Argitaratzaileak eta enpresa teknologiko berriak

Gurebook.com plataforma desagertzeak argi utzi du euskal argitaratzaile gehienak noraezean dabiltzala. Baina mundua ez da hor bukatu, eta irtenbidea eurek uste duten baino hurbilago izan dezakete: beren inguruko enpresa teknologiko berrietan. Bilboko enpresa batek, Dosdoce, horixe gomendatu du New Yorken argitaratutako txosten batean: How to Collaborate with Startups.

Dosdoce enpresa 2004an sortu zen Bilbon, eta aztertzen du teknologiaren erabilera kulturan. Urtero txostenak argitaratzen ditu, aztertzeko zer joera nabaritzen diren sormen industrietan. Enpresako sortzailea Jabier Zelaia da. Azken txostena TOC konferentzian aurkeztu du, Zelan aritu elkarlanean enpresa teknologiko berriekin, eta oihartzun handia izan du nazioarteko liburugintzaren alorrean. Joe Wikert adituaren iritziz, hauxe da azken aldi honetan irakurri duen txostenik inportanteena.

Azterketaren ondorioak

Dosdoce enpresak galdetegi bat bidali zien munduko 170 startup eta argitaratzaileri (Espainia, Alemania, Italia, Britainia Handia, Argentina, Txile, Mexiko, AEB, Suedia eta Frantziakoak, besteak beste), eta jasotako erantzunekin, ondorio garbiak atera ditu.

Galdetegiaren datuak aztertuta, Dosdoce sinistuta dago liburuaren esparruko enpresa tradizionalek (argitaratzaileek, liburu saltzaileek, liburutegiek…) elkarlana estutu beharra dutela enpresa “natibo digitalekin”, etekina atera nahi badiete Internetek eskaintzen dituen aukerei. Zeren enpresario digitalek jeneralean beste ikuspegi batekin egiten baitie aurre negozioen desafioei. Beti saiatzen dira bide berriak bilatzen arazoak konpontzeko edo kontsumitzaileen beharrak asetzeko. Eurekin lan eginez gero, enpresa tradizionalek sakonago ulertuko dute ekonomia digitala, eta esparru horrek egunero eskaintzen dituen aukerak.

Txostena jaisteko moduan dago hemen, aintzat hartuta zer lizentzia duen: CC “Attribution-NonCommercial-NoDerivative”. Txostenaren laburpena, berriz, Collaborating with startups artikuluan irakur daiteke.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude