Gatza, herri baten errolda grafikoa

Pozik izango dira Leintz-Gatzaga herriko biztanleak, Joxe Felix Diaz de Tuesta argazkilariak errolda grafiko bat egin baitu hango biztanleena. Berez orain bi urteko kontua da hau, baina oraingo berritasuna da egileak sarean jarri duela GATZA proiektuaren emaitza webgune zoragarri batean.

GATZA webgunea

GATZA izeneko liburua ikusgarria bada, GATZA webgunea haren sareratze bikaina da. Hauek dira, nire ustez, webgunearen ezaugarri nagusiak:

  • Argia. Webguneak ez du artifizio alperrikakorik. Orri nagusian sartuta, hortxe dago, argi eta garbi, webguneak zer eskaintzen duen. Hasiera, Liburua (PDF eder bat liburua kontsultatu nahi duenarentzat), Xeheki (liburuan sartu ez ziren argazki asko, interesgarriak oso, detaile txikiak erakusten baitizkigute: eskuak, begiak, objektuak…), Making of (argazki pilo horrek kontatzen du, grafikoki, zelan egin ziren liburuko argazkiak), Berriak (jasotzen du hortik zehar zer esan den erakusketaz eta liburuaz) eta Info (oinarrizko informazioa erakusketa honetaz, bost hizkuntzatan).
  • Nabigazio errazekoa. Argazkiak bi modutan ikus daitezke, oso modu intuitiboan: osotasunean, egileak prestatu duen parrilan, edo banan-banan, batean klik eginda, eta bertatik ezker-eskuinera joanda.
  • Bizkorra. Argazki bakoitzak pisu dezentekoa du sarean ere, Joxefek ez zuen-eta nahi kalitaterik gal zezaten. Hori errespetatuta, Anek lortu du webgunea oso bizkorra izatea, erabiltzailearen zorionerako.
  • Ederra. Liburuan bezala, bai argazkiek eta baita webguneak ere fondo beltza dute, letratipo dotorearekin. Esan liteke fondo horrek nabarmendu egiten duela argazkien indarra.

Ane Diaz de Tuesta

Eta lan horretan Joxefek ezinbestekoa izan du bere alabaren laguntza, Ane Diaz de Tuesta ingeniari informatikoa baita, eta informatikari moduan esperientzia luzea duen arren, hauxe izan du bere kasa, eta enpresatik kanpo, egin duen lehen proiektu potoloa. Mondragon Unibertsitatean Sistemen Informatika egin ondoren, Anek Bordelen amaitu zituen ikasketak, ENSEIRB-MATMECA Ingeniari Eskolan. Gaur egun Lectra enpresan egiten du lan, Bordelen bertan, web garapenean eta diseinuan.

Aita-alabak elkarlanean

Aita-alabek hilabeteak egin dituzte GATZA proiektua webera ekartzen, atzera-aurrera askorekin, bientzat lehen ahalegina izan baita horrelako produktu bat zelan aurkeztu sarean, eta, nire ustez, emaitza bikaina da. Alabak egin dio aitari web sinple bat, nabarmentzen dituena argazkilariaren estiloa eta dohainak.

Zorionak, bada, biei, eta zorionak Leintz-Gatzagako bizilagunei, orain artean sekula ez dugu-eta izan horrelako errolda ederrik begien aurrean.

Kategoria: Argazkigintza Etiketak , , , , . Gorde lotura.

Erantzun bat Gatza, herri baten errolda grafikoa bidalketan

  1. egilea: Edurne

    Aupa Ane, zorionak??????

Utzi erantzuna Edurne(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude