Amazonen erantzun biribila

Paketeak

Hil honen hasieran, lagun batek eskatu zigun ea erosiko genizkion Amazonen Neptune izeneko musika jogailuak, musika urpean entzutekoak. Bere emaztearentzat nahi zuen aparailua, laster urteak egingo zituen-eta. Dena amaitutakoan, berak itzuliko zigun guk aurreratua.

Erosi genuen aparailua, eta handik bi astera, etxean geneukan, oparitarako pakete batean, horrela eskatu baigenuen. Hala ere, bai kanpoko paketea eta bai barrukoa, mailetuta iritsi ziren, eta kartazala, bustita. Zer egin? Oparia ezin zen horrela eman, itxura eskasa zuelako. Paketea itzultzen bagenuen, berriz, gure lagunaren emaztea opari barik geratuko zen. Lagunari deitu aurretik, erabaki genuen Amazoni idaztea, gertatutakoaren berri emateko.

Emailez idatzi nuen mezu bat, gertatutakoa azaltzen. Aspaldiko bezeroa naizela, sekula kexarik izan bakoa, baina orain arazo bat genuela, ea enpresak zer proposatzen zuen. Argazkiak ere bagenituela, nahi izanez gero, ikusi nahi bazuten zelan iritsi ziren paketeak. Goizeko 10:00etan bidali nuen mezua, eta handik ordubetera —AEBetan oraindik gaua—, erantzuna jaso nuen. Sentitzen zutela gertatutakoa, eta bi aukera eskaintzen zidatela:

  1. Erabakiz gero geratzea aparailuarekin, berau prezio erdian egingo zidaten.
  2. Erabakiz gero produktua itzultzea, diru guztia itzuliko zidaten.

Hori jaso ondoren, lagunari deitu eta ireki egin genuen bigarren paketea, oparitarako zetorrena, ikusteko zelan zegoen barrukoa. Eta barrukoa bilduta zetorren plastiko batean, eta pakete txiki baten barruan, txukun-txukun, orbain txikienik ere ez zuela. Lagunak erabaki zuen geratu egingo ginela produktuarekin, erdi-prezioan, eta sartuko zuela beste kaxa batean.

Egun berean, Amazoni erantzun genion gure aukeraren berri ematen. Galdera batzuk erantzun, informazio apur bat eman (erosketa zenbakia, etab.), eta kito. Handik ordu pare batera, diruaren erdia itzulita nuen nire kontu korrontean. Hori guztia, trukean ezer berezirik eskatu barik, ez argazkirik, ez beste ezer.

Amazon kritikagarri izan daiteke beste kontu batzuengatik, baina bezeroaren arreta eta satisfakzioari dagokienez, enpresa gutxi iritsiko zaizkio parera. Ni oso pozik geratu nintzen, eta nire laguna, are eta poziago, lortu zuelako nahi zuena, eta erdi-prezioan. Bere emazteak ere atzo jaso zuen oparia, bere urtebetetze egunean, eta kriskitinak baino alegerago geratu da.

Kategoria: Teknologia Etiketak , , , , . Gorde lotura.

Erantzun bat Amazonen erantzun biribila bidalketan

  1. egilea: Ima

    Oso ondo dago, atzo gauean sartu nion gustuko musika eta gaur … urpera. Eskerrik asko Joxe!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude