Azoka egunagatik eskerrak

Apirilaren 13a egun handia izan zen Arrasateko azoka biziberritzeko GUreztatu prozesuan buru-belarri gabiltzan eragile eta herritarrontzat, eta zergatik ez, baita Arrasateko herriarentzat ere. Dozenaka lagun eta eragileren lanak isla polita eduki zuen pasa den larunbat eguzkitsuan.

Bagarako lantaldearen izenean, lerro hauen bitartez zorionak eta gure eskerrik beroenak luzatu nahi dizkizuegu Azoka Eguna posible egin zenuten eragile eta herritar guztioi, besteak beste: Azoka plazako postu finkoak, bailarako baserritar eta ekoizleak, Eskuartean artisau elkartea, Harreman, Emaus,  Arrasateko Garagunea, Aspace, Yellow Hand, Arrasateko Gaztetxea, Arizmendi Ikastolako monitoretza eskolako lagunak, Txatxilipurdi, ElkarTrukeko neskak, Ain_1 eta Azabatxe taldeak, Toberako antzezleak, Ibai-Arte merkataritza elkartea, Amaia Albes eta Itsaso del Rey diseinatzaileak, pasarelari beldurrik eduki ez zenioten modeloak, aurkezle lanetan aritutako Jon Berezibar eta Amaia Txintxurreta, txosnako tabernariak, pintxogileak, Monte taberna, herriko komunikabideak, Arrasateko Udaleko zinegotzi eta langileak, zuzenean edo zeharka GUreztatu prozesuan parte hartzen diharduzuen guztiak, eta, nola ez, larunbatean azokara gerturatu zinetenak.

Azoka bizi, erakargarri eta koloretsua eta kontsumo arduratsu eta lokala sustatzeko eremu anitza irudikatu nahi izan genuen Azoka Egunean, ohiko jarduerei izaera berriko jarduerak gehituz.

Horixe baita GUreztatu ekimenean lanean dihardugun eragile eta herritarron asmoa, herrigintzatik eta, batez ere, aniztasunetik arrasatearron bizi-kalitatean eta ongizatean eragingo duen azoka-gunea adostu eta sustatzea.

Bukatzeko, arrasatearrak animatu nahi ditugu GUreztatu ekimenean parte hartzera eta kontsumo arduratsu eta lokalaren aldeko apustua egitera.

 

 

 

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude