Emakumeak, erresistentziaren buru

Demagogoak uste zuen arrosa-bidea izango zuela, berak nahi zuena —eta nahi zuen eran— egiteko. Baina hark nazkagarri deituriko emakume haietako mordoak (Trumpek nasty woman deitu zion Hillary Clintoni telebistako debate batean, emakume nazkagarria), iraina bere egin zuten emakumeek koalizio ezinago zabala antolatu, eta behar bezalako erantzuna eman zioten atzo Washingtonen, AEBetan oro har, eta munduan zehar.

Bezperan ez nion kasu handirik egin Trumpen kargu-hartzeari, harekiko guztiak atzera eragiten dit-eta. Atzo, berriz, lau ordu eta piku egin nituen telebistaren aurrean (ABC kateak zuzenean eman zuen emakumeen agerraldi erraldoiaren berri, Youtube bidez), begiak zabal-zabalik, eta ekitaldi historiko bat ikusten ari nintzeneko uste osoarekin.

Hantxe ikusi nituen, koalizio ikusgarri batean, aspaldiko feminista ezagunak —Gloria Steinem eta Angela Davis, kasurako—, feminista gazte ezezagun mordoa, beren komunitatearekin proiektu zehatzetan konprometitutako emakume andana, abortuaren aldeko militanteak, jende oso ezaguna —Michael Moore dokumentalgilea eta Scarlette Johansson aktorea—, abeslariak —Madonna, etab.— eta sekulako jendetza behean.

Denetariko mezuak entzun ziren: egoera salatzen zutenak, irtenbide inklusiboak proposatzen zituztenak, demagogoari aurre eta iseka egiten ziotenak, eta ekintzara deitzen zutenak, tokian tokiko komunitatean eta kargu publikoetan: udala, konterria, estatua, kongresua, senatua…

Demagogoaren kontrako erresistentzia ez da fio AEBetako alderdi demokrataz, eta horregatik antolatu du mugimendu hau, alderdi demokrata baino askoz harago doana. Eta, guztiaren buru, emakumeak. Bere egin dituzte baztertuen eskariak (emakumeak, beltzak, migratzaileak, hispanoak, LGBT mugimendua, gerrako biktimak…), eta forma eman diote mugimendu global baten ernamuinari, elkarbizitza eta maitasuna oinarri.

Washingtongo agerraldiak oihartzuna izan zuen munduan zehar, zenbait salbuespenekin: Errusia, Txina eta Euskal Herria, besteak beste. Errusiakoa eta Txinakoa uler dezaket, hango sistema itxiengatik. Baina Euskal Herrikoa ez da hain ondo konprenitzen, ez bada horretan ere Espainiari eta Frantziari begira gaudela. Baina hemen ere, orain arte pairatu dugun zapalkuntzaz gain, laster jasoko dugu demagogo haren pareko beste demagogo batzuen erasoa (Aznar, Mayor Oreja, San Gil, Le Pain…).

Non daude gure feministak desafio globalari aurre egiteko? Guk ere baditugu geure aldarriak atzo entzun zirenekin batera defendatzeko (genero indarkeria, oinarrizko gizarte-zerbitzuen gainbehera, pobrezia, azken gatazkako biktima guztiaen erreparazioa, euskal presoen egoera bidegabea, memoria historikoa, euskara…). Hainbat izen etorri zitzaizkidan gogora: Danele Sarriugarte, Lorea Agirre, Mari Luz Esteban, Idurre Eskisabel, Ana Malagon, Eider Rodriguez, Irene Arrarats, Ana I. Morales, Amelia Barquin, Onintza Enbeita, etab., etab. Non zaudete, neskak, zein larretan? Barkatu zuekin gogoratu izana, baina nik hor ikusten zaituztet, borroka horren buruan.

Ala oker nabil eta hau guztiau nire haluzinazio bat baino ez da, lau ordu telebistaren aurrean egin izanak eragindakoa? Horrela bada, barkatu gaizki esanak. Eta ez bada, eman pausu bat aurrera, ez zaizue-eta faltako bidelagunik.

Kategoria: Feminismoa Etiketak , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude