Azpidatziak euskaraz, bai ala ez?

Puntua aldizkariaren 136. zenbakian ondoko artikulu hau argitaratu dut Azpitituluak.com proiektuaren gainean:

Azpitituluak.com proiektuak marka aipagarria lortuko du aurten, hamar urtean bere katalogoa ezerezetik 1.000 pelikula edukitzera iritsiko baita. Eta film luzeez gain, film laburrak, telesailak eta dokumentalak. Hala ere, proiektua bera impasse batean sartu da, proiektuaren sortzaile eta alma mater izan denak, Luistxo Fernandez eibartarra, iragarri duelako utzi egingo duela. Ikusita zelako lana egin den eta zelako egoeratan, ulertzekoa ere bada erabaki hori.

Lan handia

Luistxok eta berarekin batera proiektu horretan borondatez lan egin dutenek lan izugarria egin dute euskarazko azpidatzien erabilera sustatzeko.

  • Plataforma dotore bat antolatu da —eta hori bereziki Luistxoren lana izan da—, jendeak eroso manejatzeko modukoa, dena bertan zentralizatuta.
  • Pelikula bakoitzari gehitu zaio informazio-fitxa bat, erabiltzailea gidatzeko. Bertan zehazten da filmak zer gai lantzen duen, talde teknikoa, kartela, eta oinarrizko informazioa, azpidatziak ondo sinkronizatzeko pelikularen bideoarekin. Bereziki gogorra izan da lan hori 2017an, Eusko Jaurlaritzak 500 bat pelikula berriren azpidatziak askatu zituenean, pelikula guztiei fitxa bana egin behar izan zitzaien-eta, argitaratu aurretik.
  • Osatu egin da itzultzaile bakoitzak igotako informazioa, azpidatziak ahalik eta bideo gehienarekin sinkronizatzeko.
  • Ikastaroak antolatu dira boluntarioak formatzeko, berauek ikas zezaten zelan bete pauso guztiak azpidatziak itzuli eta igoteko. Egia esan, boluntario kopurua ez da handia izan, eta batzuek denbora gehiago egin dute, beste batzuek baino, beti ere bakoitzaren disponibilitatearen arabera. Izan dira flash itsaropentsuak, esate baterako iaz Zumaiako Institutuko ikasleek bi film euskaratu zituztenean, baina saio horiek ez dute segidarik izan. Debagoienetik ere lagundu zaio proiektu honi. Goio Arana eta Eneko Bidegain Mondragon Unibertsitateko irakasleak, Marijo Deogracias eta ni, beste batzuen artean, hortxe ibili gara, ahal izan dugun neurrian laguntzen.
  • Animazio lana egin da sare sozialen bidez, igotako filmen berri emanda, eta jendea animatuz filmak euskaratzera eta, ikusle gisa, filmak euskarazko azpidatziekin ikustera.

Esan barik doa, lan horietako gehienak Luistxok gidatu ditu, batzuek erabat bere bizkar gainean hartuta. Ulertzekoa, beraz, hamar urte igarota bera nekatu izana.

Haize kontra

Izan ere, beti haize kontra ibiltzeak ere nekea eragiten du. Eta gure artean zenbait faktorek elikatu dute kontrako haize indartsua:

  • Inertzia zaharrak. Txikitatik ohitu gara pelikulak bikoiztuta entzutera: lehendabizi gaztelaniara; gero euskarara. Inertzia hori oso zaila da apurtzen, batez ere EITB taldeak zine bikoiztuaren alde egin zuenetik.
  • Oztopo teknikoak. Jende gehienari oso zaila egiten zaio azpidatziak euskaratzeko prozesua: torrenteak ezarri eta manejatu, azpitituluak bilatu eta sinkronizatu, etab.
  • Komunitate txikia gara. Hizkuntza handietan jende ugari elkartzen da horrelako lanetan. Gurean, berriz, gutxi. Horrelakoetan, aski izaten da batek “nahikoa” esatea, proiektua kolokan jartzeko, orain Luistxorekin gertatu bezala.
  • Netflix, HBO, etab. Kontrako haizea haizete bihur daiteke Netflix, HBO, Amazon, Movistar+ eta horrelako zerbitzuak gure artean sendotzen diren neurrian, horietan ezinago erraza baita aukeratzea azpitituluak ez ezik, baita hizkuntza bikoiztuak ere. Horrek, seguruenik, indartu egingo ditu orain arteko inertziak.

Egindako lana, pikutara?

Azpitituluak.com proiektua ez da hilgo 1.000 pelikula euskaratutako markara iritsitakoan. Luistxok leman ez egon arren, boluntarioek segituko dute filmak euskaratzen, orain arte baino polikiago bada ere. Eta erabiltzaileek izango dute non aukeratu, Azpitituluak.com proiektuaren katalogoak harribitxi gorde asko ditu-eta: inoizko 25 filmik onenak (beti ere Sight & Sound zine-aldizkariaren arabera), marrazki bizidun sorta ederra, zuzendari aipagarriak, aktore bikainak eta pelikula ahaztezinak.

Badago zer aukeratua. Aukeratzaileak behar dira, prest egongo direnak filmak bertsio originalean eta euskaraz ikusteko.

Kategoria: Azpitituluak Etiketak , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude