Bengoetxea eta aurkarien pilota ustez biziegiak

Antzezpena pilota-aukeraketan hasten da: haserre-aurpegia, aurkariaren pilotak salatzea…

Atzo final ederra ikusi genuen, emozioz betea, eta bertan Oinatz Bengoetxea nagusitu zen, jabato bat moduan borrokatuta. Merezitako txapela eraman zuen, eta partida amaitutakoan pozik egoteko motiboak zituen. Zorionak, beraz, txapeldun berriari.

Hala ere, bada kontu bat gustatzen ez zaidana Bengoetxearen jokabidean: partida erabakigarrien aurretik duen joera, aurkari(ar)en pilota(k) salatzekoa, biziegiak direlakoan. Binakako finalaren aurrean egin zuen, eta aurrez aurreko finalaren pilota-aukeraketan ere bai. Gero ikusi zen ez zela egia, ez ordukoan, ez eta atzokoan ere.

Gerra psikologikoa baino harago

Bengoetxeak gerra psikologikoa erabiltzen du zeruertzean trumoiak sumatzen dituenean, partida zailak alegia, edo ikusten duenean gauzak ez doazkiola ondo. Behin, Ezkurdiaren kontra galtzen ari zela, aldageletara joan zen ageriko motibo barik, eta ez zen itzuli 5-10 minutu pasatu arte. Epaileen pasitibatea ikusita, Ezkurdia bere onetik irten zen, eta, azkenean, Oinatzek partida poltsikora. Lortu zuen nahi zuena, trikimailu itsusia erabilita.

Pilota ustez bizien kontuan, Oinatzek salatzen duenean aurkariak pilota biziegiak hautatu dituela, aurrez itzal bat zabaltzen ari da aurkariaren inguruan, adieraziz bezala ez dela garbi jokatzen ari. Hori, partida jokatu aurretik. Kontua ez da txantxa, zalantza hori partidatik harago luza dakioke-eta aurkariari, beronek irabaziz gero, eta gerora zilegitasuna ken liezaioke, zenbait jendek pentsatuko baitu ez duela garbi jokatzen. Hori guztia une jakin batean Bengoetxeari komeni izan zaiolako, bere aurkaria desorekatze aldera, baina bat ere funtsik gabe.

Jokabide hori zatarra iruditzen zait. Oinatzek segitzen badu aurkarien garbitasuna zalantzan jartzen motibo barik, gerta dakioke zalantza bere karreraren gainean luzatzea, Mourinhori-eta gertatu bezala. Denak ez du balio txapela irabazteko.

Kategoria: Kirola Etiketak , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude