NASA eta krisi-komunikazioa

Astearte gauean, ohean nintzela, piztu iPada, sartu Twitterren, eta konturatu nintzen 15 minutu falta zirela NASAk suziri bat jaurtitzeko espaziora. Ikusminak jota, geratu egin nintzen 23:30ak arte jaurtiketa ikustera, baina, suziria jasotzen hasi bezain laster, lehertu egin zen. Erabateko hondamendia, horrelako istripuek ondorio latzak izan baititzakete espazioko lasterketan. Krisi egoera, beraz, jende askok ikusi baitzuen leherketa.

NASAren sinesgarritasuna jokoan zegoen, eta baita Orbital Sciences enpresa pribatuarena, azken honek eraiki baitzuen astearteko suziria. Orduko helburua zen Nazioarteko Espazio Estazioa, zeina amerikarrek, europarrek eta errusiarrek elikatzen baitute nagusiki. Audientzia globala aintzat hartuta, NASAk zirt-zart egin zuen, eta hainbat frontetan mugitu:

  • Twitter: NASAk ¬†eta NASA Social-ek dauzkaten Twitter kontuetan, NASA hasi zen tuiteatzen, gertatutakoaren berri eman eta jendeari ohartarazten ez jasotzeko ezer lurretik, leherketa gertatutako lekuan. Horrekin batera, informazioa eskatzen hasi zen. Gainera, berehala eskaini zuen doako telefono bat, jendeak bertara deitzeko.
  • Facebook: Hemen ere, Twitterren ateratako informazioa atera zuen, testua, argazkiak eta bideoak erabilita.
  • Google +: Sare sozial honetan ere, berdin.
  • Prentsaurrekoa. Egun berean, NASAk prentsaurreko bat antolatu zuen, eta bertan erakundeko arduradun nagusiek hartu zuten parte, batzuek telefonoz, eta beste batzuek bertan hitz eginda. Prentsaurrekoak ia 45 minutu iraun zuen, eta bertan azaldu zuten zer gertatu den, leherketak zer ondorio izan duen espazio estazioaren jardueran, zelan ikertuko duten istripua, zer epetan, etabar, etabar. Arduradunek hitz egin ondoren, galde-erantzunetarako tartea ireki zuten, eta hizlariek ez zuten galderarik saihestu.

Lehendik ere NASA oso ondo kokatuta zegoen sare sozialetan, eta berauek oso ondo erabili ditu hondamendia esplikatu eta jendearen galderei erantzuteko. Horrezaz gain, aurpegia eman du bizkor eta argi. Gehiago sakondu barik, krisi-komunikazioaren adibide bikaina iruditu zait. Zerikusirik ez, gure inguruan sarri halako egoeretan eman den erantzunekin.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude