasuneko zuzendaria, Helena Francoren albokoa. Ikusteko dago, baina, zeinek daki, akaso, bergararraren lekukoa hartuko du oñatiarrak. Dena eskualdean gera bedi!

Eta alkategaiak?

Debagoieneko alkateekin zer gertatuko da? Hori ere ikuskizun da. Ezer ziurrik ez, oraingoz. Beste alderdien alkategaien berririk ere ez dugu. Podemos edo Ahal Duguk gure eskualdean zerrendarik aurkeztuko duen ala ez ere ikusteko dago, baina azkeneko hauteskundeetako emaitzak ikusita, udalbatzen itxura alda dezake aukera berri horrek.

Edozelan ere, nire apustua da oraingo alkate gehienek errepikatu egingo dutela hauteskundeetan. Eugenio Otsoa Leintz Gatzagako alkateak ez du errepikatuko. Hori ziurra da, erretiroa hartuko du-eta. Halaxe aitortu zuen Harira-n duela aste batzuk.

Zalantza daukat Aretxabaletako Ana Bolinagak zer egingo duen. Baita Elgetako Oxel Erostarbek ere. Aralarretik kanpo, herri hautagaitza bat sortzeko ahaleginak egingo dituela aitortu zuen Harira-n Elgetako alkateak, baina ez zuen ziurtatu hautagaitza horretako zerrendaburua izango zen edo ez. Nik uste dut aurkeztuko dela.

Eta baita Inaxio Azkarragaurizar, Jaione Isazelaia, Mikel Biain eta Beñat Herce ere. Eta, agian, Ramon Ajuria ere bai.

Besteak? Auskalo! Alderdien zerrendaburuak ezagutzeko irrikan nago. Kontatuko dizuegu Goienan, izenak jakin ahala.

Gatza produzitzen hasiko dira berriro Leintz Gatzagan

Eugenio Otsoa Leintz Gatzagako alkatea izan da Harira saioko azken alkate gonbidatua. Elkarrizketa atsegina eskaini digu Otsoak, Gatzagako proiektu, arazo eta aukeren gainean luze jardunez. Gatz museoa, Jakion eta Gaztainuzketa dira Leintz Gatzagako izen ezagunenetakoak; Dorleta eta bertako jatetxe eta ostatu ospetsuekin batera. Horiek guztiak izan ditu berbeta gai alkateak, Udalaren bestelako eguneroko jardunekin batera.

Leintz Gatzaga herria, urtetik urtera, apurka-apurka, mugitzen ari dela ere kontatu du alkateak. Edo, hobe esanda, Imanol Gallegok kontatu du eta hala galdetu die herritarrei, kaleko-inkesta xelebrean. Alkateak ere eman ditu horren gaineko azalpenak.

Alkateak beste berritasun batzuk aurreratu ditu. Esaterako, gatzaren negozioa berreskuratu nahi dutela. Izena eta ospea eman dio herriari gatz fabrikak, dagoeneko itxita dagoenak. Baina Gatz museoarekin batera, gatz berezi edo kalitatezkoa produzitu eta saltzeari ekingo diote aurki.

Jakion eskualdeko beste herri batean

Bestetik, Jakion enpresa, inguruko baserritarren produktuak potetan saltzen dituena, beste herri baten kokatu eta hazi egingo dela ere bai. Debagoieneko udal guztiak dira Jakioneko bazkide eta haizea eman nahi diote etorkizun oparoa aurreikusten dioten enpresari. Horregatik, kokatuko dute beste herri baten, alkateak, oraindik, non kokatuko duten azaldu ez duen arren.

Beno, hau guztia eta gehiago kontatu du Eugenio Otsoa Leintz Gatzagako alkateak. Saioa oso-osorik hemen duzue ikusgai.

Elgeta eta hiri hondakinak

Oxel Erostarbe Elgetako alkatea izan dugu oraingo astean Goiena telebistan. Txukun, zehatz, argi eta garbi jardun du eta arin joan da saioa. Gori-gori dauden kontuen gainean: Aurrekontua, industrialdea, hiri hondakinak, Espaloia, Intxorta, Bidebarri, Enpresare, Asentzio… Baita hirigintza proiektu batzuen inguruan ere.

Gure eskualdean, hiri hondakinen gaineko herri galdeketa egingo duten herri bakarra da Elgeta, alderdi guztiek adostuta eta herritarren bedeinkazioekin. Horrekin harro sentitu da Erostarbe.

Herritarrei eta Elgetako Udalean ordezkatuta dauden gainerako alderdietako bozeramaileei ere eskaini zaie ahotsa, baina Bildukoak ez parte hartzea erabaki du, justu, Bilduko alkatea ez dagoen herri bakarrean (Leintz Gatzaga alde batera utzita). Aukera eman arren, ezezkoa eman diote Goienaren eskaintzari Elgetako Bildukoek, “erreplikarako aukerarik ez dutelakoan”.

Patxi Basaurik (EAJ) bai hartu du parte.

Hemen, saioa osorik ikusgai.

Aramaio energiaren alorrean “burujabe”

Ramon Ajuria Aramaioko alkatea izan da Harira saioko gure azken gonbidatua. Lasai jardun du, iribarrea ahoan, atsegin, Aramaioko proiektuen gainean, egindako eta egiteko dituztenak azalduz. Eta proiektu batekin ikusi dugu bereziki ilusionatuta: Biomasa.

Valladolidetik etorri berri, gaiaren gaineko jardunaldi batzuetan, Aramaioko proiektuarekiko interesa agertu dute Espainiako hainbat tokitatik joandakoek. Eredugarri hartu dute Aramaion egin nahi dutena eta jakingura handia sortu du gaiak, alkateak adierazitakoaren arabera.

Aramaioko lurretako arbolen egurrarekin, ur beroa lortu nahi dute, beste leku batzuetan ere egiten ari diren antzera. Horixe da, laburtuta Aramaioko biomasa proiektua.

Hauxe esan du Ajuriak Goiena telebistan gaiaren gainean: “Energiaren arloan burujabeak izan gura dugu. Gure baliabideak aprobetxatuz, gure egurra baliatuz –ezpala da erregaia–, ur beroa lortzean datza biomasa. Ezpala guk erosiko dugu eta etxebizitzen jabeek aukera izango dute euren egurra ere erabiltzeko. Talde bat sortuko dugu herrian hori guztia kudeatzeko. Gero, enpresa espezializatu batek galdarak instalatuko ditu eta hura arduratuko da banaketaz. Fakturazioaren aldetik zortea dugu hemen, Aramaioko Argindar Banatzailea enpresa dugulako. Enpresa horrek eramango du fakturazioa”.

Hemen saioa osorik, ikusi nahi baduzue:

Maiatzaren 6an Elgetako alkatea

Eskualdeko alkateekin Harira saioan egiten ari garen elkarrizketa bereziak amaitzeko, beste herri bi eta beste alkate bi geratzen zaizkigu: Elgetakoa eta Leintz Gatzagakoa. Oxel Erostarbe Elgetako alkatea maiatzaren 6an izango dugu platoan eta Eugenio Otsoa Leintz Gatzagakoa maiatzaren 13an.

Kontuan izan zuek ere, herritarrok, galderak egin ahal dizkiozuela alkateei. Honakoak dira moduak:

  • E-posta: harira@goiena.com
  • Whatsapp: 688 69 00 17
  • Telegram: 688 69 00 17
  • Erantzungailu automatikoa: 688 69 00 17

Aramaioko alkatea apirilaren 8an

Ramon Ajuria izango da datorren martitzenean, apirilaren 8an (22:00), gure hurrengo gonbidatua. Aramaion gori-gorian dauden kontuen gaineko azalpenak emango ditu alkateak, hala nola biomasa proiektua, aurrekontuak, A-2620 errepidea itxita egon izanak eragindako kalte-ordainen auzia eta aurtengo Udalaren inbertsio nagusiak.

Herritarren eskaerei zabalik

Horrez gain, herritarrok ere izango duzue parte hartzeko aukera. Hau da, alkateari berari galderak egiteko aukera izango duzue aramaioarrek:

  • E-posta: harira@goiena.com
  • Whatsapp: 688 69 00 17
  • Telegram: 688 69 00 17
  • Erantzungailu automatikoa: 688 69 00 17

Saioa hilaren 8an izango da, 22:00etan. RamonAjuria

Harmailak Torresoroa antzokirako

Antzuolako alkatea izan dugu oraingo astean ‘Harira’ saioko gonbidatu. Duela urte bi baino erosoago ikusi dugu kameren aurrean, dagoeneko ia hiru urteko esperientzia badauka-eta Antzuolako alkate zereginetan. Torresoroa antzokian harmailak jartzen hasi direla kontatu digu, besteak beste.

Gustura daude Antzuolan, Torrosoroan hainbat ekitaldi antolatzeko aukera dutela-eta. Orain, di-da batean jarri eta kentzeko harmailen bidez, gainera, erabilera gehiago eman ahal izango diote aretoari eta komeni denean jarlekuak azkar jarri edo kentzeko aukera emango die horrek.

100.000 euroko inbertsioa izan da harmaila berri horiek jartzea, baina Antzuolako Udalari 11.000 bakarrik kostako zaizkio. Pozik, horregatik ere, Ima Beristain alkatea eta esker oneko, gainerako dirua jarri duten erakundeekiko: Gipuzkoako Foru Aldundiarekiko eta, bereziki, herriko enpresa batekiko, Goizperrekiko. Nabarmentzekoa da hori. Izan ere, herriko kultura ekipamendu bat hobetzeko herriko kooperatiba horrek irabazien zati bat herriari eskaintzea nabarmentzekoa da.

Antzuola independente

Antzuola Bergaratik aldendu eta burujabe dela gogora ekartzeko, eta ondo pasatzeko, herri harrotasuna nabarmentzeko, Independentzia eguna ospatu dute oraingo asteburuan Antzuolan. Eta, horrekin lotuta, Antzuola berriro ere Bergara izatera pasatzea ze irizten dioten galdetu dugu kalean, Antzuolan; galdera lotsabako samarra, baina umore giroan egina, beste herri batzuetan egin dugun moduan.

Ondo erantzun dute antzuolarrek. Gehienak, espero moduan, Antzuola izaten jarraitzearen aldeko agertu dira, baina bat edo beste prest agertu da Bergarara batzeko, krisi sasoian herri erakundeak ekonomiaren aldetik egoera onenean ez dauden honetan.

Hemen duzue saioa osorik.

Antzuolako alkatea gaur

Oraingo astean aztergai izango ditugu Antzuolako kontuak. Mugikortasuna, bidegorriak, hiri hondakinak, aurrekontua, ekonomia… Horiek aztergai batzuk Ima Beristain alkatea platoan dela. Maria Eugenia Arrizabalaga EAJko zinegotziaren iritziak ere jasoko ditugu. Zerbait galdetu nahi diozue alkateari?

Aukera badago, oraindik, honako bide hauek erabilita:

  • E-posta: harira@goiena.com
  • Whatsapp: 688 69 00 17
  • Telegram: 688 69 00 17
  • Erantzungailu automatikoa: 688 69 00 17

ImaBeristain

Irailerako zabalik Zaldibar antzokia

Beñat Herce Eskoriatzako alkateak Goiena telebistan aurreratu du oraingo astean irailerako zabalik egongo dela Zaldibar antzokia. Hainbat erabilera izango ditu areto horrek. Kultura ikuskizunetarako ez ezik, kultur taldeen egunerokorako erabiliko da eta 300 bat lagunendako tokia izango du antzokiak, aulki barik.

Horixe da agintaldiko proiektu izarretako bat, aurrekotik datorrena, eta inbertsio inportantea izango da Eskoriatzako Udalarendako. Hain justu ere, “larregikoa” iruditu zaio inbertsioa Juan Luis Merino Ezker Anitzeko zinegotziari eta hori kritikatu du, Udala “hipotekatuta” utziko duelakoan. 1,5 milioi euroko inbertsioa izan da. Alkateak zehaztu du Eskoriatzako Udalari milioi bat kostako zaiola, bestea diru laguntzekin ordainduko dutelako.

Alkateak nabarmendu du, bestalde, Udalaren diru-kontuak saneatzeko azken urteotan egin duten esfortzua.

Herria “politago”

Herritarrei kalean hartutako iritziei dagokienez, askok nabarmendu dute politago dagoela, kale nagusiko obrak eta beste batzuk direla-medio. Horren gustuko ez dituztenen artean, ostera, batek baino gehiagok azpimarratu du hiri hondakinen gaia. Atez atekoa ez ei dute nahi.

Iritziak iritzi, Eskoriatzako alkateak aurreratu du hondakinak batzeko sistema berria Aste Santuaren bueltan jarriko dutela abian herrian. Honenbestez, dela atez atekoa, dela sistema mistoa, Antzuola eta Oñatiren ostean, Debagoieneko beste 3 herritan helduko dira aldaketara: Bergaran, Aretxabaletan eta Eskoriatzan. Aurrerago etorriko da Arrasate eta, Elgetan ere horixe egin nahi dute, baina aurretik herri galdeketa egingo dute. Udalean ordezkatuta dauden talde politiko guztiek adostuta. Galdeketaren data ere zehaztu dute: ekainaren 22a.

Datorren astean, Antzuolako alkate Ima Beristain izango da Harira saioko gonbidatua.