Lance Armstrong biktima? Capone beste

Artikulu hau berez erantzun bat da, Sustatu agerkarian utzi diodana Xabier Usabiagari, “Lance Armstrong biktima da” artikuluan:

Izenburu moduan oso ondo geratzen da —“Lance Armstrong biktima da”— noiz eta Lance Armstrong txirrindulari ohiak onartzen duenean zazpi Tour irabazi zituela iruzur eginda, Armstrong bera biktimatzat aurkeztuta, “kirolean inoiz izan den biktimarik handiena, beharbada”. Mundua hankaz gora.

Bere taldekideak behartu zituena dopatzera (Tyler Hamiltonen liburua eta USADAren txostena irakurri dituenak horren adibide ugari ditu) Kristo gurutziltzatuaren parean jartzea, zergatik eta bere kideak salatuko ez dituelako, ironia lazgarria da.

Al Capone ere gizartearen biktima izan zen, koitadua, 14 urterekin eskolatik bota, eta gangsterren esku erori zen. Guk ere esan genezake garai hartan prostituzioak, xantajeak eta hilketek ez zutela gaur egungo konotaziorik. Moralki onartuta zeudela. Eta, are gehiago, beharrezkotzat jotzen zirela. Baina ez dugu horrelakorik esango, ez delako egia.

Batak zein besteak agintea erabili zuten beren mesederako, iruzur sistema bat antolatu zuten beren helburua lortzeko —agintea, ospea eta dirua—, behartu egin zituzten beren inguruko ahulenak beren nahiera lan egitera eta gizarte ustela baliatu zuten, ustelkeria gehiago zabalduz.

Baina ez kezkatu, Xabier, Lance Armstrongek oso ondo manejatzen ditu agintearen hariak, eta itzuliko da, amerikarrei hainbeste gustatzen zaien estiloan, bere bekatuak garbitu dituen Akiles baten eran, eta diru mordoa egingo du berriro, eta ospetsuen olinpoan segituko du, forever and ever.

Bitartean, guk galdetu beharko diogu geure buruari, zergatik ez dagoen euskaldunik dopatu direla aitortu duten txirrindularien tropelean, eta horrelako albisteak irteten direnean, zer dela-eta gure komunikatzaile askok esaten duten aurrera begiratu behar dela, gauza horiek antzinako kontuak direla. Eta abar, eta abar.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude