The Unbelievers

Fedegabeak

Ariketa ona izan da The Unbelievers dokumentala itzultzea —euskaraz, Fedegabeak. Zaila, alde batetik, bertan hizlariek oso esaldi luzeak esaten dituztelako, zatika itzuli beharrekoak. Harrigarria, bestetik, ikusita mundu anglosaxoian zientziak zelako oihartzuna duen. Harritzeko modukoa baita ikustea Sydneyko Opera etxeko aretorik handiena jendez lepo bi zientzialariri entzuteko: Richard Dawkins eta Lawrence Krauss. Baita Washington hirian ikustea The Mall pasealekua 30.000 lagunek hartuta, denak ateo, pentsalari libre, arrazionalista eta fedegabe, bilera eta festa egiten.

Miresmenez ikusten dut, orobat, mundu anglosaxoian zelako ohitura duten eztabaidatzeko: zientzia dela, erlijioa dela, edozer. Leku publiko batean edo plato batean sartu, eta sekulako ahalmena dute anglosaxoiek iritziak trukatu eta elkarren artean eztabaidatzeko. Nahiko nuke hemen ere antzeko zerbait ikusi.

Itzulpen lana ondo etorri zait, halaber, apur bat hobeto ezagutzeko Richard Dawkins, zeinaren El espejismo de Dios irakurrita bainuen, eta, batez ere, Lawrence Krauss fisikaria. Biek nortasun handikoak, eta adimen bizkorrekoak.

Hala ere, bada gauza bat dokumental honetan gustatu ez zaidana: bere kartela. Nire ustetan, dokumentala askoz hobea da, kartelak iradokitzen duena baino. Gusto baduzue, Azpitituluak.com webgunean dituzue euskarazko azpidatziak.

Kategoria: Azpitituluak Etiketak , , , , , , . Gorde lotura.

Erantzun bat The Unbelievers-ri

  1. egilea: Luistxo

    Ikusi dut dokumentala, eskerrik asko euskaratzeagatik. Akaso interesatuko zaizkizu beste lan hauek ere, Religulous, Bill Maher talk-host eta komediantearekin, eta The Four Horsemen, hau elkarrizketa bat besterik ez, lehen Torrent libre eta ofiziala zuena (orain ezkutatu dute, baina aurkituko duzu beste toki batzuetan).

    Lawrence Kraussen liburua duela gutxi irakurri nuen, eta fisika aurreratuaz tratatzen duten gehienak bezala, gogor samarra da, baina beste batzuk baino irensgarriagoa bai, behintzat.

    Eztabaidarako zaletasun anglosaxoia aipatzen duzularik, arrazoia duzu: hemen ez da egiten halakorik. Tira, akaso Krauss-Dawkins formatukorik ikusiko dugu, bi hizlari ados samar daudelarik (edo antzeko formatu bat, adibidez, Azpillaga eta Sarasuaren hau, vanilla-elkarrizketa bat azken batean); baina ikuspegi antagonikoen eztabaida (Dawkins apezpikuarekin, Krauss musulman fundamentalistekin) ez da hemen ikusten. Nik uste badagoela premia, egin daitekeela halakorik. Pare bat ingurutan bota dut “ideia” hori, lagun batzuei proposatuz, taula-gaineko eztabaida irekia behar dela, A vs B, politikaz eta beste kontu batzuez jarduteko; baina ez dut uste inor animatzen denik Euskal Herrian halakorik antolatzera. Eta animatuko balitz ere, antagonistarik ausartuko ote zen elkarren artean publikoki eztabaidatzera…

    Pendiente dugun beste kontu bat, komunikazioaren alorrean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude