Realzale baten bizipenak

Asteburu honetan “Mi abuela y diez más” irakurri dut, liburutxo bat Ander Izagirre kazetari donostiarrak idatzia Libros del K.O. argitaletxean. Ander Izagirre kontalari abila da, eta liburu honetan kontatzen digu nondik datozkion Real Sociedad futbol taldearekiko zaletasuna eta atxikimendua. Bere familiak zerikusi handia du, antza, identifikazio horrekin, eta hortik abiatzen du kontakizuna.

Liburua irakurri ahala, ohartu naiz denbora gehienean irribarrea marraztua nuela aurpegian, hain da-eta umoretsua liburutxoa. Eta gogoratu dut ni ere Atotxa zaharrera joaten nintzenean Sanse ikustera lehendabizi, eta Reala gero, bai bigarren mailan, Zubiarrain, Gorriti, Martinez, Mendiluze, Gaztelu, Boronat, eta konpainia ikustera, eta baita lehen mailan zebilenean ere, nahiz eta orduan gutxiago joan. Orobat, liburuak gogora ekarri dit 1980an (Realak liga 32 partida galdu barik amaitu zuen hartan, nahiz eta azkenean irabazi ez) zelan joan ginen Anoetako belodromora Real Madril-Real Sociedad pantaila erraldoi batean ikustera, eta zenbat sufritu genuen arbitroaren gehiegikeriekin, hainbeste ze orduan erabaki nuen urrundu beharra nuela eromen hartatik, gehiegi sufritzen zen-eta.

Realzale txepela izan naiz Anderren eta bere familiaren aldean. Zale sutsua baino, gehiago izan naiz Setien gotzain ohia bezalakoxea, zeinak esplikatzerakoan zenbateraino zen realzalea esan baitzuen ez zela oso zale gartsua, baina igande arratsaldean jakinez gero Realak irabazi zuela, poz txiki bat hartzen zuela eguna amaitzeko. Liburu hau irakurtzen duenak ere, horixe jasoko du opari: poz txiki bezain umoretsua.

Kategoria: Futbola Etiketak , , , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude