Zergatik indultatu sexu erasotzaile bat?

Josebaren tabernan ez dago beste berba gairik egun hauetan: zer dela-eta eman dio Zapateroren gobernuak indultua Paul Abasolo futbol jokalariari, eta eman ere gobernuaren azken ministro kontseiluan? Josebak nahiko lan izaten du eztabaidak moderatzen, hango ulu eta orrori eztabaida dei badakioke, behintzat. Hiruzpalau egun igarota ezbaia piztu zenetik, hiru hipotesi nagusitu dira bezeroen artean:

  1. Mañarik dio Sabin Etxera begiratu behar dugula, gura badugu auzia behar den moduan ulertu. Paul Abasolo horren bigarren abizenean omen dago gakoa, jokalariaren aitaitarengana eramango gintuzke-eta. Haren hitzetan, aitaita oso aberatsa da, hainbat harrobiren jabea eta enpresa askoren burua. “Nahi izango balu, Durango ere erosiko luke, osorik”. Horrezaz gain, pertsona inportantea omen da Eusko Alderdi Jeltzalean, eta sarbide zuzena du Sabin Etxean, batez ere azken lehendakariak hartu zuenetik alderdiaren lema, biak oso lagunak dira-eta. Mañarik dio testuinguru horretan ulertu behar dela indultua, izan daiteke-eta Zapaterok jeltzaleen buruari egindako oparia, azken honek beste kontu batzuetan eskainitako laguntzagatik.
  2. Juan Marik, ostera, dio indultu horrekin Zapaterok erakutsi nahi izan diela epaileei-eta gaizkile horiek ere merezi dutela bigarren aukera bat, gizarteratu eta jende normala bihur dadin. Horren froga omen da indultuan esaten dela Paul Abasolok parte hartu beharko duela heziketa bereziko programa batzuetan, berriz ere ez erortzeko harri berean.
  3. Rogelioren ustez, indultua etorri da Zapaterok puteatu nahi izan duelako Real Madril, jakina baita Zapatero Barçaren jarraitzailea dela. Kontua da orain laupabost urte, Real Union futbol taldeak Real Madril kanporatu zuenean kopatik, Paul Abasolok gol ikusgarri bat egin zion Florentinoren taldeari. Rogelio bera Leongoa da, Zapatero bezala, eta dio horrelako jokamoldeak oso tipikoak direla paraje haietan.

Nik, egia esan, ez dakit zer esan eta zer pentsatu. Batetik, tabernako berba gaiak ez dira izaten oso jasoak. Bestetik, hedabideek ere ez diote ezelango jarraipenik egin gai honi, gutxienez jakiteko indulturaren zergatiak.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , . Gorde lotura.

2 erantzun Zergatik indultatu sexu erasotzaile bat?-ri

  1. egilea: maria

    Benetan, norbere auzia Espainiako Ministroen Kontseiluaren agendara
    zelan hel daitekeen misterio hutsa da. Horregatik, Amantegi abizenaren
    pisua funtsezkotzat hartu dute. Hori gutxi balitz, nik beste bi eztabaidagai plazaratuko nituzke:

    1.- Paul Abasolok ez du ezarritako zigorrik beteko eta ez die erasotutako emakumeei eragindako kalterik konponduko. Aldi berean, erasoa jaso zuten bost emakumeetatik hiruren abusua baino ezin izan zen egiaztatu. Eraso bat pairatu izanak lege-prozesuan eragindako gastuak nork ordainduko dizkie emakumeei?
    Gainera, haiek ez dute kontsolamendurik merezi? Abasolo laugarren
    emakume baten bortxaketaren egiletzat hartzeko froga nahikorik ez
    zegoenez, ez zuten futbolaria zigortu. Erasoa jasan zuen emakumeak ez du kontsolamendurik jaso, epaileak bortxaketa egiazkotzat jo arren.

    2.- Hedabideek ez dute Paul Abasoloren erasoez eta zigorraz informatu. Batzuetan, futbolaria izateari egotz dakioke; besteetan, gertuko laguna izateari. Bigarren hipotesi horri helduta, Deiak erakutsitako jarrera nazkagarria eta guztiz ez-duina suertatu da. Blogean jaso dut, baina Deiaren
    irakurlerik ez da informazio-tratamentu iraintzaile horretaz kexatu,
    nik dakidala. Hona hemen lotura:
    http://albistetan.blogspot.com/2012/01/indarkeria-matxista-lausotua.html

  2. egilea: Aitor

    Hauek sozialisten trapu zaharrak baziren berehala joango zen Xabier Lapitz bere motxilarekin Madrilera “la verdad desnuda”ren bila, Urtxegiarekin egin zuen moduan Somoton. Lur sail batzuen esplotazio kazikea eskandalu bat da, ados. Sexu erasotzaile baten indultua, ez?

    Kazetaritza eta politikagintzaren artean dagoen korporatibismoaren beste adibide iguingarri bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude