The Shining, euskaratua

The Shining euskaratu berri dut, Stanley Kubrick zine zuzendariaren beldurrezko film zoragarriaren azpitituluak. Filmak baditu urte batzuk,1980koa baita, baina klasiko bihurtu da, eta oraindik ere zirrara eragiten du berriro ikusterakoan. Aproba egin nahi duenak, orain dauka aukera bertsio originalean ikusteko, euskarazko azpidatziekin, hauek Azpitituluak.com webgunean aurkituko ditu-eta.

Lehendik banuen Azpitituluak.com ekimenaren berri, baina film gehienak bertsio originalean eta ingelesezko azpitituluekin ikusten ditudanez, eta ez nekienez justu-justu zer mekanika zuen azpitituluen itzultzeak, bada ez nintzen bertan sartu. Harik eta Goio Arana lagun eta lankidea ikusi arte horretan ari zela. Erabaki nuen Goioren sukarra aprobetxatuko nuela neuk ere ikasteko, eta halaxe sartu nintzen The Shining euskaratzen.

Esperientzia interesgarria izan da. Sartu ditut ordu batzuk itzulpena egiten, baina esaldiak-eta laburrak direnez, ez dut aurkitu oztopo gaindiezinik lan horretan. Astunagoa izan da azpitituluak errepasatzea akatsen bila, eta filma berriro osorik ikustea euskarazko azpidatziekin, ikusteko ondo uztartzen ziren edo ez filmarekin. Orain zuen esku dago emaitza baloratzea.

Zer egin film bat euskaratzeko

Goio Aranak egin zuen bezala, nik ere azaldu egingo dut zelan euskara daitezkeen film bateko azpitituluak. Ezeren aurretik, begiratu Azpitituluak.com-en ea gogoan duzun filma hor dagoen. Ez baldin badago, orduan hasi hurrengo pausoak ematen:

  1. Aukeratu eta jaitsi filma, eta jaitsi film horri dagokion .SRT artxiboa, ingelesezko azpitiutulekin (.SRT da azptituluen ohiko formatua).
  2. Ireki .SRT artxiboa estilorik gabeko testu prozesatzaile batean: TextEdit Macintoshen edo Bloc de Notas Windows ordenagailuetan.
  3. Ordezkatu jatorrizko esaldiak euskarazko esaldiekin, gainerako zenbakiak-eta ukitu barik.
  4. Gorde dokumentua, eta jatorrizkoaren izenean [EN] jartzen duen tokian, [EUS] jarri.
  5. Zuzendu egindako lana testu prozesatzailean bertan, akatsik-eta ager ez dadin eta itzulpena egokia ager dadin.
  6. Ikusi filma euskaratutako azpitituluekin. Zerbait arraro ikusten duzunean, geratu filma eta zuzendu azpitituluak. Horrela, amaitu arte.
  7. Konprimitu dokumentua .ZIP edo .RAR formatuan.
  8. Bildu informazio apur bat filmari buruz, eta euskaraz jarri, bi ataletan banatuta: 1. Sinopsi labur bat, bi loturarekin: Wikipedia eta IMDb. Eta 2. Errepartoa.
  9. Testuaren bukaera gisa, hau jarri: “Fitxategia bertsio honekin dago sinkronizatuta” (eta hor jarri hasieran jaitsi zenuen bideoaren lotura).
  10. Lortu filmaren karteleko argazkia, Googlen bilatuta.
  11. Kargatu Azpitituluak.com webgunean.
Kategoria: Zinea Etiketak , , , , , . Gorde lotura.

Erantzun bat The Shining, euskaratua bidalketan

  1. Eskerrik asko lanagatik, eta nola egin duzun azaltzeagatik. 6. puntuari dagokionez nik lasaiago hartzen dut; “kontrol-ikuskatzea” neure kasa edo seme-alabekin egiten dut, koadernoa eta boligrafoa eskuetan, eta gauzak apuntatzen noa, etengabe azpitituluen fitxategia zabaldu barik. Amaitzean, koadernoko oharrekin zuzentzen dut SRT-a.
    🙂

Utzi erantzuna Luistxo Fernandez(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude